Egun Puente la Reina gaztelaniaz eta Gares euskaraz ezagutzen dugun Izarbeibarko herriak, bere sorreran, agian, beste izen bat izan du.
Nik, bereziki, gaztelaniako izendapenari erreparatuko diot hurrengo lerrootan eta saiatuko naiz, dokumentazio ezberdinetan oinarriturik, izendapen horrek ez ote duen euskarazko jatorria ere erakusten azaltzen. Badira antzeko beste horrelakoak gure geografian, "La Cuesta de la Reina" Iruñan bertan, esate baterako, "Larraina" eremura iparraldetik iristen den bideberri aldapatsua izendatzeko eta gainera, aldaparen amaieran bertan jatorriko toponimoaren izena mantentzen duen "Club Larraina" dago.
Honelaxe dator definiturik aipatu izena E(uskaltzaindiaren) H(iztegia)-n bere lehen azalpenean: "larrain 1 iz. Garia eta gainerako laboreak eultzitzen diren leku laua, lurra trinkoa eta, askotan, lauzatua duena."
Eta eremu egoki edo aproposa delakoan nago egungo Puente la Reina edo Gares herrikoa "larrain" izenarekin hura izendatzeko. Garia ekoitzi den eremuetan derrigorrean behar izan dira larrainak eta, bestalde, herriaren euskarazko izenak ere, agian, horretara garamatza: gara + -zu > garaz (apokopatua) > garez/gares, beharbada. EHn ere honelaxe dator 'gara' izena: "Belar landareetan, erdian ateratzen den zurtoinaren segida, loreari eusten diona".
Gares eta larrain izenez osaturikoa, bi herri, orduan, bata bestearen ondoan? Erdi Aro Betean, ondo-ondoan zeuden herrixkak nonahi. Aranatzen, adibidez, kilometro soilean hiru bizileku gutxienez egungo Etxarri Aranazko hegoaldeko dermioan (Mugarratx, Lazkotz eta Erdozia); kilometro eskasean, Arbizu eta Unanuren artean, beste hiru herrixka zeuden XIV. mende erdialdera arte: Maiza, Mundiñano eta Ondatz. Eta horrela ere bai Burundan, Arakilen eta beste eremu askotan.
Baina, noan hasieran esandako bidera atzera berriz eta errepara diezaiodan egungo gaztelaniako izendapenari, Puente la Reina.
Ikusi dugu Iruñan bertan badela beste kasu bat, zeinetan "La Reina" gaztelaniakoak, euskarazko "larraina" duen jatorri. Honek orduan ez liguke teoriaren mailan behintzat, arazo gehiegi sortuko. Baina dokumentaziora joaz, hara non XII. mendearen erdialdean (1153), Xerif Aledris geografo arabiarrak izenburu luzea duen liburu bat idatzi zuen eta liburu horretan aipaturik ageri da, nire ustean behintzat, hizpide dudan herriaren izena. Aipamen horixe, 1799ko ondorengo liburuan ageri da: Descripción de España de Xerif Aledris conocido por el Nubiense, con traducción y notas de Don Josef Antonio Conde, de la Real Biblioteca de Orden Superior. Madrid en la Imprenta real por D. Pedro Pereyra, impresor de Camara de S. M. MDCCXCIX.…".
Dokumentu hauxe, lehenago Pamplona izen nagusia aztertzerakoan (Diario de Noticias de Navarra, 2020-08-31) erabili nuen eta honelaxe nioen orduan, kasu hartan Bamblona toponimo nagusia beltzez idatzirik eta oraingoan, aldiz, hizpide duguna: "Bertan, izenburuaren hasieran dioen moduan, Espainian zehar bidaiatzeko deskribapena eta toki esanguratsu batetik beste batera joateko zenbat egun behar diren zehazten du. Eta, 121 orrialdean, horrela dio: "…un dia; y de ella á Medina Burgos dos jornadas; y de Medina Burgos á Medina Naghera un día, y es ciudad poblada; y de ella á Castila un día; y de Hisn-Castila á Hisn-Mont-Larina un día; y de él á Medina Bamblona un día;…".
Ikusten denez, hirien arteko ibilbideak (dokumentuak hiriak -medina- eta lurralde bateko gazteluak -hisn- bereizten ditu) zenbat egunetan egin daitezkeen aipatzen digu liburuak: Burgosetik Najerara; Najeratik Lizarrara ('Castila' hori Estella delakoan nago); Lizarratik Garesera ('Mont-Larina', aldiz, Mont/Pont La Reina); Garesetik Panplonara…".
Mendi + larr(a)in + -a izatekoatan bere osagaiak, bigarrenaren diptongoa monoptongaturik (/ai/ > /i/) ageri da dokumentu honetan eta horixe bera gertatu da Lizarraldeko beste zenbait eremutan ere.
Patxi Salaberrik "Arabako mugako nafar hizkeren inguruan" artikuluan, Eulaten Larrinkieta eta Narkuen Zaldalarrina (1686, egun Zalagarrin) toponimoen berri eman zigun. Eta jarraitu zuen esanez Landucchiren DLC aipatuz, alde horretatik, Ameskoa eta Lanarekin zetorrela bat (cf. "era de trilla" larrina).
Bestalde, Uxueko hizkuntzalariak ondorengo toponimoak ere izan zituen kontuan Lizarra inguruan: Larrimpe (1603) Iguzkitzako Morentinen eta dokumentazioan behin Larrinchipe moduan ageri den Iguzkitzako Larranchipi ere bai. Baditugu, beraz, dokumentaturik osagai bereko izen monoptongatuak eta ez oso urruti artikulugaiaren eremutik.
Aledris-en dokumentuko azken osagaia azterturik, lehenarekin eta bigarrenarekin jarraituz, gogoratu hisn-ek arabieraz gaztelua adierazten duela, eremu geografiko bateko gaztelua, horixe babesteko eginkizuna zuena. Eta bigarrenak, aldiz, arrazoiketa honen bidea oztopatzen du egungo ikuspegitik, gehiago espero zitekeelako "pont" eta ez "mont" bertan agertzea.
Ez dugu ahaztu behar, gainera, hegoaldetik ondo-ondoan duela hasierako osagai berbera duen Mendigorria herria.
Mendigorriaren aldamenekoa ote, orduan, Mendilarr(a)ina eta ez Puente la Reina? Bigarren osagaiarekin, larraina > la Reina aldaketa ez dela lehen kasua izan ikusi dugu eta, gainera, euskal hizkera askotan ere, Aranatzen esate baterako, ai > ei diptongo itxiera egun suertatzen da: larrein. Eta menditik zubira jauzia, berriz, eraikuntzak hartutako garrantziaren eta ikusgarritasunaren ondorioz, seguru asko. Egun horren ikusgarri izaten jarraitzen duen zubia eraiki baino lehenagoko izena izan zitekeen, Mendilarr(a)ina.
Honen guztiaren arabera, orduan, Mendilarrainako gaztelua adieraziko liguke Hisn-Mont-Larina horrek?