Aurreko astean irakurri nuen Berrian zenbait musika adituk 2024 urteari buruz eginiko laburpena eta beste hainbat gauzaren artean, honako esaldia zegoen nabarmendua: "autotunea egiten ari den kaltea nabarmena da". Esaldiak esaldi, adierazgarria iruditzen zait baieztapen horren atzean gordetzen den guztia.
Hasteko, bitxia egiten zait "autotune" hitza erabiltzea kaltearen eragiletzat, modu honetan autotunea erabiltzen duen abesti oro barnebilduz, jakinda autotunea ez dela genero bat, ahotsak zuzentzeko erreminta bat baizik.
Lehen geruza honen azpian, beste baieztapen hau aurki daiteke: autotunearen aroan ekoizten diren produktuek kalte egiten diote musikari. Bigarren kasu honetarako ere, okerra da autotune hitza, musikaren norabide aldaketa musika industriak ekarri baitu, gero eta gehiago eta azkarrago kontsumitzearen beharrarekin batera. Esaterako, rock talde klasikoek haien abesti zaharrak birgrabatzeko eta disko arrakastatsuenen zuzeneko girak egiteko joera hartu dute azkenaldian: akaso ez da kaltegarriagoa musikarentzat zenbaiten erosotasuna, gehiago saltzeko helburuarekin?
Hala ere, badakit esaldia ez dela pertsona bakar baten ikuspuntua, baizik eta belaunaldi nagusien artean oso hedatua dagoen pentsaera. Belaunaldi gazteenek entzuten duten musikara hurbiltzeko ahalegina nekezegia suertatzean, "autotunea" erabili ohi da aterki gisa, ustez hain urrun geratzen zaien musika hori etiketatu eta moralki musika hori entzuten dutenak baino koxka bat gorago sentitzeko.
Edonola ere, ni musikaz aritu naiz (horrela egin ohi dudalako), baina uste dut sarri erabiltzen dugula horrelako modus operandia zerbaiti zilegitasuna kentzeko. Autotunea ez bada, beste terminoren bat erabil dezakegu aitzakiatzat eta ondoren datorrena entzuteari utzi, inoizko abestirik ederrena izanik ere.