Elhuyarren hiztegian "iskin egitea" bilatzean hainbat definizio aurki daitezke bertan. Iskin egitea izan daiteke ihes egitea, izan daiteke zerbait saihestea edo izan daiteke keinu egitea. Azken honi egin nahi diot erreferentzia orain, keinu egitea baita bigantxengandik urruntzeko egiten den mugimenduetako bat, norberaren burua babestu asmoz.
Sakanan tradizioak indar handia izan du eta badu, baina gizartea aurrera doa eta zenbait gauza edo jarduera aldatzen dira, logikoa den bezala. Hala ere (nola diren gauzak), mutil talde batek egokia ikusi du jada atzean utzi den bigantxen askatzea berriro jai egitarauan ezartzea, nahiz eta hauetako asko oraindik ez ziren jaio Altsasun azken sokamuturra ospatu zenean. Bigantxak askatu nahi dituzte horretarako espresuki itxitako eremu batean, haiei iskin egiteko.
Elhuyarrekin jarraituko dut, "iskin egiteak" baditu eta beste definizio batzuk. Hurrengoa, zehazki, "ez entzunarena egitea" dela agertzen da eta uste dut abiapuntu ona izan daitekeela jarraitzeko. Proposamenaren aurkezpena egin duten guztiak dira gizonak eta duela gutxi Iortian emandako hitzaldira joandako ia guztiak ere bai; agian horrek zerbait adieraz dezake. Gainera, proposamena aurkezterakoan erabilitako Altsasuko sokamuturraren argazki zaharrean patroi bera errepikatzen dela ikusten da: denak gizonak. Froga gehiegi ez entzunarena egiteko.
Ez dira gutxi seinaleak eta guztiak elkartzen badira, nahiko argi heldu gaitezke ondorio batera: proposaturiko ekitaldia erabat maskulinizatuta dago eta herriko jaietan espazio publikoa (eta diru publikoa) horrelako ekintza baztertzailea egiteko bereziki ixtea ez dakit oso bat datorren aldarrikatzen den jai eredu herrikoi eta parte hartzailearekin.