Bolt Action

Erabiltzailearen aurpegia

Bigarren mundu gerran oinarritutako miniatura joko hau Bele Beltzak taldeko partaideen artean arrakastatsuena da. Dibertigarria da oso eta esan genezake momentu honetan Bolt Actionen adituak garela. Arau liburuak salbuespen dexente dauzka, baina jokoaz gozatzeko ez da jakintza handirik behar. 

Bolt Action Erresuma Batuan sortu zen bigarren mundu gerran oinarritutako metalezko miniaturen ekoizpenarekin. Ondoren, Warlord enpresak Bolt Action erosi zuen eta Ospreyrekin batuz, lehen arau liburuxka 2012. urtean kaleratu zuten. Aipatzekoa da hasieratik jarraitzaile asko izan dituela.   
Hainbat etxek dihardute miniaturak ekoizten, eta, beraz, merkatuan aniztasun handia dago. Garai hartako tankeak, autoak, hegazkinak… produktu oso esklusiboak aurki ditzakegu. Harrigarria badirudi ere, tamaina ñimiñoan detaile guztiak adierazita daude; ederki landutako pieza txiki-txikiak dira benetan. Metalezkoak edo plastikozkoak izan daitezke, eta kontu handiarekin norberak muntatu eta margotu behar ditu. 

Ondoren, jokatzeko ingurua edo eszenatokia sortu behar da. Material birziklatuak erabiliz, hiriak, mendiak, basoak, errekak… eskala egoki batean liskarrak jasan zituzten paisaiak erreproduzitzeko; Frantziako bocage-ak, Afrikako basamortuak edota Ozeano Bareko uharteak… besteak beste. Aipatutako eszenatokiak 180x120cm-ko neurria izan behar du. 

Jokalari bakoitzak armada bat aukeratzen du eta helburu bat jartzen zaio partidari. Helburu horiek posizio bat defendatzea, eszenatokia zeharkatzea, aurkariaren kapitaina akabatzea… izan daitezke. Orduan, jokalariak armadak mahaian jarrita elkar borrokatzen dira, eta helburua lehenbailehen lortzen duenak irabazten du partida. Miniaturak mugitzeko metroa erabiltzen da eta liskarretako garailea erabakitzeko dadoak erabiltzen dira. Jokagarritasunari begira, bi arau berezi aipatu behar dira: batetik, soldaduek beldurra sentitzen dute eta horren ondorioz, aginduak emateko zailtasunak agertzen dira. Eta, bestetik, jolasteko txandak partekatuak eta ausazkoak dira; horrek berezia egiten du jokoa oso dinamikoa eta azkarra eginez. 
 
Bolt Actioneko txapelketa asko antolatu dira azken urteotan, 2020 urtea alde batera utzita, eta gero eta jokalari berri gehiago ezagutu ditugu komunitatea handituz. Aipatzekoa ere bada Altsasukoak garaile atera garela txapelketa txiki askotan. Txapelketa handiagotan ere ibili izan gara: Madrilen (penintsula mailan) edota Nottingham-en (Europa mailan) lehengo postuak lortuz.  

Amaitzeko, jolas hau probatzeko gonbita luzatu nahi dizuegu, benetan interesgarria iruditzen zaigu eta. Norbaiten interesa pizten badu, ezer erosi baino lehen gurekin harremanetan jarri dadila. Elkartean sakandar aurpegi berriak ikusteko irrikaz baikaude.