Luzea da mainstream-aren itzala eta sarritan gizarte oso bat baldintza dezake. Historia garaikidean zehar errepikatu izan den zerbait den arren, oso gertukoa dugu gurean egon den azken gertaera: Mitoaroa, nahiz eta Pellok aipatu zuen bezala, Itzulera abestia izan zen gerora etorriko zenaren aurrekaria. Baina gaurkoa ez da Mitoaroari buruzkoa, horrek dakarrenari buruzkoa baizik.
Hainbat ertz aurki daitezke fenomenoan. Lehena (musikarekin hasiko naiz), sortzen den obra orori narratiba epiko-mistiko bat ematea da, kontsumitzailearengan behar bat sortu eta produktu bat kontsumitzera bultzatzeko, izan abesti, kontzertu edo ikuskizun bat. Aukera galtzearen beldurra hedatzen da horrela balizko kontsumitzaileen artean, aldi berean higadura psikologikoa sortuz haiengan. Bestalde, tradizioa mainstream-era eramatearen ondorioz, konbinazioak ongi funtzionatzen duela ikusi da. Azkar iritsi dira formula horren imitazioak: gero eta ugariagoak dira ZETAK taldearen kalkoak euskal musika taldeen artean. Haien produktua publiko orokorrari eskaintzeko, tradizioz janzten dute euren proposamen musikala, dela estilo aldaketa batekin edo boladari jarraitzeko propio egindako sormenekin. Bidea irekita dagoenez, errazagoa izango da izaera aldaketa saltzea eta mainstream berrian txoko bat ziurtatzea.
Amaitzeko, musikatik harago badago beste ondoriorik, atzeragotik zetozenak, baina nabarmenago bistaratu direnak honen guztiaren harira. Eztabaidaezina da tradizioak eta folkloreak Euskal Herrian duen pisua eta beste dimentsio bat eman diezaioke edozein gauzari, Mitoaroa delarik horren erakusle. Hala ere, uste dut gehiegitan erabiltzen dela kultura tradizionala atrezzo bezala eta barrutik hutsik dagoen bilgarria izatera mugatzea dela haren funtzioa azken urteetan, horrek ekar dezakeen guztiarekin.