Zenbat herritan aditzen da dagoeneko zerbait eskaintzerakoan: Josu, to! Josune, no! Gizona edo emakumea dela hartzailea ezberdindurik. Eta bestela ere, ezberdintasuna markatu gabe: Amets, tori(zu)! Elkarrizketako bi erregistroak: toka/noka edo arrunta.
Sakanako bi muturretan galdu da dagoeneko mendeetan eta mendeetan iraun duen hizkera eta gaur egun soilik Arruazuren eta Urdiainen arteko eremuak eusten dio bertako betiko hizkerari, egia bada ere azken hau (Bakaikuko adin handiko zenbait hiztunekin batera) irla moduan ageri dela Burundan, horko hizkeraren lekuko bezala.
Are larriagoa da egoera gure hizkeraren ikurretako bat den hikako erabilerari erreparatuz gero, hirurogei urtetik beherako hiztunen artean galduta baita hein handi batean behintzat. Zenbait herritan konturatu dira egoera larri horretaz eta bertako hizkeraren hikako tratamendua berreskuratzen saiatzeari ekin diote eta artikulu hau horiendako mesedegarri izatea espero dut.
Hasteko esanen dut ez direla nahastu behar hitanoa eta alokutiboa, nahiz eta biak ala biak erabat loturik egon.
-
Hitanoa (hika) zutanoarekin (zuka) kontrajartzen da, hau da, zu-zuk-zuri erabili beharrean hi-hik-hiri erabiltzean datza hitanoa:
Zu berandu etorri zara (zuka); Hi berandu etorri haiz(hika)
Eta ezin dira biak nahasi elkarrizketa edo, gutxienez, esaldi edo diskurtso berean:
*Berandu etorri da(neutroa) eta hi haserretu haiz(hika)(erabilera okerra)
Berandu etorri dun/duk (alokutiboa) eta hi haserretu haiz (hika) / Berandu etorri da (neutroa) eta zu haserretu zara(zuka, neutroa) (erabilera zuzenak)
Adizki alokutiboaren osatzea:da(hura) + -n (emakumezkoa) / -k = dun/duk.
Esaldi konposatuetan loturik daude hitanoa eta alokutiboa, ezen lehena baliatzen bada, adizki alokutiboak agertu behar dira diskurtso horretan, erregistro neutroa beharrean.
-
Alokutiboek, nor-nori-nork pertsonen marka edo morfemez gain, entzulearen edo elkarrizketakidearen marka ere daramate. Adizkiak norekin ari garen hizketan jasotzen du, elkarrizketakidea emakumezkoa edo gizonezkoa den ezberdinduz. Ondorengo adibideak etxarrierakoak dira.
Ondorengo esaldietako bigarrenak eta laugarrenak gizonezkoarekin hizketan ari dela (horregatik esaldi hasieran Pello gizon izena, erreferentzia moduan) adierazten dute:
Pello! Jonek gosaye ekar dau (Jonek gosaria ekarri du) Erregistro neutroa, oraina.
Pello! Jonek gosaye ekar dik (…ekarri dik) Erregistro alokutibo oraina.
Pello! Jonek gosaye ekar zeen atzo (…ekarri zuen atzo) Erregistro neutroa, iragana.
Pello! Jonek gosaye ekar ziyan atzo (…ekarri zian atzo) Alokutibo iragana.
Eta hurrengoetako bigarrenak eta laugarrenak ere emakumezkoarekin (horregatik hasieran, Miren emakume izena, erreferentzia moduan):
Miren! Josuk gosaye ekar dau (Josuk gosaria ekarri du) Erregistro neutroa.
Miren! Josuk gosaye ekar din(…ekarri din) Alokutibo oraina.
Miren! Josuk gosaye ekar zeen atzo(…ekarri zuen atzo) Erregistro neutroa, iragana.
Miren! Josuk gosaye ekar ziñan atzo (…ekarri zinan atzo) Alokutibo iragana.
Adizki alokutiboen osatzea: dau (‘du’ hark-hura, orain) + -k (giz) + -n (emak) = dik/din.
zeen (‘zuen’ hark-hura, lehen) + -ya- (giz) + -ña- (emak) = ziyan/ziñan.
Pello! Amak aittai loriat ekar doo (Amak aitari lore bat ekarri dio) Erregistro neutroa, oraina.
Pello! Amak aittai loriat ekar ziok (…ekarri ziok). Alokutibo oraina.
Pello! Amak aittai loriat ekar zoon atzo (…ekarri zion atzo) Erregistro neutroa, iragana.
Pello! Amak aittai loriat ekar zioban atzo (…ekarri zioan atzo) Alokutibo iragana.
Miren! Aittek amai ardue ekar doo. (Aitak amari ardoa ekarri dio) Erregistro neutroa.
Miren! Aittek amai ardue ekar zion. (…ekarri zion) Alokutibo oraina.
Miren! Aittek amai ardue ekar zoon atzo (…ekarri zion atzo) Erregistro neutroa, iragana.
Miren! Aittek amai ardue ekar zionan atzo. (…ekarri zionan atzo) Alokutibo iragana.
Adizki alokutiboen osatzea: doo (‘dio’ hark-hari-hura, orain) + -k (giz) / -n (emak) = ziok/zion
zoon (‘zion’ hark-hari-hura, lehen) + -ba-(giz) / -na-(emak) = zioban/zionan
Sakanako hitano-alokutiboaren ezaugarri nagusiak
Erabilerari dagokionez, bereziki lagunartean, adin beretsuko senideen artean, bikoteetan ezkondu baino lehen (bestela zuka), seme-alabekin eta jende gazteagoekin erabiltzen da. Ez da erabiltzen (salbuespenen bat edo beste kenduta) baldintzetan eta mendeko perpausetan, baina bai galde- eta harridura-perpausetan, Euskal Gramatikak kontrakoa badio ere: Fan don? (Joan da?), Lizarragan; Etor dek? (Etorri da?), Etxarrin. Salbuespena aipatu dut mendeko esaldietan ere eta horrela gertatzen da etxarrieran behintzat kausazkoetan bait-, >…eta direnean erabilitako menderagailuak: Eyokela yantzun, ori beitek (dek eta) biak nei deena. (Ez iezaiok erantzun, hori baituk (duk eta) berak nahi duena). Aldiz, ez da erabiltzen -(e)lako morfemarekin: Eyokela yantzun, ori dalako (ez *dekelako) biak nei deena.
‘Etorri’ aditzaren erabilera trinkoa soilik Burundako Altsasun eta Urdiainen gertatzen da. Bakaikun eta gainerako Sakanako hizkeretan ‘heldu izan’ aditza baliatzen da momentuko ekintzak adierazteko bai erabilera neutroan, bai hitano-alokutiboan: jatozik/n (zatozek/n) Altsasun eta Urdiainen; eldu tuk/n (zatozek/n) Bakaikun; eldu ttuk/n (gainerako hizkeretan).
Hizkera gehienetan -k/-n morfema estandarrak ageri dira orain aldian; lehen aldian -ke-/-ne- Burundan (Irañetan ere bai garai batean) eta -ba-/-na- eta -be-/-ne- gainerakoetan. Bestela, ia hizkera guztietan -ye-/-ñe- eta -ya-/-ña-: zakiken/nen (zekian/nan), ziamak/n (zaramak/n), ziamaban/nan (zeramaan/nan), zioben/nen (zegoan/nan), nekiyan/ñan (nekian/nan), niyen/ñen (nian/nan)…
Nor-nori erako adizkietan, ‘nori’ lehen pertsonaren (niri) morfema estandarizatua, -da-, Altsasun eta Urdiainen baino ez da ageri eta bi modu ezberdinetan gainera:-da-Altsasun: zaidak/zaidan; d/r txandaketa edo alternantzia buruturik Urdiainen: zairak/zairan. Gainerako hizkeretan -e- dugu ‘nori’ lehen pertsona singularraren morfema: zikiek/n (Etxarri), dakiet/ñet (Lizarraga, Dorrao), zakiek/n (Arruazu), zakeek/n (Irañeta, Ihabar duela urte batzuk), zakiet/ñet (Arbizu, Lakuntza), zakik/n (Unanu).
Burundako adizki hitano-alokutiboetan soilik ageri da j- (nor, hura-haiek) morfema: jituk/jitun (ditik/ditin, ‘ditu’ neutroa), jok/jon (zagok/zagon, ‘dago’ neutroa)… Bestela azken hau diok/n (Ergoiena), ziok/n (Etxarri, Arbizu, Lakuntza Arruazu).
Hemendik aurrera herri bakoitzeko aditz morfema alokutiboak ikasi behar eta behar bezala erabili.