1999an Ensemble Estudiosen eskutik kaleratu zen bideo jokoa da, eta ziurrenik zuetariko askok noizbait ikusi edota jolastu duzue. Erdi Aroan girotuta dago eta bertan, guda bizi eta bortitzak sortzen dira norberaren ekonomia zaintzen den bitartean. Zaharra izanda ere, hainbat jolas modu eskaintzen dituen jokoa da. Bakarka jolas daiteke herrialde ezberdinen kanpaina historikoak egiten, pertsonaia historikoak edota herrialde bakoitzaren historia ezagutzen, edo bestela, beste lagun batzuekin batera online aritzeko aukera dago.
Helburua, aurkariak baino lehenago inperio bat eraikitzea da eta noski, aurkariari berea sortzen galaraztea. Mapa batean kokatuta bertan dauden etsaiak edota baliabideak (janaria, egurra, urrea edo harria) aurkitu behar dira. Horretarako, baserritarrak behar dira baliabide guzti horiek jasotzeko eta eraikin berriak sortzeko. Eraikin horietatik, gerlariak agertzen dira aurkariak erasotzeko edota teknologiak ikasteko. Denbora aurrera doan bitartean, jokalariek aro berriak ezagutzen dituzte, gerlari indartsuagoak sortzeko edota teknologia aurreratuagoak ikasteko, modu horretan inperioa handituz.
Hori guztia egiteko, jokalariak berak aginteak eman behar ditu (eta ez dira gutxi). Beraz, teklatua eta saguarekin trebea izatea eskatzen du jokoak. Txandakako jokoetan ez bezala, denbora baliabide garrantzitsuena dela esan daiteke.
Bitxia bada ere, duela 18 bat urte Bele Beltzakeko kideok bideo joko hau ezagutzen dugu, baina gutxira arte ez dugu elkarrekin
horrenbeste jokatu.
2017an sekulako berrikuntzak egin zituzten eta horren ondorioz, mundu mailan jokalari berri asko dago. Gainera, aipatzekoa da, 22 urteren bueltan, birus madarikatu honek eragindako egoeragatik Age of Empires 2: Definitive Edition jokoak izugarrizko arrakasta lortu duela.
Beraz, hau irakurri eta gero, ez zaitez ordenagailuan bakarrik jolasten aritu, Bele Beltzak taldeko kideak irrikaz gaude zurekin jolasean aritzeko.