Asko dira Euskal Herrian barna toponimo soil eta osagai bezala ere itsasi/isasi izen konposatua dutenak. Eta aipatutakoekin batera, hauek agertzen ez diren eremuetan, beste biak, desa-/dehesa ere bai. Eta biak ala biak funtsean gauza bera adierazten dutelakoan nago, ganaduak bazkatzeko tokiei egiten baitiete erreferentzia, toponimia ofizialean lehenari buruz bestelakorik badiote ere: "El topónimo nos habla de la presencia de retama (isats, itsats)". (NTM X, 67 or.).
Ez dut nik uste isasi eta isasti nahastu behar ditugunik eta, zalantzarik gabe, isasi/itsasi-ak ditugu, hau da, -di/-ti atzizkirik gabeak artikuluan aipatuko ditudan guztiak:
idi + (h)esi + (-a) → itesi(a) (itsesi/itsasi), funtsean.
Eta, hiperzuzenketa medio seguruenik, erdiko bokala irekirik, itsasi/isasi/itxasi ageri da dokumentazioan eremu askotan, egia bada ere, normalean jatorrikoa izan daitekeen erdiko bokalarekin ahoskatzen dela toki gehienetan: Arbizun, Lakuntzan, Arruazun, Uharten eta Irañetan esate baterako. Etxarri Aranatzen itxere (ytcharea eta ytsarea dokumentaturik 1893an) toponimoa dago eta, kasu honetan, bigarren silabako bokal irekia beharko lukeena, asimilaturik ageri da: idi + sare → itsare → itsere (asimilazioa) → itxere (palatalizazioa).
Bestalde, Urbasa mendian badira Arbizuko biortesiya eta Etxarriko biortesiye izeneko toponimoak: behor + (h)esi + -a → biortesiya/e. Eta Arbizuko eremuan, Beiesiya (behi + hesi + -a) ere bai.
Gogoratu besterik ez da behar nola jokatzen duen toponimo honen lehen osagaiak konposizioan (idi > it-), oraingoan ere, zuzena dela bilakabidea ondorioztatzeko: idi + zain → itzain; idi + aurreko → itaurreko (itturriko Etxarrin, iturriko Altsasun, itaurreko Urdiainen); idi + ola → itola (ittola Dorraon 1898an dokumentatua); idi + sare → itxare (itxere Etxarri Aranatzen 1893an dokumentatua).
Toponimo hauen tokian tokiko dokumentazioa aipatzen hasi baino lehen, lehenaren kasuan (itsasi/isasi) behintzat, honen osagaiak idi eta hesi direla egiaztatzera datorren aipamena eginen dut. Sakana erdialdeko euskara (2001, 157-158 or.) doktorego tesian jaso nuen 1617ko dokumentuan ageri zaigu ichasi eta ascolichasi terminoen jatorria: "…desa boyaral y endrecera que le dicen Ucuar … vedado desde el dia de Santa Cruz de maio hasta el dia de las animas … (la) endrecera de Ucuar tiene por otro nombre en vascuence ascolichasi… porque es desa boyaral y porque ascolichasi quiere decir cossa vedada en todo que aun no dexan cortar arboles ni hacer mad(e)r(a) … d(ic)ho term(in)o y endrecera de Ucuar a tenido y tiene por su nombre en bascuence ascolichasia y este vocablo ichasia es visto claramente de por ser bedado boyaral…".
Testuan agertzen den toponimoa, 'Ucuar', Etxarriko eta Arbizuko Utzubar toponimoa litzateke, eta ikus daitekeen moduan itxasi idi hitzarekin lotuta egon daiteke, 'boyeral' aipatzen baitu argi eta garbi. Bestalde, ascolichasi-k, ez bakarrik abereentzako debekua edo hesia, baizik eta aizkorarako ere markatzen zela hesi hori adieraz lezake: askolitsesi < aizkora + itsesi < aizkora + idi + (h)esi.
Arin Dorronsorok Ataungo toponimia aztertu zuenean (Toponimia del pueblo de Ataun) Aizcolisasia toponimoari dagokionez honela esan zuen: "384. Aizcolisasia 1404 (= poblado o abundancia de peñas peladas)". Ez dut uste apez ataundarrak asmatu zuenik.
Rafael Carasatorre historialari etxarriarrak, Barranca Burunda liburuan (1993, 212-213 or.) horrela dakar: "Ichasiac: en escritura de 14 de junio de 1659 señalan parajes para los animales de labranza de los pueblos de la Burunda; de modo que los lugares de Iturmendi y Urdiain tengan sus deesas boierales que entre sí llaman ychasiac".(N.de A., F. Galarza, Leg. 36 n. 52).”
Josirik daukagu Sakana horrelako toponimoz (badira aldameneko Arabako Lautadan ere bai), grafia ezberdinekin bada ere: Itxasperri (idi + (h)esi + berri), Itisasi (Ekai: 1580, 'monte de robredo', 'pueden pacer las yerbas y beber las aguas'; Issassi 1605; Isesia 1772; Ichasia 1830). Hiriberrin ere, 1602 urteko kontuetan, ardoa, gazta eta aharikiaren gastuez gain, itsasiak egiteko gastuak ere jaso zituzten: "item quando pusieron los hichasis 3 (erreal)".
Bestalde, artikuluaren izenburuan aipatu bigarren toponimoa urriagoa bada ere, ezaguna da Sakanan, osorik edo sinkopaturik. Ganaduak bazkatzeko tokiei erreferentzia egiten dien beste toponimo hauxe (gaztelaniak generiko moduan erabiltzen duena esanahi berberarekin) dehesa dugu euskal toponimian eta baita Espainiakoan ere. Joan Corominasek (2000, 203 or.) horrela definitu zuen: "DEHESA 'tierra destinada a pastos', 924. Del lat. tardío DEFENSA 'defensa', en la Edad Media 'prohibición', porque la dehesa está comúnmente acotada".
Nik, ordea, aipatu mikrotoponimoa ez latinetik baizik eta euskaratik datorrela pentsatzen dut, i(t)sasia bezala, osagai berberak dituela iruditzen baitzait:
idi + hesi +-a → idihesia → dihesia (aferesia) → dihesa → dehesa
Honetatik, normala erabat ere, dehesa → desa (sinkopa edo kontrakzioa) Aralarren agertzen den moduan zenbait toponimoren aurrizki edo osagai bezala, aurrerago ikusiko dugun moduan.
Dehesa bat bera ere ez Burundan eta Sakana erdialdean (bai, ordea, aldameneko Arabako Lautadan), baina honen bilakabidearen ondorio izan daitekeen desa-, aurrizki edo beste toponimo batzuen osagai moduan, bai ageri da Aralar mendiaren eremuan.
NTM XII liburuan ageri da Desamalkor (dehesa + malkor) eta ondorengoa diote iruzkinean: "Una serie de topónimos de Aralar (y tal vez también Dezaldapa de Lakuntza) tienen el primer elemento Desa-, que debe ser un antiguo nombre de lugar que ha desaparecido".
Nik ez dut uste herri edo leku (nombre de lugar) izena denik aipatu desa-, "dehesa" izenaren bilakabidea baizik.
Desamendi (dehesa + mendi) eta honekin batera, Desamendiko bidea, Desamendiko uspela (itzela), Desaoa, Desaoko aterbea eta Desamenditxiki.
Desaoa modu ezberdinetan ageri da dokumentaturik 1991n NTM XII liburuan: Deságue, Desáo eta Desáue. Nire ustean, ondorengoak izanen lirateke bere osagaiak: de(he)sa + aho + -a → *desagoa → desague/desaue/desao.
Eta komeni da gogoratzea Sakanan ohikoa dela /h/ren testigantza erakusten duen /g/ kontsonante herskari ahostunaren agerpena halako egoeretan: ago (aho), guartu (ohartu), guatze (ohatze)… Bestalde, /o/ bokalaz amaituriko lexemei mugatzailea eransterakoan ere, ohikoa dugu Sakanako zenbait hizkeretan aipatu bokal elkarketa diptongatzea: beso + -a → besue, zulo + -a → zulue, aho + -a → ague…
Aipatu berri dugun Desao toponimoa, bazkalekuaren hasiera izanen genuke orduan eta Aralarko mapan begiratuz gero, San Migelgo bidetik, Pagomari atzean utzita ageri da eta hortik aurrera Gipuzkoako norabidean gainerako toponimo desa-dunak.
Lakuntzako Dezaldapa ere bai, herritik iparraldera, Arakil ibaiaren bestaldean, baso betean, idi hesia egiteko eremu egokia erabat, herri eremuaren hego-ekialdean dagoen Itsesalde bezala.
Eta, azkenik, lehenago aipatu dugun Ekai herriko Faceria de Arrigorte dokumentuan, 1772 urtean Ekai eta Zuhatzu herrien arteko mugarritzeetan ondorengoak aipatzen dira: Deesa robredal de Arrigorte eta Deesa robredal de Sarcota.