Kolaborazioa

Sare, Saroi, Sarobe/Sarabe toponimo eta toponimo osagaiak

Hasteko, argitu beharko genuke euskal toponimian erabili diren hiru izen hauek gauza bera adierazten ote duten funtsean. 

Lehena, sare, hiztegiak ematen dion esanahitik kanpo oso erabilia da Sakanako toponimian, esate baterako. Urbasa mendigainean eta Etxarri Aranazko eta Ergoienako eremuetan ezagunak ditugu Arbizuko sareak, Erbisare, Biondasare, Ansareta, Itxere (idi + sare > itsare > itxere)… Horietan guztietan, aipatu izenak duen esanahia ganadua biltzeko eta gaua pasatzeko tokiarena da. Gaztelaniako 'redil' adieraziko luke, beraz.

Gainerako izenak, izen konposatuak ditugu eta ia Nafarroa osoan eta Gipuzkoan erabiltzen dira. OEHn era ezberdinetan agertzen zaizkigu: saroi, saroe, saro, sario,  sare, sari, sagoi, saboi,  saure, sauri, sao, zaro, xauri, isario. Etimologia ere ematen digu horrela: "de sare 'red' + o(h)e 'cama'."

Zalduak (2015) ere ez du inolako zalantzarik atal honen izenburuko bigarren izenaren osagaiei dagokienez: "Elkartua (mugatzailea [sare] + mugakizuna [ohe]), bi izenez osatua, den aldetik zehaztasun handiko terminoa dugu saroi". 

Eta hau guztia azpimarratuz, aurrerago, ondorengoa dio: "Sare eta ohe euskalki eta garai guztietan azaltzen dira (cfr. Ol[h]a) eta, alde horretatik ez dago arazorik euskalkiak sortu aurrekoak izateko…".

Baina, zer gertatzen da sare, beste osagairik gabe, eta beste aldetik ohe beharrean ohatze/goatze/guatze erabiltzen duten hizkeretako eremuetan?

Sarobe/sarabe, OEHn ere modu ezberdinetan ageri zaigu: sarobe, sarobi, sarabe. Eta esanahiari dagokionez, berriz, bat baino gehiago ematen du:  "…sel, es un monte de árboles en círculo perfecto, con su mojón en el centro"; "Sarabe, redil, lugar en que se recoge por la noche el ganado lanar"; "1.º corral con su choza para el ganado; [...] 5.º sel, terreno particular rodeado de monte comunal"; "el contorno de la choza del pastor".

Mitxelenak ere ondorengo moduan jaso zituen Apellidos Vascos liburuan: "539.- sarobe, saroi <majada> <sel> <granja>: Sarobe (Aguirresarobe, Amitasorobe), Saroe, Saroïhandy. Parece un derivado de sare <red>, cf. cast. redil y majada (de macula <malla>). En Roncesvalles, 1284, Larrandorenen bi sarohe, Arun Urriztoyen bi sarohe <dos seles en L., en A.U.>. La variante sario está muy extendida en la Navarra alta".

Zalduak (2015) esaten digu ez dela saroi Euskal Herriko sartaldean agertzen: "Saroi-ren sartaldeko hutsunearen aurrean bi hipotesi jar daitezke mahai gainean". 

Eta aurreraxeago: "Mendebaldean saroi zergatik ez den kausitzen azaltzeko beste bideabiak garaikideak direla iriztea da, …

J. Ortega Valcàrcelek (1987, 85) Cantabriakoak horrela definitu zituen: "…espacios dentro de las brañas, acomodados al descanso y refugio del ganado. Espacios privilegiados por sus condiciones: resguardados, con agua disponible, con arbolado para la protección, refugio y atemperamiento de los animales y con arbolado de apoyo para la alimentación de emergencia en los períodos de rigor invernal". 

Eta Gipuzkoakoendako ere baliagarri dela aurreko definizioa esaten du Díaz de Duranak (1995) eta euskaraz ondorengo izenak dituela garaiko Gipuzkoako dokumentazioan dio: sarobe, saroe, saroi edo korta.

Hau guztia ikusirik, badirudi esan daitekeela hiru izenek gauza bera ez bada ere, antzekoa bai bederen adierazten dutela, hau da, ganaduak gaua pasatzeko tokiari egiten diotela erreferentzia.

Hala ere, zehaztasunetan sartuz gero, izen horien osagaiak kontuan harturik, aipatu hiru izenei ezberdintasunen bat badariela esan dezakegu. Lehen-lehenik, sare izenak osagai bakarra du eta beste biek bina osagai. Orain, azken hauen kasuan zein izan daitekeen bigarren osagaia haztatu behar.

Lehentxeago aipatu dudan Díaz de Duranak esaten du 1483ko oñatiar baten arabera saroiak edo sarobeak asko zirela Oñatiko konderrian eta Gipuzkoan, eta bi motatakoak gainera: "...seles de ynbierno e seles de verano, ..." Eta autore berak diosku 1514ko Oiartzungo testu batean soilik lau zirela handienak, negukoak, eskualde osoan, eta vehierdisarobeac (que quiere decir seles de vacas paridas) esaten zitzaiela euskaraz. Handiagoak ziren negukoak udakoak baino. Udakoen tamaina bikoitza zeukaten negukoek Segurako hiriaren eta Oñatiko jaunaren arteko auzia jasotzen duen 1433ko dokumentuaren arabera: "... quatorze seles de berano de cada seys gorabiles ... e los tres seles para en cumplimiento de los dies e siete son de ynbierno de cada dose gorabiles..." Eta erabat logikoa ematen du horrela izatea, negukoak haranean izanik aukera gehiago (eremu zelaitsuagoa, ura, babesa, iraunkortasuna...) izanen zuelako zabalera gehiago hartzen, eta baita bertan denbora gehiago egoteko urtearen bueltan. 

OEHn, eta Zalduak ere bai, argi izan dute saroi izenaren etimologia eta, beraz, osagaiak horrela azaldu dituzte: sare + o(h)e. Mitxelenak Apellidos Vascos laneko aipamenean ematen dizkigun azken bi toponimoetan oinarriturik, seguru asko. Bilgunea eta lo egiteko eremua. Eta kasu honetan ez litzateke, ez esanahiaren aldetik, ez osagaienetik ezberdintasunik izanen sarobe izenarekin, ezaguna baita zenbait eremutan ohe > obe bilakabidea gertatzen dela. Baina, hizkuntza-eremu berberak dira obe eta sarabe/sarobe izenak erabiltzen dituztenak? Ez dirudi hala denik. Hala ere, beste zenbait toponimoren kasuan gertatzen da honen osagaia baten eta erabilera arruntako hitzaren halako kidetasun eza: atze (hizkera arrunta), Ezkibel (haitz + gibel); lazka (nazka, hizkera arrunta), iguindduik (iguin eginik, nazkaturik, esamolde berezia).

Niri, hala ere, ikusirik sare edo korta mota ezberdinak (kokapena eta tamaina, bereziki) direla Euskal Herrian, izenak ere ezberdintasun horien araberakoak izan daitezkeela iruditzen zait. Eta horrela, udako sareak goietan kokatuak izanen lirateke; eta, negukoak, behean: sare + goi > saroi; sare + be(he) > sarabe/sarobe. Behe osagaiarekin bereziki, asko dira euskal toponimoak: Olabe, Aldabe, Etxabe, Larrabe…

Udakoak, saroiak, goietan beraz, asko dira Euskal Herri osoan (Saroitxo, Perusaroi eta Sagarminsaroi Olatzagutiako toponimian, Saroi Ziordikoan) eta negukoak, behealdean orduan, ere bai. Azken hauen lekuko Urdiaingo Sarabe (beste zazpi mikrotoponimo, honengandik eratorriak inguruan dituela Urdiainen bertan eta Sarabeko hesiondo Iturmendin), Dorraoko Leziza eremuaren barnean, ibaitik gertu, Veiernarisarobea ere ageri zaigu Etxarri Aranazko udal artxiboko 1699ko mugarritzeetan) eta Oiartzungo Olaizko ogisarobea

Bestalde, goi izenondo moduan, hau da, bigarren osagai bezala, agertzen direneko adibide ugari ematen dizkigu OEHk, hauetan bereizirik ageri bada ere kasu guztietan: "… Mendi goi batzuek, Zeru goi urdiñaren…, Ots goi meagodun [ezkilak] dirala, Donoki goian…".

Eta Etxarri Aranatzen ganboiko (ganbara + goiko, aipatu osagaia eskuin aldean) izena erabiltzen da "ganbara" adierazteko, hau da, etxeko teilatu azpian dagoen solairua.  Urdiainen eta Bakaikun, aldiz, goikoganbara erabiltzen dute. 

Eta amaitzeko, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Ingalaterrako hegoaldeko Salisbury hiriaren iparraldean, bi kilometro eskasera dagoen Old Sarum aztarnategi arkeologikoa, non duela 5000 urteko aztarnak baitira. Sarum hori, gure "sare" izenaren antza handikoa da. Aztarnategi zirkularra dugu hauxe (henge Ingalaterran), gure sareen (saroi, sarobe, sarabe) modukoa eta egungo Salisbury (Sarisberie normandoen garaian Rutherfurd-en arabera -2015, 7-) hiriari New Sarum ere esaten omen zaio eta hiritarrei sarumite. Kasualitatea ote izenaren antzekotasuna?