Kolaborazioa

Eremu heze edo urtsuak toponimian: madura/padura/fadura, siats.

Horrela dakar Nafarroako Toponimia eta Mapagintza (NTM) X. liburuan Altsasuko Madura toponimoaren oharrean: "En la toponimia vasca y muy especialmente en la occidental (Vizcaya y Alava), Padura, Madura es nombre de terrenos pantanosos y encharcados."

Eta latineko jatorria (lat paludem 'pantano') omen du, zalantzarik gabe, Jimeno Jurío eta enparauendako. Baina halako eremuak ez ote zuen erromatarrak etorri baino lehenago izena jarririk bertakoen aldetik? Euskaldunon harremana bere inguruarekin erromatarren eragina baino askoz ere lehenago hasi zen eta harreman horrek, ezinbestean, hizkuntzan ere isla izan behar zuen.

Mendebaldeko hizkeretakoa dugu toponimoa (madura/padura/fadura) eta Gasteiz ondoko Lautadako herrietan, Bizkaiko Elorrion eta Gipuzkoako Oñatin eta Seguran ere ageri da. Eta Burundako toponimiaraino ere iritsi zen, baina hortik ekialdera ez da agertzen Nafarroan, antza.

Arabako ekialdeko lautadan 36 herritan madura eta 7tan padura ageri da. 36 horietako bat da Agurain (Madura auzoa dago bertan) eta 1025eko "Reja de San Millan" dokumentuan "Ocariz et Padura et Opaucu, una rega" dago jasorik. Ez ote zen Padura hori Agurain baino lehenagoko bizilekua, egungo Madura auzoa dagoen eremuan kokatua izanen zena? Eta honetatik, orduan, jarraian azalduko dudan Agurain herriaren jatorria?

Jarraian ikus daitekeen irudiak XIII. mendeko Agurain aurkezten du. Bertan ikus daiteke muino batean (gaina) eraiki zutela herria eta irudiaren goiko aldean, iparraldean, Santa Maria eliza ere nabarmentzen da. Irudia agertzen den web orrian bertan ere esaten da Agurain izenak "agurraren tokia" adierazten duela ("lugar del adios"). Azalpen sinpleegia nire ustean. 

Madura auzoa, herrigunearen iparrekialdean, Santa Maria elizaren azpialdean dago eta bere kokapena ikusita, pentsa daiteke honen aspaldiko izenak, Madura, ikustekoa izan zuela herriaren izena erabakitzerakoan: madura + -gain > *maguradain (metatesia) > *magurarain (d/r txandaketa) > *maguraain (dardarkariaren erortzea) > Agurain (hasierako sudurkariaren erortzea). Audikana herrian La madura, Madurabarri eta Maguralde toponimoak daude. Eta /f/ kontsonantez hasita balitz jatorriko izena ere, /f/ > /h/ gertatu den bezala beste hainbat kasutan gaztelanian (farinam > harina, facere > hacer…), antzeko bilakabidea litzateke kasu honetan ere: fadura + -gain > *faguradain (metatesia) > *fagurarain (d/r txandaketa) > *faguraain (dardarkariaren erortzea) > hagurahin (horrela agertzen da 1025eko dokumentuan) > Agurain (kontsonante mutuen erortzea).

Sakana haranean, Altsasun Madura, Iturmendin eta Bakaikun Madura eta Madurako bidea ageri zaizkigu hasieran kontsonante sudurkaria daramatela eta ondoko Etxarritik ekialdera siats hasten da agertzen, egia bada ere Altsasun bertan badela azken toponimo edo toponimiako generiko hauxe: siats eta siasburu.

Eta Burundatik ekialdera ez da dagoeneko beste inon agertzen mendebaldeko toponimoa, ez bada hasieran kontsonante ezpainkaria daramanaren aldagaia izan daitekeena Irurtzunen (La Parada; Parada) eta Etxeberrin (Parada, 1780) ageri dena. Horrela jasoak ditu Carasatorrek (1993) horiek Irurtzunen: "La Parada (1576 Leg. 4: junto al río caudal). En 'La Parada' había viñas que limitaban con el 'camino real' y con el río Agita". Eta Etxeberrin, berriz: "Parada (1780 N. La. Leg.4 nº 50; 1900) Pieza 'en el termino llamado Parada pegante al río mayor y Camino Real (1790 N. La. Leg.8 nº 840)". Ez litzateke zaila jatorrizko padura izenetik parada sortzea, metatesia eta analogiaz suertatutako bokal aldaketa medio, are gehiago toponimoa jasotzen zuenak euskara ez jakitekotan. Eremu bera dela adierazten dute Carasatorreren aipuek eta lekua egokia izan daiteke, ibaiaren ondoan, hezetasun handia bertan izateko.

Urdiainen (Urdinbideko siatsa) eta Etxarri Aranaztik ekialdera, soilik siats aurki daiteke eta kasu gehienetan toponimoen osagai moduan agertzen da. 

NTM XII. liburuan, Arbizuko toponimiaren atalean ondorengo iruzkina dator Siatsa toponimoari egokitua: "Se denomina siats a un terreno húmedo y aguanoso". Eta izen bereko IX. liburuan (1992, 50 or.), Altsasuko toponimia aztertzerakoan, Mailazarsiats (amaiera siets ahoskatua) toponimoari dagokionez, ondorengo iruzkina egin dute: "'Siats' es un genérico vasco corriente en Navarra en la Barranca y Urbasa, e incluso en zonas alejadas como Roncal, Salazar y Aezcoa. Designa zonas de hierba donde el agua de lluvia no filtra, encontrándose siempre empapadas, sin llegar a acumular capa de agua. Los 'siatses' son al parecer muy malos para el ganado, que enferma de comer su hierba. En el castellano de Améscoa se conserva la palabra como 'siache'."

Carasatorrek (1993, BB, 313) horrela dakar: "Siyetsa = terreno manantío, muy húmedo." Eta neuk ere (2004, 265): "Siyets (Sakana) iz. Toki heze eta urtsua. Siets (XIV, 763; G-goi-nav); (BB, 313). Urdiainen siets. (Izag. 81; sietsa, sieslekuba 'el lugar pantanoso'). Lugar muy húmedo y encharcado."

Arbizun (BB 468), bestalde: Siyesta (1882), Siyaesta, Siaesta (1921 castañal) eta Siaseta (1844 Cuentas Comunidad de Arañaz Arch. De E-A Leg 558). Aralarren ere bada Siasbelceta eta Siasbelceta fuente de toponimoak 1857an dokumentaturik eta baita Urbasan ere Siasgain eta Siyatsa (Carasatorre 1993, 557, 560). Lizarraga Ergoieneko euskara liburuan (2008, 423) ere ondorengo sarrera dago: "siyets, siyesdeei, siyesdi: barrizal".

Juan de Arin y Dorronsoro apezak "Toponimia del pueblo de Ataun" liburuan, hamar aldiz siats izena duten toponimoak jaso zituen eta soilik hiru kasutan sirats, horietako bat (Sigasandi o Sirasandi) zalantzan.

Modu ezberdinetan (siats, siets, siyats, siyets, siras, sigas) ageri da dokumentaturik orduan eta NTMn siats erabiltzen da modu ofizialean toponimiako generiko hau, baina badirudi 2019tik aurrera  Euskaltzaindiako Onomastikako Batzordeak sirats aldagaia hobesten duela. Nire ustean, orain arte bezala siats erabili beharko litzateke edo bestela sihats, Sakana erdialdean ahoskatzen den ereduari (siyets) jarraituz, beste hitz batzuen kasuan gertatzen den bezala, i + h + ViyV (siyets < sihats) bilakabidearen ondorio dela esan baitaiteke: biyer (bihar), biyamun (Dorrao) /biyemun (Arbizu, Lizarragabengoa) (biharamun), giyer (gihar), iyo (eho > *iho), ziyetu (zihatu), biyurri (bihurri), biyurtu (bihurtu), liyo (liho), iyes (ihes), leiyo (leiho), niyuen (nihoan), ziyuen (zihoan)… /y/-ren epentesiak jatorriko kontsonante mutuaren testigantza adierazten du. 

Elhuyar hiztegian (online), sirats sarrerak, hiru adiera ditu, hirurak ala hirurak Zuberokoak: "1. (Z) placer. 'sirats handiarekin: con gran placer'. 2. (Z) Suerte, destino. 'sirats gaiztoa erori duk etxe horretara: la mala suerte ha caido sobre esa casa'. 3. (Z) intención. 'sirats gaiztoa dik horrek: ese tiene malas intenciones'." Eta Euskaltzaindiaren Hiztegian soilik aurreko bigarren adiera.

Garbi dago askoz ere aldi gehiagotan ageri dela siats edo siyets toponimiako generikoa dokumentatua. Eta kontsonante dardarkariarekin (/r/) ageri den bakar horietan, seguru asko, idazkari, notario, eskribau edo zena zelakoak susmoa harturik bi bokalen artean kontsonante bat falta zitzaiola generikoari eta, jakina, zein erorkorrago bokal artean kontsonante dardarkaria baino? Horrexegatik, nire ustean, bokal artean kontsonanteren bat jarri beharko balitzaio, Sakana Erdialdeko ereduei jarraituz, /h/ jarri beharko litzaioke.