Bazterretik

Sortzea

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Alegre Gil 2024ko ots. 26a, 09:17

Igaro dira zenbait hilabete erabaki zenuenetik musika sortzen hasiko zinela eta zure lanbidea izango ez zen arren, nahiko serio hartu zenuen. Gogotsu hasi zenuen proiektua eta lehenengo abestiak konposatzeari ekin zenion inolako helbururik gabe, gauza berriak probatzea baino ez zenuen nahi.

Lau abesti egin eta grabatu ondoren, EP bat kaleratu (zure lehenengo albuma, ze ilusioa!) eta zure sare sozialetan partekatu zenuen, jendeak zure musika ikus zezan: kulturari jarri zenion lehen aletxoa. Hala ere, hainbeste lan egin ondotik entzule ugari izango zenituela eta kaleratutakoak berehalako arrakasta izango zuela espero zenuen arren, ez da horrela izan: "baina zergatik?".
Ezin zenuen egoera horrela utzi eta buelta emateko, egungo industriaren estandar guztiak betetzeko hautua egin zenuen: proiektuaren sare sozialak sortu, abestiak single moduan kaleratu, Instagram eta TikTok edukiz bete… horrek guztiak algoritmoa zure alde jarriko zuela erabat konbentzituta.

Egunak, asteak eta hilabeteak joan dira eta gero eta zailagoa egiten zaizu azaltzea zergatik ez duzun arrakastarik lortzen zure musikarekin, hilabetero abesti berri bat kaleratu arren, sareetara publikazioren bat ia egunero igo arren. Spotify-ko entzuleen kopuruak ez du gora egiten.
Eta buruan zurrunbilo bat sortu zaizu arrakasta ezaren arrazoiaren inguruko galderekin: agian ez zara behar bezain ona, beharbada jendeari ez zaio sortzen duzuna inporta, akaso proiektua hobe kudeatuko bazenu lortuko zenuke egoera hobetzea… 

Nahiz eta gozatzeko hasi zinen musika sortzen, jadanik musika ez zaizu inporta eta kantuak egitearen helburua zenbakiak puztea bilakatu da. Ez duzu onartu nahi, baina erabat aldatu da hasieran sorkuntzari buruz zenuen ikuspegia, musika sortzen ari zarela uste duzun bitartean pixkanaka zu ari baitzara desegiten.