Bele beltzak: hasierak

Erabiltzailearen aurpegia

Bele Beltzak egoitza Altsasun duen eta karta joko, mahai joko, miniaturak eta historia lantzen dituen elkartea gara. Gazteon artean aisialdi alternatiboa sustatzeko helburuaz jaio zen, jada urte batzuk badirela.

Denok dakigun moduan, jolasa gizakion berezko jarduera da. Pertsonen garapenean berebiziko garrantzia du, nahiz eta gure bizitza osoan modu batean edo bestean ohiko jarduera izaten jarraitzen duen. Gure gizartean, tradizionalki jokoa hainbat esparrutan eman da, kiroletik hasi eta herrietako sozializazioaren katalizatzaile ziren karta jokoetaraino. Gaur egun, jokoaren tipologia aldatu egin da, baita mota guztietako elementuen eskaintza eta eskuragarritasuna ere. Kasu honetan, gure elkarteak "mahai jokoak" terminoak barne hartzen dituen jokoetara bideratu du bere jarduera.
Gure ustez, joko mota hauek aisialdia probesteko aukera osasuntsu eta interesgarria izateaz gain, garapen pertsonalerako ere oso onuragarriak dira. Neurozientzian eta psikologian adituak direnen iritziz, mahai jokoek onura handiak dakarzkigu haur zein helduei. Hona hemen adibide batzuk: gure gaitasun motorrak, mentalak eta sentsorialak garatzen laguntzen dizkigute; kontzentrazioa, memoria, behaketa eta irudimena garatzen dituzte; arazoak nola konpondu, estrategiak nola landu eta erabakiak hartzen erakusten dute; sozializazioa bultzatzen dute eta lotura afektiboak indartzen dituzte; frustrazioarekiko tolerantzia-maila handitzen dute, eta ezinegona kontrolatzen irakasten digute; ahaleginaren eta talde lanaren garrantziaz jabetzen laguntzen gaituzte; autoestimua eta konfiantza hobetzen dute; eta hiztegia, kontzeptu konplexuak eta ideien elkarketa barneratzen laguntzen dute.

Gure ibilbideak mendearen lehen hamarkadaren hasieran eman zituen lehen urratsak. Gaztetxo talde bat ginelarik, miniatura ederrez beteriko kutxatxo bat gure eskuetara heldu zen. Zertxobait ikertu ondoren, hura fantasia mundu batetan giroturiko estrategia joko bat zela jakin genuen. Abentura, izaki eta munstroz beteriko mundo hark txundituta utzi gintuen eta konturatzerako gutariko asko maketa horietako gehiago erosten ari ginen. Baina, gure  harridurarako, miniaturak montatu eta margotu behar genituen. Baita haiekin jolasteko arauak biltzen zituen liburu potolo bat irakurri eta ulertu ere. Denborapasa mamitsua genuen eskutartean. Ez dugu inoiz ahaztuko Zelai kaleko Comercio Bengoetxean, Juan Cruz-ek gure alboan egurra lantzen zuelarik, elkarrekin margotzen eta jokatzen pasatako arratsalde haietan sentitutako ilusioa.

Handik denbora gutxira, gutako batzuren lehengusu zaharren eskutik, Magic izeneko karta jokoan ere hasi ginen. Haiek emandako kartekin eta geneuzkan sos gutxiekin erositakoekin hasi ginen jolasean, jokoaren funtzionamendua ondo ezagutu gabe. Hala ere, Biltoki tabernan gu baino helduagoak ziren jokalariak zirela jakin eta, hasierako lotsa gaindituta,  han agertzeko hautua egin genuen. Haien alboan eseri eta azkar batean jarri gintuzten haiekin jolasean, baita guk azkar ikasi ere!

Azpimarratzekoa da lehen garai hartan Altsasuko Udalaren aldetik jaso genuen babesa. Asteburuetan Gure Etxean jokatzeko aukera eman ziguten, jardunaldiak eta txapelketak antolatzeko baliabideak eskaini edo Tafallako Alex paregabeak ematen zizkigun maketismo eskolak antolatu zituen. Modu horretan, pixkanaka, inguruko jokalari eta taldeekin kontaktuan jartzea lortu genuen, gure zaletasuna indartuz.

Tamalez, handik gutxira, ikasketek eta lanak gure taldearen jarduera eten zuten. Bizitzak beste ildo batzuetatik eraman gintuen. Baina, urte batzuk elkarrekin jokatu gabe pasa eta gero, taldea pixkanako berriz ere biltzen hasi zen, eta bueltan gara, miniatura estrategia jolasetan murgilduta: Euskal Herriko eta Europako historian zehar emandako gertakari historikoak eta gatazkak simulatzen dituzten jolasetan aritzen gara. Horretarako garai bakoitza ikertu, ulertu eta irudikatu behar dugu, maketak eta modeloak erabilita. Elkartea indarberrituta, gure jarduera burutzeko toki aproposa eta erakundeen babesa lortu eta ekintzak antolatzen hasteko gure egoera legala legeztatu genuen, eta Altsasuko Udalak utzitako egoitzari esker, gure jarduera modu egokian burutzeko aukera dugu.