Kolaborazioa

Baskonia, basokoena?

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Erdozia Mauleon 2021ko ira. 6a, 12:51

Baskoniako Dukerria (baita Waskonia eta geroago Gaskoiniako dukerria ere) VII. mendean frankoen marka bezala sortu zuten Euskal Herriko historia liburuen arabera eta Akitaniako mugetan baskoiak (Vascones) kontrolpean izateko sortu omen zuten aipatu frankoek. Antzinako Novempopulania izeneko probintzia erromatarra eta Iruña inguruko eskualdea ere barnean hartu zituela dirudi. Garona ibaia iparraldetik, Iruñaldea hegoaldetik, egungo Cantabria mendebaldetik eta Huescako ekialdea eguzkialdetik, gutxi gorabehera izanen ziren bere mugak, hau da, Bisigodoen Erresuma hegoaldean eta Akitaniako Dukerria iparraldean.

Estrabon geografo greziarrak "la nacion de los vascones" aipatu zuen Geographia obran eta garbi dago horixe izan daitekeela definizioetako bat Baskonia izenarendako. 

R.A.E.-n, zalantzarik gabe: "vascón, na: (Del latín Vascŏnes) adj. Natural de la Vasconia, región de la España Tarraconense. 2. Perteneciente o relativo a esta región."

Bestalde, Euskaltzaindiaren Onomastikako Batzordearen txostenean esaten da Euskal Herria dela Vasconia izenaren euskarazko kidea. Eta Euskaltzaindiaren Hiztegian, baskoi, eusko eta euskotar ageri zaizkigu azalduta. 

Izen eta izenondo hauen kontsonanteei erreparatuz gero, berehala ikusten da funtsean berberak erabiltzen dituztela, bai gaztelaniak, bai euskarak: basko/vasco/eusko (b/v/u, s eta c/k). Jatorri bakarraren seinale, seguruenik. Primitivos Pobladores de España y Lengua Vasca (Humboldt, 1959, 68) liburuan dakarren ildotik jarraituz, hona horien jatorria eta bilakabidea:

  • basoko + -(e)nea (basokoen etxea, lurra, eremua)
  • basoko > basko (sinkopa)
  • basko + -nea → *baskonea → baskonia (disimilazioa)

Mitxelena hizkuntzalariak (A.V., 1989, 83-84) honela azaldu zuen lehen urratseko bigarren osagaia: "'-enea', '-renea' var. Del anterior ('-ena' atzizkiaz ari da). La forma '-(r)enea' parece haber sido rehecha a partir del locativo sobre todo, y de los otros casos locales: De 'Errandon-ean', '-etik' etc., <en, de la [casa] de Fernando>, se ha sacado un nominativo determinado 'Errandonea', en vez de '*Errandon-a': 'Apaizenea', 'Bortchenea', 'Garchotenea', 'Sansinenea' (cf. 'Sansinena'); 'Hachiarena' (…)".

Ondoren sinkopa, eta bilakabideko azken urratsa, disimilazioarena, ohikoa dugu Euskal Herriko hainbat hizkeretan, hala nola Sakanako Arbizukoan, Unanukoan, Dorraokoan eta Arruazukoan, esate baterako: luze + -a > luzjà, ume + -a > umjà, urre + -a > urrjà, logane + -a > loganjà (logalea)…

Lehen bilakabide honen emaitzatik abiaturik, ez da zaila batere kontsonantekide diren gainerakoak ondorioztatzea:

  • basko > vasko (grafia aldaketa)
  • vasko > uasko (grafia aldaketa, atzera berriz)
  • uasko > ausko (metatesia) 
  • ausko > eusko (diptongo itxiera)

Ohikoak dira dokumentu zaharretan b/v txandaketak eta baita horiek biak /u/ bokal itxiarekin burutzen dituztenak ere. Adibide moduan, Mitxelenak (1989, 13) aipatzen duena: "(…) Es inútil hacer suposiciones ingeniosas para explicar. P. ej., Goizueta cuando un documento de la segunda mitad del siglo XII nos da la forma Goizuuieta; (…)".

Pertsona izenetan ere, Johan d’Arruiçu eta Peru Garcia de Çauala, 1350 urteko etxarriarrak ditugu. Egun, bistan da, Arbizu eta Zabala idatziko genituzkeen (b > v > u bilakabidea seguruenik).

Bilakabideko hirugarren urratseko metatesia konfirmatzera datorke, bestalde, Philipe Lartiguek (2017, 4) Provincia Novempopulana-ko (K. o. V. mendea) hamabi hiriko zerrendan, seigarrena, "Elimberri, Augusta Auscorum, Auch (Auscii)", dela dionean. Bestela ere, hortxe ditugu egun oraindik bizirik zenbait hizkeretan, Etxarri Aranazkoan esate baterako, auri (euri), auli (euli), autzi (<e>utzi) eta auskias (euskaraz) ere bai. Azken honekin, gainera, laugarren urratsa ere argiturik geratuko litzateke.

Eta bilakide honetako bigarren urratsak ere, beste emaitza izan zuela pentsa daiteke puntu honen hasieran aipatzen nituen Waskonia eta Gaskoinia koronimoen kasuan:

  • vasko > wasko (grafia aldaketa)
  • wasko > gasko (grafia aldaketa)

Caro Barojak (1985, 136-137) ere, harremanetan jartzen ditu "ausci" izena eta "eusk-" osagaia, aipatu ondoren zein autorek erabiltzen duen "ausci" izena: Ausci (Cesar, De Bello Gallico), Auskion (Estrabon), "Aquitanorum clarissimi sunt Ausci" eta "in Auscis Eliumberrum" (Mela), Ausci (Plinio), auskioi (Ptolomeo), "Novem populos Ausci comendant" (Ammiano Marcelino).

Honelaxe dakar Caro Barojak lehentxeago aipatu dudan izen identifikazioa:

"Con frecuencia se ha relacionado el nombre 'ausci' con 'eusk-' para identificar a los que lo llevaban con los euscaros o 'euskaldunak'. Otras relaciones, más o menos lejanas, se establecen por vía parecida. Nunca del todo satisfactorias. El plural 'ausci', parece que debe corresponder a un singular 'auscus'."

Moret apezak (1766, I, 3-6- or.) ondorengoa zioen "vasco" izenari buruz: "Los navarros en lo antiguo se llamaron con el nombre de Vascones, que en su Idioma natural vale tanto como Montañeses, por ser Región frecuentemente montuosa. Y de la palabra Vaso, que significa monte, y el co del nombre pospuesto a su usanza, se dedujo Vasoco, que suena del Monte, y por contracción Vasco". 

Basokoak, beraz, euskaldunok, etimologia honen arabera. Egun basoak nonahi ditugu Euskal Herrian, baina ez da zalantzarik askoz ere hedadura zabalagoa izan zutela duela hamar, bost edo hiru mila urte basoek gurean. Baita erromatarrak bertaratu zirenean ere eta izen hauxe sorturik izanen zuten inolako dudarik gabe. 

Basoko, mendialdeko edo "montañés", bestela esanda, egungo "eusko/vasco". Aurreko artikuluan nioen moduan, Nafarroako Erresumaren historiako zenbait errege ere, Nafarroakoak soilik izan baino lehen, "Nabarrako eta Mendialdeko Errege" (Rey de Navarra y de las Montañas) izan ziren eta napar/nabar/nafar-en zein bas(o)koen errege zirela adierazten du titulu horrek.