Aitortzen dut ez nekiela zeri buruz idatzi aste honetako kolaborazioan. Edo ez nuela behar adina gogo zerbaiti buruz idazteko. Edo beharbada ez dudala hartu beharreko tartea izan ideiak neurtu eta nola esan asmatzeko. Eta zeozer egitekotan ongi egin behar da, ez?
Sarritan gertatzen da (edo niri behintzat gertatzen zait) etorkizun urrunean etorriko den zerbait egiteko konpromisoa hartzen dela, onartzeko momentuan motibazio gabe onartu bada ere, eguna gerturatzen doan heinean aldartea aldatuko denaren esperantzan. Azken finean, egitea onartu badut, egin nahi nuelako izan da, ezta?
Eta harturiko erabaki horren ondorioz ikusten dugu gure burua nahi ez genuen lekuetan, nahi ez genuen zerbait egiten edo nahi ez genuen pertsonez inguratuta, ezezko bat erantzun gisa emateak sortzen duen beldurra, ezinegona eta bertigoa saihestu nahian edo.
Agian nire irudipena da, baina uste dut kontsumo azkarraren kulturak baduela honekin zerikusirik, erabaki bakoitza aukera errepikaezin eta berezi gisa ikusten baita gaur egun, sare sozialen iragankortasunak kutsatuta bageunde bezala. Horrela, orainean ziurgabetasunez hartzen ditugu erabakiak etorkizunerako, epe luzerako inbertsioak balira bezala: ziur gaurko indiferentzia zoriontasuna bihurtuko dela sei hilabete barru.
Etengabe errepikatzen den patroia bilakatu da gizartean, norberaren lehentasunak zeintzuk diren identifikatu eta horren arabera jokatu ordez, inertziak jarraitzea, nora eramango gaituzten jakin gabe. Gure buruaren alde ari garela uste dugu halakoetan, kaltetu bakarra gu izango garela erreparatzea ahaztu balitzaigu bezala.
P.D: oraindik ez dut ikasi lehentasunak identifikatzen, ea hurrengo batean.