Elena Barrena Osoro historialariak (La formación histórica de Guipúzcoa, 1989) era sakonean aztertu du Gipuzkoa koronimoaren jatorria eta bere bilakaera mendeetan zehar.
Historialari honek esaten digu 1025eko dokumentu batean Gipuzkoa ez, baina bai Ipuscua koronimoa edo toponimo nagusia agertzen dela, Garcia Acenarizek, 'senior de Ipuscua’, eta bere emaztea zen 'Doña Galgak’, San Juan de la Peña monasterioari egindako testamenduaren konfirmazioan, azken hauxe aipatu Ipuscua-ko jaunak eta Nafarroako Antso III.a Nagusiak izenpeturik.
Euskal Herriaren erdigunean dagoen lurraldearen izenak, orduan, dokumentazioari erreparatuz gero bederen, ez zuen hasieran kontsonanterik. Eta ez da urte horretakoa kasu isolatua, inondik ere.
XI. mendeko aipamenak bakarrik jasota, Doña Galga de Ipuçcha (1048) eta monasterio de San Salvador de Ippuzka (1049). "Iratxeko Bilduma Diplomatikoan" (Lacarra, 1965) ere "…rege Sancio regnante in Pampilona, Alava, Ypuzcoa et…" (1060) eta "…dominans Alava eta Bizcaya et ipuzcoa,…" (1088) ageri zaizkigu. "Leireko Erdi Aroko Dokumentazioan" (Martin Duque, 1983) "…senior Orbita Acenariz in Ipuzcoa" (1066), "…senior Fortun Acenariz de Ipuzcoa" (1066). San Millango kartularioan (Serrano, 1930) "…Enneco Lopuiz, dominante Bizcahia eta Ipuzcua eta Alaba…" (1082) eta "…comite Lope Ennecones in Bizkaia et Alaba et Ipuzcua…" (1083). "Sancio Ramirez-en dokumentuetan" (Ibarra y Rodriguez, 1913) "…et mito illa pachina de Ipuzcha ad…" (1084).
Eta XII. mendetik aurrera: Sanctum Sebastianum de Pusico (1105), Sancho de Ypuçcoa (1125), Ipuçquoa (1134-1150), Ypuçquoa (1134-1150), Ipuzcua (1135), Ipuzcoa (1135), Puzcua (1135), Ipuzca (1136), Puzchoa (1139), Ipuzcua (1140-1143), Garcia de Ypuçca (1141), Ypuzca (1143), Ipuzca (1143), Ypuzcoa (1143), Puçca (1146) eta Ipuza (1150) ere bai, batzuk aipatzeagatik.
Soilik 1140ko dokumentu batean ageri da XII. mendean koronimoa, hasieran kontsonante herskari ahostuna daramala, Aita Moretek ("Anales del Reino de Navarra", 1969) jasoa: "…y tenía en Honor y Gobierno Don Vela a Guipúzcoa". Ez ote zuen Aita Moretek berak moldatuko koronimoaren izena bere garaiko grafiara egokituz?
Hala ere, hiru mende beranduago ia, Martin Yputça ageri da oraindik 1427ko Mendialdeko suen liburuan, Etxarri Aranatz herriko biztanleen zerrendan.
Felix Segura Urrak (2019, 782 or) hiru aldiz gutxienik jaso du hasierako kontsonante herskari ahostunik gabe aipatu koronimoa: Goizueta eta Lesakaren arteko Anizlarreako mendiak hizpide zirela 1270ean («las mis bustalizas que son en ypuzcoa») eta 1343an («Montes d’Aniz Larrea dentro en ypuzcoa»); eta 1311n Goizuetan, Juan Lopez de Urroz Nafarroako Mendialdeko merioak, Beltran Ibañez de Gamboa jauntxoaren etxea hartu zuenekoa ( «intus ypuzcoam in Goyçueta»).
Barrena Osorok esaten du Gipuzkoa koronimo bezala eta bertako aztarnak dokumentazioan horren berandu agertzea, gertaera jarraia dela Erdi Aro guztian eta aurreko garaietan. Aztarna arkeologikoek, esate baterako, kultur atzerapen nabarmenagoa erakusten dute Elgeako Mendilerrotik iparraldean, hegoaldean baino, bi eremu horiek elkarrekin erromatarren garaiko Bardulia osatuagatik.
Ezberdintasun honen harira, aipatzen da indusketaleku arkeologiko gipuzkoarretan ez dela Burdin Aroko aztarnarik ageri eta bai, aldiz, Elgeako Mendiaren hegoaldeko lurretan. Hala ere, ezberdintasun kultural hori horrela izanik ere, bi eremuetan esan daiteke iraun zuela barduloen leinuak, Araba eta Gipuzkoa lur eta gizarte erakundeak sortu arte V. eta VIII. mendeen artean. Iparraldeko (Gipuzkoa) eta Hegoaldeko (Araba) Barduliak, bereizirik maila kulturalean behintzat, argi eta garbi. Barduliaren azken aipamena dokumentuetan, V. mendeko erdialdean eman zuen ordukoan Gallaeciako artzapezpiku eta historialaria zen Hidaciok, heruloak suntsiturik geratu zirela Barduliako itsasertzean jaso zuenean.
Honaino, (G)Ipuzkoa koronimo edo toponimo nagusiaren historia dokumentatuaren zati bat.
Eta, hemendik aurrera, koronimo honen etimologia zein izan daitekeen argitzeko saiakera.
Barrena Osorok (1989, 56-64), bere ustez, nondik datorren hizpide dugun koronimoa eman du ezagutzera:
"Tanto 'Ipuscua’ como 'Ipuçcha’ son dos nombres vascos compuestos sobre la misma raiz ’Ipu’ que, con toda probabilidad, es un nombre propio testimoniado también en otros topónimos, nombres y apellidos de persona bajo las formas de 'Ipu’, 'Lipu’ o 'Gipu’. En ambos casos el nombre personal va seguido del morfema de plural '-tza’ que, al ser un morfema de derivación, provoca la creación de otro sustantivo colectivo de diferente esencia".
Aurreraxeago, gaztelaniako itzulpena eta guzti ematen digu: "los de Ipu", "Ipuçcha". Eta txistukarien bikoiztasuna ere, era naturalean adierazten digu: "…, pues las grafías 'ç’ y 'ch’ no parecen ser más que una innecesaria duplicidad de la partícula 'tza’, que al pronunciarse (c) motiva esa lógica confusión".
"Ipuscua" formari buruz, aldiz, ondorengoa dio aipatu historialariak:
"Iputzan-go-a, sustrato de 'Ipuscua’, que sólo adquiere coherencia poniéndola en boca de miembros ajenos al grupo 'los de Ipu’, pues únicamente desde esa perspectiva es discernible 'el lugar que ocupan…’ como un objeto diferenciado".
Nik, aldiz, uste dut ezberdindu beharko liratekeela bi toponimoak. "Iputza" toponimoa (Ipuçcha), eremuari bertakoek emandako izena izanen litzateke; eta "Ipuzkoa" (Ipuscua), aldiz, gentilizioa, hau da, lurraldearen izenari -ko atzizki eratorlea erantsita eta bertakoek zein kanpokoek erabilia edota sortua. Ondoren, dokumentuetan erredundantzia gertatuko zen eskribau, idazkari edo notarioen aldetik "de Ipuzkoa" idatzita, "de Iputza" beharrean. Baina, geroxeago osatu ahal izanen dut hipotesi hauxe, jatorrizko "Iputza" horren etimologia eta osagaiak zeintzuk izan daitezkeen azaldutakoan.
Aurretik esaten du Barrena Osorok, euskal lurraldeen artean kasu bakarra dela, zeinetan bere egitura morfologikoak erakusten duen bere eremuarekiko identifikazioa baino lehenagoko gizarte baten izatea. Nik esanen nuke, egungo euskal lurralde moduan ez dagoen arren, gauza bera gertazen dela hasierako "Baskonia" koronimoarekin ere, toponimo horri ondorengo etimoak aitortzen bazaizkio: Baso + -ko + (e)nea.