Hizkuntzalaria, eta hizkuntza bera ere, baino lehenagokoa da hiztuna eta honek sortu zuen hizkuntza noizbait, hiztun agertu zenean. Eta sortze hori ez zen aurretik irudikatutako arau edo estrategia jakin baten araberakoa izanen. Beharrak sortuko zuen, komunikatzeko beharrak, eta momentuan momentuko hizkuntza gertaera bakoitza, dela lexiko mailakoa, dela morfologia edo sintaxi mailakoa, unean uneko komunikatzeko beharretara egokituz joanen zen.
Hiztunak keinuz eta soinuz burutuko zituen bere lehen komunikazio edo hizkuntza urratsak eta geroago ekinen zion hizkuntza gertaera horiek ahotik eskura igarotzeari, hots, euskarri fisiko eta solido batean burutzeari. Ahotik beste baten belarrira eta honek entzundako moduan, edo garunetik zuzenean, euskarri ezberdinetan burutuko zituen hizkuntza gertaera haiek: harria, hezurra, buztina, metala, larrua, papiroa...
Hortik aurrera, hizkuntza bat bera izanik ere, jatorrizkoak izan daitezkeen hizkuntza gertaerek bilakabide ezberdinak izan dituzte, askotan hizkuntzaren ekonomia bezala ezagutzen dugun gertaera helburu izanik. Bilakabidea esaten diot nik jatorrizkotako jotzen dugun hizkuntza gertaeraren bilakaera edo eboluzioari. Jesus Ondarra bakaikuarrak toponimoei buruz ari dela, higadura eta "ez bilakabidea; ez behintzat bilakabide naturala" dela haien eboluzioa esaten du. Lexikoari dagokion neurrian maiztasun gehiagorekin, jatorrizkotako hartzen ditugun hitz batzuek era paradigmatikoan gertatzen dela aipatu bilakaera edo eboluzioa erakusten dute.
Sakanako herrietako euskal hizkeretan argi eta garbi ikus dezakegu nolako urratsak jarraitzen duten jatorrizko zenbait hitzek, urrats ezberdinak gainera zenbait kasutan eta herrika multzokaturik.
Baina, Sakanako gertaerekin hasi baino lehen, ikus dezagun lehen-lehenik, Europa mendebaldeko hizkuntza ezberdinetan ere horrelakoak gertatzen direla.
Egipto estatu izena eta egiptano ("egipcio") bere jentilizioa hartzen baditugu adibide moduan, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota dagoen ijito (buhame, motxaile) izenaren jatorria zein izan daitekeen hizkuntza ezberdinetan azaltzeko, ondorengo emaitzak ikusiko ditugu:
- Euskara batuak, ondorengo bilakabidea erakusten du: Egipto > egito/ejito > ijito. Azken urratsak, hasierako /e/ erdiko bokalaren itxiera erakusten digu, beste batzuetan zenbait euskal hizkeretan gertatzen den bezala: inbidia (< "envidia"), izkina (< "esquina"), iruzki/iguzki (< eguzki), iztupa (< "estopa")…
Sakanako euskal hizkeretan, berriz, bilakabidearen azken urratsa ezberdina da: Egipto > egito/ejito > jito. Aferesia edo hasierako bokalaren erorketa da gertatu dena. - Gaztelaniak, aipatu estatu arabiarraren jentilizioetako bat, egiptano, hartu du jatorrian: egiptano > egitano > gitano. Bistan da, amaierako urratsean aferesia gertatu dela kasu honetan ere.
- Ingelesak ere jentilizioa, egyptian, erabili du jatorrikotako: egyptian > egypti > egypcy > gypsy. Amaierako urratsean, beste behin, aferesia buruturik.
Bistan da, orduan, euskara, gaztelania eta ingelesa jatorri berdinetik abiatu direla, Egipto estatu arabiarraren izenetik. Jatorri komun honek erakusten digu noizbait oso zabaldurik izan dela Egiptotik zetorrela herri ibiltari honen kideen izena, egun jatorria Indian duelako hipotesiak jarraitzaile gehiago baditu ere.
Bilakabidea zela hitz zenbaiten eboluzioa nioen lehentxeago eta horixe ikus daiteke Sakanako euskal hizkeretan modu oso argian. Eta euskararena soilik ez dela horrelako jokabidea nabarmentzeko, oraingoan latineko izenordain batetik (ego) abiaturik, italierak eta gaztelaniak Sakanako euskal hizkeren moduko bilakabideak izan dituztela ikusiko dugu singularreko lehen pertsonako izenordainarekin, e CerorkorraV > eV > iV (> yV), non C kontsonante eta V bokala diren:
- ego > eo > io. Hauxe dugu aipatu izenordainaren bilakabidea latineko formatik abiatuta. Lehenik, bokal arteko kontsonante herskariaren (/g/) erorketa eta ondoren hasierako erdiko bokalaren (/e/) itxiera /i/ bihurtuz. Hauxe italieraren bilakabidea.
- ego > eo > io > yo. Italieraren kasuan bezala lehen bi urratsetan eta bokal itxiaren kontsonantizazioa azken urratsean, gaztelaniak baliatu duena.
Ez izenordainaren kasuan euskarak, baina bai bilakabide horren urrats berberak direla baliatzen dituenak Sakanako zenbait euskal hizkerak esanen dut, egia bada ere bilakabide ezberdinetan multzokaturik ageri zaizkigula aipatu hizkerok:
- egon > eon > ion > yon. Hauxe dugu aipatu berri dudan latinetik gaztelaniarako bilakabidearen berdina eta Etxarri Aranatzen, Lizarragan, Unanun, Lakuntzan eta Burundan baliatzen da.
egon > eon. Arruazutik eta Uhartetik ekialdera. Bokal arteko kontsonante herskaria erori baino ez.
egon > eon > oon. Dorraon eta Arbizun. Aurrekoan bezala lehen urratsa eta, ondoren, bigarren bokalaren geminazioa (V1V2 -eo- > V2V2 -oo-).
Eta bilakabide berbera erakusten duten beste hainbat adibide ditugu Sakanako euskal hizkeretan, zeinetan errepikatu egiten diren herri multzoetan:
- erakutsi > eakusi > iakusi > yakusi (Etxarri, Lizarraga, Unanu, Lakuntza, Burunda)
erakutsi > eakusi. (Arruazu, Uharte)
erakutsi > eakusi > aakusi (Dorrao, Arbizu) - eraman > eaman > iaman > yaman (Etxarri, Lizarraga, Unanu, Lakuntza, Burunda)
eraman > eaman (Arruazu, Uharte)
eraman > eaman > aaman (Dorrao, Arbizu) - erantzi > eantzi > iantzi > yantzi (Etxarri, Lizarraga, Unanu, Lakuntza, Burunda)
erantzi > eantzi (Arruazu, Uharte)
erantzi > eantzi > aantzi (Dorrao, Arbizu) - erantzun > eantzun > iantzun > yantzun (Etxarri, Lizarraga, Unanu, Lakuntza, Burunda)
erantzun > eantzun (Arruazu, Uharte)
erantzun > eantzun > aantzun (Dorrao, Arbizu) - erauntsi > eauntsi > iauntsi > yauntsi (Etxarri, Lizarraga, Unanu, Lakuntza, Burunda)
erauntsi > eauntsi (Arruazu, Uharte)
erauntsi > eauntsi > aauntsi (Dorrao, Arbizu) - erosi > eosi > iosi > yosi (Etxarri, Lizarraga, Unanu, Lakuntza, Burunda)
erosi > eosi (Arruazu, Uharte)
erosi > eosi > oosi (Dorrao, Arbizu) - edan > ean > ian > yan (Etxarri, Lizarraga, Unanu, Lakuntza, Burunda)
edan > ean (Arruazu, Uharte)
edan > ean > aan (Dorrao, Arbizu) - edozein > eozein > iozein > yoz(e)in (Etxarri, Lizarraga, Unanu, Lakuntza, Burunda)
edozein > eoz(e)in (Arruazu, Uharte)
edozein > eozein > ooz(e)in (Dorrao, Arbizu)