2016/10/16 18:30

OROSZ SOLTAN KORNEL HORVAZ

OROSZ SOLTAN KORNEL HORVAZ
Iortia (EZ) kultur gunea, Altsasu

Badu zenbait hamarkada bi artista hauek adiskide direla. Beren ibilbidean zehar anitz aldiz elkarrekin ari izan dira, hainbat musika talde handitan. Bikotean aritzea elkarrekin aritzeko molde intimoenetarik da eta, manera horretan, zailenetarik. Gainera, tresnen osaketa ere liluragarria da: perkusio tresna desberdinak akordeoiaren aberastasun harrigarriarekin elkartzen dira, hori guzia giro lasaian eta artista horien ezaugarri den mentalitate berritzailearekin eta jokatzeko molde suharrarekin. Kontzertuko programa biziki desberdinak eta askotan elkarren artean urrun diren musika estiloz osatua da. Artisten interpretazioak estilo horiek elkartzen ditu eta elkarreragina sortzen du, musika unibertso biziki koloretsua, heterogeneoa eta bizia emanez. Beren musikak estilo berezia sortzen du, non jazza, munduko musikak, tango argentinarra eta Balkanetako musika manera berezian emanak baitira. Bi artistek estiloen arteko mugak gainditzen dituzte: musika estiloak eta ñabardurak nahasten dituzte, sentikortasun eta gustu paregabeak agertuz. Gure begien aitzinean, musika unibertso berezia sortzen da, berez doan izaera, inprobisazio askatasuna, baloreen eskala partekatua eta jokatzeko molde liluragarria erakutsiz. Kontzertuak esperientzia aberatsak, kolore ederrak, musika sakona eta umorea eskaintzen ditu, erran nahi baita ezin ahantzizko esperientzia baten osagaiak, bai publikoarentzat, bai artistentzat. Zoltán Orosz musikari garaikideen artean dohatuenetarik da, zinez gaitasun anitzekoa. Akordeoilaria da, eMeRTon saria eta Artisjus saria eskuratu dituena. Herrialde anitzetan eman ditu kontzertuak, mundu osoan: Singapur, Siberia, Kanada, India, Eskandinavia, Ameriketako Estatu Batuak... Arrakasta badu, kontzertu eta kirol gela handienetan, bai eta kanpoko festibaletan. Zoltán Oroszen interes eta gustu musikala biziki konplexua da, musika estilo anitzetan aise ari da, bai musika klasikoa jotzen, bai jazza, eta berdin musika folklorikoa ere. Gisa horretan, haren kontzertuetan, publikoak musika estilo arrunt desberdinak ezagutzeko aukera badu. Kornél Horváth perkusio jole paregabea da. Stendhal (1987-1993) hirukoteko kide bezala munduan zehar ezagutua izan da, László Dés et Ferenc Snétberger musikarekin batera. Arrakasta handia lortu zuen 1998an Leipzigeko nazioarteko jazz festibalean, Zoltán Lantos Mirrorworld laukotearekin. Geroztik munduan gaindi dabil formazio ezberdinekin. 2000.garren urteaz geroztik, musika kontzertu eta mindegiak ematen ditu goi mailako musika eskoletan, hala nola Hungarian, bainan ere Europako beste erresuma batzuetan, eta Ameriketan. Bereziki jazz munduko musikari famatuekin kontzertuak eman ditu. Haien artean, Tommy Campbell, Gabor Dornyei, Tony Lakatos, Randy Brecker, Enver Izmailov, Al Di Meola edo Alegre Correa. Hainbat festibaletan gomitatua izan da, Ameriketan, Europako 20 erresumetan, Mexikan, Indian eta Hego Afrikan. Besteak beste, bere musika ibilbidean egin duen lanarentzat, Hungariako kultura sari ospetsuena eskuratu du, Kossuth Saria.