Agian niri bakarrik ari zait gertatzen, baina nekatuta nago bi hitz horietaz. Ederra da (edo zen) kontzertu bateko sarrera guztiak agortzea, horrek esan nahi baitu artistaren ibilbidea ongi doala edo behintzat, aretoa betetzeko gai dela. Hala ere, sarrerak agortzearena tranpa bilakatu da gaur egun, eta jada ez da salbuespen bezala gertatzen den zerbait.
Zenbatetan aurkeztu zaigu kontzertu bat ikuskizun errepikaezin eta esperientzia bakartzat, ondoren ikusteko sarrerak agortu bezain pronto bigarren edo hirugarren data iragartzen dutela? Zenbatetan ziurtatu digute "orain bai, hau da emango dugun azken kontzertua" eta sarrera guztiak saltzean urtebete (edo gehiago) iraungo duen bira bat prestatuta zutela esan?
Eta iragarpen bakoitzaren ondoren beti errepikatzen da patroi berbera: web orri saturatuak, sarrera lortzeko pantailaren atzean ordu luzez itxaroten dagoen jendea eta askotan, saiakera osteko dezepzioa. Baina kontuz, horrek zorte txarra edo kalkulu arazo bat dela dirudien arren, sarritan prestaturikoa da, etorkizuneko beste "kontzertu historiko" bateko espektatibak altu mantentzeko.
Formula horrek ezin hobeto funtzionatzen duela sobera frogatua dago, etengabe agertzen baitira kontzertu mota horien iragarpenak; eta behin hori ikusita, arma bezala erabiltzen dute ekitaldi produkzio enpresek sold out-a. Egon dira zenbait ekitaldi, zeinetan sarreren salmenta ongi ez zihoan arren sold out-a iragarri zuten, aste batzuen buruan (magia bidez edo) sarrera gehiago saldu ditzaketela esateko, hasierako sold out horrek jendearen gosea areagotuko duelakoan.
Ez dakit, poztekoa da ikustea gure inguruan badaudela eremu handiak betetzeko gaitasuna duten artistak, baina kezkagarria iruditzen zait hori lortzeko bidea jendearen espektatibak eta sentimenduak produktu soil bihurtzea izatea.