Bazterretik

Globala tokikoaren gainetik

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Alegre Gil 2024ko ira. 16a, 09:23

Demagun herri bat, zeina izugarri harro dagoen bere nortasunaz eta tokiko kulturaz. Are gehiago, herri horretako ordezkariak bertako festak iragartzeko "sustraiak indartzera" eta "tokikoa globalaren gainetik jartzera" deitzen du egitarauaren goiburuan, "festak horretarako tresnatzat" erabiliz. Aurrerago, tokikoa globalaren gainetik dagoen pare bat adibide aipatzen ditu haren tesia defendatzeko: kuadrillan abestea eta plazan dantzatzea.
Hala ere, denok dakigu hitzak edukiontzi hutsak direla zentzuz betetzen ez badira eta beharbada, herri imajinario horretako ordezkari horrek ahaztu du 10 minutuko zortziko batekin (bakarrik) ez dela tokiko kultura globalaren gainetik jartzen. Eta beharbada herri horretako ordezkariarentzat "orainari eta etorkizun globalizatuari aurre egin ahal izateko" bertako hizkuntza ezabatzea beharrezkoa izango da; edo gutxienez, hori islatzen du "tresna" bezala aurkezturiko egitarauak.

Herri horretako aurtengo festetan euskararen presentzia ia marjinala izango da egitarau ofizialean, udalak antolaturiko kultur eskaintza gaztelania hutsean delarik. Antolatu diren kontzertu eta emanaldietan ezinezkoa izango da euskaraz den ezer aurkitzea eta beraz, bazterrean uzten du biztanleriaren zati bat. Hori al da "kolektiboari bere lekua ematea"?
Harrigarria da pentsatzea herri horretako gobernu taldeko inork ez duela zalantzan jarri "sustraiak indartzeko" festa horien egitaraua; eta behin egitaraua eginda ere, hura aurkezteko egindako hitzaurreak erakusten du zenbateko errespetua dioten herri horretako ordezkariek "tokikoari". Gezur bat mila aldiz errepikatuta ere, ez da egia bihurtzen. 

Argi dago ordezkari horientzat folklorea dela tokiko kulturak izan behar duen lekua eta horrela jarraituz gero, behin betiko lortuko dute globala tokikoaren gainetik jartzea.