Maiz ikusten ditut kultura ekitaldiak (kontzertuak, batez ere) iragartzen dituzten kartelak kalean (eta baita mugikorrean ere), baina horiek ikusi eta berehala nire buruari galdetzen diot ea Ctrl+C Ctrl+V bidez egindakoak al diren, izen berberak ikusten baitira uneoro eta hainbat kasu errepikatzen direla uste dut orokorrean.
Batetik, tokian tokiko totemak daude, hau da, aspaldi haien esparruan izen bat egin zuten artistak eta urte luzetan aspaldiko errenta horretatik bizi direnak. Boladek ez diete eragiten, beti izango baitute jarraitzaile tropa bat emanaldietan, eta hori gutxi balitz, hedabideek haien aldeko propaganda egingo dute, nagusitasuna betikotzeko.
Bestetik, modan dauden artistak daude. Normalean urtero aldatzen dira hiruzpalau artista horien izenak eta algoritmoak (edo bestelako sistema batek) erabakitzen du zein izango diren. Izen batek funtzionatzen duela ikusi ondoren, jendea aspertzen den arte agertuko da kontzertu, ekitaldi edo bestelakoetan, kartel guztiak harentzat hartuta.
Esandakoak haserretik egindako kritika baten itxura izan dezakeen arren, azkenaldian sarritan errepikatzen den joera bat dela esango nuke, eta neurri handi batean, gaur egungo gizartearen dinamikak sortu du joera hori.
Egia da artista berri asko daudela gaur egun eta aukera bat merezi duela horietako artista bakoitzak, baina sortzen den edukiaren erritmoa gehiegizkoa da, eta kulturaren fast food sistema horrek saturaziora darama kontsumitzailea, eguneraketa konstantea ezinezkoa bihurtu den arte.
Eta hainbeste informazioren artean gustatuko zaigun zeozer deskubritzea zaila bihurtu bada ere, batzuetan merezi du joerari buelta ematea, kulturari dagokion denbora eta lasaitasuna eskainiz, badago zer aurkitua eta.