Orain arte esan izan dugu konputagailuek dena bitarrez adierazten dutela, baina bitarrez zenbakiak nola adierazten diren baino ez dugu ikusi. Gaur bestelako karaktereak aztertuko ditugu elkarrekin jolasteko aukera emango digun jarduera batekin. Mezu sekretuak trukatzeko prest?
Mezu sekretuak trukatu ahal izateko kode sekretua behar dugu lehenik. Gaur erabiliko duguna ASCII kodea deitzen da eta irudian ikus ditzakezue taulako lehen 128 karaktereak. Beste 128k osatzen dute taula osoa.
Karaktere bakoitza zenbaki batekin ordezkatu da.
Taulako zutabe bakoitza 3 zutabetan banatuta dago. Eskuinekoan irudikatu nahi den karakterea dago, ezkerrekoan zenbakia agertzen da hamartarrez eta erdiko zutabean zenbaki hori bera, baina hamaseitarrez. Hamaseitarra bitarra irudikatzeko beste modu bat besterik ez da. Zenbakia bitarrez irudikatu ostean 4 biteko multzotan banatzen da. 4 bitekin 16 zenbaki adieraz daitezke, 0tik 15erako zenbakiak. Beraz A, B, C, D, E eta F letrak erabiltzen dira 10, 11, 12, 13, 14 eta 15 zenbakiak adierazteko.
Ba jada bakarrik geratzen geratzen zaigu ordezkapenak egitea eta mezua bitarrez idaztea edo kontrako lana egitea. Ea asmatzen duzuen bada, ondorengo mezuan jartzen duena:
01000101 01110100 01111000 01100101 01100001 01101110 00100000 01100101 01110010 01100101 00100000 01100010 01110101 01110010 01110101 01100001 00100000 01100101 01110010 01100001 01100010 01101001 01101100 01101001 00100001 00001010 01000001 01101110 01101001 01101101 01101111 00100001
Emaitza ostiralean https://guaixe.eus/komunitatea/EdurneLarraza helbidean.
ERANTZUNA (2020/05/01an gehituta):
Aurreko ekarpenetan ikusi dugu nola adierazten diren zenbakiak bitarrez. Kasu honetan, taularen atal bakoitza hiru zutabetan banatuta dago, ASCII HEX Símbolo. "Símbolo"k adierazten digu kodetu nahi dugun ikurra, ASCIIk ikur horren kodea hamartarrez eta kode hori bera baina hamaisetarrez (HEX hexadecimal-etik dator). Hamartarrez 0tik 9rako digituak erabiltzen badira, eta bitarrez 0 eta 1 bakarrik, hamaseitarrez digitu bakarrekin 0 eta 15 bitarteko zenbakiak adierazi bahar dira, horregatik 10, 11, 12, 13, 14 eta 15, A, B, C, D, E eta F letren bidez adierazten dira. Asko erabiltzen da kode bitarra adierazteko, 4 biten multzoek hain zuzen ere 0tik 15erako zenbakiak adierazten baitituzte.
Har dezagun bada kodearen lehenengo 8 bitak: 01000101 lehenengo zutabearen pisua (eskubitik ezkerrera) 1 da, eta hurrengo zutabeena, ondoz ondoren, 2, 4, 8, 16, 32, 64 eta 128. Kasu honetan batekoa daukagu 1., 3. eta 7. posizioan, beraz, 1 + 4 + 64 = 69. Hamaseitarrez jarri nahi badugu ordea, 4 biteko bi multzotan jarriko dugu kodea, 0100 alde batetik eta 0101 bestetik, hau da, 4 alde batetik eta 5 bestetik (45). Konturatzen bagara, ASCII kodea eta hamaseitarra 69 batetik eta 45 bestetik, lerro berean daude eta adierazten dute kodea E da.
Gauza bera egin beharko genuke kode bakoitzarekin eta horrela mezu osoa deskodetu, honela:
Etxean ere burua erabili!
Animo!