Aurreko hilabeteko artikuluan, haien izenetan fitonimoak (zuhaitz edo landare izenak) baliatzen dituzten bi herri izan nituen hizpide eta oraingoan Sakanako beste bi herrirenak saiatuko naiz argitzen. Fitonimorik ez haien osagaien artean, baina badute, nire ustean behintzat, esanahiaren aldetik elementu komuna, ura edota urarekin zerikusia duen osagaia.
Lakuntza
Mitxelenak (Apellidos Vascos, 1953) Lacunza aipatzen du beste izen nagusi batzuen artean liburuko 387. artikuluan lako osagaia aztertzerakoan “lagar” esanahiarekin eta baita 579.ean -une aztergai duenean, atzizki konposatuen osaketan parte hartzen duela esanez. 569.ean -tza atzizkiarenean ere beharko luke izan liburuko aurkibidearen arabera, baina artikuluan ez da ageri. Hala ere, ez litzateke atrebentzia handia izanen Mitxelenarendako Arakil mendebaldeko muturreko herriaren izen-osagaiak lak(o) + un(e) + -tza direla esatea.
Belasko (1999), antzeko bidetik doa, laku (“lago”) bakarrik bereizirik Mitxelenarenetik. Eta, azkenik, Salaberriren ustean ere laku da lehen osagaia, baina “lago” adieran beharrean, “aintzira”-renean. Eta amaieran, berriz, -untza atzizki konposatua ikusten du,,hau da, funtsean, -un(e) + -tza, “toki urtsua” berak dioen bezala. Ez du baztertzen, hala ere, latineko lacuna eta orduan lakun + -tza izan daitezkeela osagaiak, egia bada ere amaieran “laku + untza etimologia ikustera makurtzen” dela.
Nire hipotesiak, aurrekoen antzekoa balirudike ere, ez du lehen osagaia ur eremu iraunkor moduan ulertzen eta bestea, berriz, ezberdina dela iruditzen zait:
laku + (e)untz(e)a > lakuntza
Laku zenbaitetan eta euntzea (belardi, larre, pentze) gehienetan, horrelakoa litzateke, nire ustean, toponimo nagusi honek deskribatzen duen eremua. Pasa den urteko azken hilabeteko euriteen ondorioak jasotzen dituen argazkia ikusi besterik ez dago, Arakil ibaiko urak herriguneraino bertaraino ia iritsi zirela, lakua bailitzan. Eta hauxe, XXI. mendean aurrera goazela gertatzerik bada, zer ez ote zen gertatuko duela hamarren bat mende edo gehiago ibaiaren ibilguak inolako oztoporik ez zuenean gainez egiteko. Lakuntza, orduan, madura/padura edo sihats (siyets) izenen sinonimoa izanen genuke hipotesi honen arabera.
Donostian ere bada, nire ustean, horrelako osagaiak izanik, deskribapen berbera egiten zuen toponimoa, egia bada ere gaztelaniak erabat desitxuratu duela, beste kasu batzuetan egin duen moduan (La Reina < larraina; La Rubia < arrobia…): La Kontxa < lakuntxa > lak(u) + (e)untz(e)a.
Hurrengo irudia, Diego Cuelbis ikasle alemaniarrak Londonen dagoen 1599an egindako eskuizkribu batean txertatu zuen eta bertan ikus daiteke nolakoa zen Donostia ordukoan, herrigunea egungo Alde Zaharreko iparraldera mugaturik. Gainerakoa, egungo Kontxa aldea, euntze irudian, laku itsasgora zenean
Urdiain
Urdiain toponimo nagusiaren osagaiak eta esanahia ziur zeintzuk izan daitezkeen esaten ez da lan erraza batere, baina zailtasunak zailtasun, nik neuk ondorengoak direla esaten ausartuko nintzateke: ur + -di + gain > urdiain
Horiek izanen balira, orduan, bere osagaiak, esan dezakegu nahiko osorik eutsi diola jatorriko izenak mendeetako jardunari, ezen nahiko ohikoa den /g/ kontsonante herskari belare ahostunaren bokal arteko galera (egin > ein, egon > eon, begiratu > beiratu…) baino ez baitzaio gertatu bere bilakabidean.
Ur eremua izanen genuke “urdi”, herriaren azpialdean, Burunda ibaia eta honen ibilgura isurtzen duten gainerako errekak osatzen dutela eta bi osagai horiei ‘gain’ izena erantsirik. Ur eremuaren gainaldea adieraziko luke, orduan, Urdiain toponimo nagusiak.
Nafarroako Unibertsitateko irakaslea den González Ollé-k bigarren osagairik gabe azaldu zuen bere artikulu batean, baina zalantzarik ez azken osagaiarekin: “Esta situación me trae el ecuerdo literario de los obreros foráneos y sus familias instalados en Urgain (Urdiain), pueblo vascófono, para construir la vía férrea Zaragoza-Alsasua.” (2011, 737) (El navarro y el aragonés, Fernando González Ollé, Universidad de Navarra, Euskaltzaindiaren XVI. Biltzarra, 2011, págs. 729-760).
Sakandarrek, bestalde, ezaguna dugu Aranatz aldean H2O formula kimikoa duen elementua ez “ur”, baizik eta “u(d)s” izendatzen dugula eta osagai honekin eta -di/-ti atzizkiarekin bada Etxarri Aranatzen eta Lizarragabengoan Ustia toponimoa, Arakil ibaiaren bazterrean eta ur tokia dela aipatu eremua adierazten du. Urdi eta Usti, orduan deskribapen bereko toponimoaren bi aldaera izanen genituzke.
1843an Iturmendi eta Urdiainen arteko muga zehazteko egindako planoan, Urdinzar (Urdinzau ere bai) toponimoa ageri da, egungo Urdiain herriaren hegoaldean, Bargan gora, ia Urbasarekin muga eginez. Planoa Francisco Ergui-k egin zuen eta zalantzarik gabe, hiru aldiz idatzi zuen Peña de Urdinzar, Urdinzar eta Portillo de Urdinzar, iparraldetik hegoaldera hurrenez hurren. Eta planoaren ondoren, aldiz, azalpen idatzietan, Luis Losarcos-ek Urdinzau eta Peña de Urdinzau, baina baita Urdian ere Urdiain beharrean.
Egungo urdiaindarrek eta aldamenekoek ere Urdin erabiltzen dugu, baita deklinaturik ere: Urdindi (Urdiaindik), Urdiñâ/Urdiniâ (Urdiainera), Urdingo (Urdiaingo). Eta orduan, hipotesi moduan, 1843ko Urdinzar horrek, ondorengo osagaiak izan ditzake: ur + -di + -(gai)n + za(ha)r, haran aldera jaitsitako garaietakoa baino lehenagoko bizilekua adieraziz agian.
Bestalde Irantzuko “Libro Rubro” dokumentuan, Hurdiaga (Izurdiaga) ageri da Arakil ekialdean eta, ikus daitekeen moduan, Burundakoaren ia osagai berberak ditu: (h)ur + -di + -aga.