Kolaborazioa

O tempora, o mores! (euskararen kale-erabilera Sakanan)

Haiek garaiak, haiek ohiturak! Marco Tulio Ciceron erromatarrak erabili zuen batzuetan izenburuko esamolde edo lokuzioa, Catilina-ren eta Verres-en aurkako hitzaldi edo diskurtsoetan esate baterako. Horietan, momentuko usadio eta ohiturak kritikatzen zituen, aurreko garaietako ohitura onak kontrajarririk ordukoei.

Ez nator ni honekin iraganeko edozein garai egungoa baino hobea zenik esatera, ezta gutxiago ere, ez baitute aurrekoek eta oraingoek parekatzerik, ez dute antzik txikiena ere bizitzaren oinarrizko beharretan eta horien kalitatean gutxienez.

Zer dela eta, geroz, garai bateko aittun zaharren erretolikaren itxura daukan hasiera hau? Bada, atzera berriz edo beste behin, gure herriaren ikur eta osagai nagusia den hizkuntzaren egungo ajeekin natorkizuela, nola ez bestela! 

Bistan da gaur egun hiztun potentzial gehiago dituela euskarak Sakanan eta Euskal Herrian ere bai, duela bosten bat hamarkada baino. Ez da zalantzarik baieztatzeko, era berean, egungo euskal hiztun gehienak alfabetatuak direla eta hori aurreko garaietakoen aurrean abantaila beharko litzatekeela erabileran.

Ezin, ordea, ziurtasun berberarekin esan egungo hiztunen ahozko ekoizpena duela bost hamarkadako alfabetatugabeena baino dotoreagoa denik, orokorrean behintzat. Eta hanka sartzeko inolako beldurrik gabe esan dezakegu, ordukoan maizago entzuten zela euskara Sakanako herri euskaldunetan eta Euskal Herriko gainerakoetan ere bai. Ez ditugu egun bezala duela berrogeita hamar-hirurogei urteko datu zehatzak, frankismoak bere ohiko inpunitatearekin debekua jartzen zionean euskarari, baina bai dugu bizirik oroimena eta ordurako Sakanako zenbait herritan aipatu inpunitateak bertako hizkeraren ia desagertzea lortuta izanagatik, gehiago entzuten zela Sakanako kale askotan tokian tokiko hizkera esan dezakegu.

Orain, XXI. mendearen hirugarren hamarkadan sartuta dagoeneko eta teorian, edo era ofizialean, gutxienez euskarak aldeko bolada ezagutzen duela zenbait hamarkadetan, Sakanan kale erabilerak, modurik baikorrenean esanda, ez du lortzen sakandarren arteko komunikazio tresna eraginkorra izatea. Bere erabilera Sakanako kaleetan 2021ean ez da %25era iritsi eta gaztelaniarena, aldiz, %73koa da. Gainerako hizkuntzek (askotan euskara ez erabiltzearen eragile bezala agertu izan dituztenak batzuek) ez dute ia pisurik, %2,6. Garbi dago, orduan, zein den bertako hizkerari egunerokotasunean konpetentzia egiten diona. Eta ‘konpetentzia egin’ erabili dut, baina berez, bataren eta bestearen zenbakiak ikusita, ‘itolarria sortzen’ diona esan beharko nuke.

Zuzenean, inpunitate osoarekin, itotzen saiatu zen frankismoa aurreko mendean eta ez zuen lortu. Itotzen saiatu izan dira inpunitate estaliarekin azken lau hamarkadetan, baina estrategia aldaturik, hau da, lehengo makila erabili beharrean, orain, aldeko kanpaina huts ugari eta horiek bultzatzeko dirulaguntzak baliatzen dituzte (metropoliak koloniarenganako estrategia aldaketa). Hezkuntza arloa euskaratu dute EAEn eta Nafarroako zenbait eskualdeetan, baina ez dute gainerako arloetan (industria, zerbitzuak, osasuna, kazetaritza, aisialdia…) behar bezala eragin. Politikoek ere euskara jakinagatik, gaztelania hutsean burutzen dituzte haien eginkizun gehienak. Honekin guztiarekin batera, euskararen egoera larriagotuz, “buenismo” edo ontasuna (gatazken aurrean hauen larritasuna arintzen saiatu eta ontasunez eta gehiegizko tolerantziaz amore ematen duenaren jarrera) zabaltzen ari da. Jarrera hau ez da soilik agintarien artean baliatzen, kaleetan ere gero eta zabalduago dagoelakoan nago.

Nola uler daitezke, bestela, Sakanako azken bi hamarkadetako euskararen kale-erabileraren datuak?
2018an, sakandarren %42a euskaldun elebiduna zen (hizkuntza gaitasuna zuen) eta beste %14,2ak ulertzen zuen (hartzailea zen) eta pentsatzekoa da lau urteren buruan gehiago izanen direla batzuk eta besteak. Erdaldun elebakarrak (gaztelania eta gainerako hizkuntzak), aldiz, %43,8 ziren eta lau urte geroago, gutxiago izanen direla pentsa daiteke, euskaldun elebidunen kopurua handituz joan bada behintzat. 

Batzuk eta besteak kontuan izanik, euskaraz aritzeko moduan zen sakandarren erdia baino gehiago eta hara non, 2021eko kale-erabileraren neurketan, soilik %24,3a izan da euskara komunikazio-hizkuntza moduan erabili duena. Erdaldun elebakarrek, aldiz, sakandarren erdia baino gutxiago izanik 2018an, %75,7ko erabilera izan dute 2021ean. Lehentxeago aipatzen nuen “buenismo”-rik gabe nekez uler daiteke.

Azkenik, ustez guztia (instituzioak, gizartea, hezkuntza, iritziak…) alde izanik euskarak gurean, begira nolako bilakabidea izan duen azken bi hamarkadetan (2001-2021): lehen hamarkada eta erdian (15 urte), poliki-poliki (neixu-neixu esanen luketen moduan duela mende bateko etxarriarrek), ez txapliguak botatzeko adina, baina erabilera handituz zihoan (%20,7; %21,8; %22,8; %24,8); eta azken bosturtekoan (2016-2021), hara non ez den soilik aipatu erabilera handitu, baizik eta puntu erdian jaitsi den (%24,3). 

Eta adinaren araberako datuak kontuan izaten baditugu, are larriagoa iruditzen zait euskararen egoera gurean, gazteen (15-24) eta helduen (25-64) adin-tarteak baitira azken bosturtekoan erabileran beheraldia izan dutenak, puntu eta erdi pasatxo gazteek (6,5 puntu behera azken hamar urteetan) eta %0,7 helduek. Beste bi adin-tarteei dagokienez, haurrek (2-14) %1,3 igo dute erabileran (10,2 puntu bi hamarkadetan) eta adinekoek (>64 urte) lehen hamarkada eta erdian jaitsiera handia izan bazuten ere, oraingoan ia %4 igo dute.

Garaiak eta ohiturak aipatzen nituen artikuluaren hasieran eta ildo horretatik joaz, nerabezaroa aurreratzen eta gaztaroa luzatzen ezagutzen ari garen garai hauetan, esanen dut lan handia egin dezaketela gazteen antolaguneek euskararen erabileran Sakanan eta Euskal Herri osoan, baina eraginkorrak izateko laguntzak behar izanen dituzte. Hortxe instituzioen ardura. Ezagutzen ditut zertxobait Etxarriko Gaztetxearen eta baita Lakuntzako zenbait gazteren eta horren gazte ez direnen dinamikak eta oso lagungarri izaten ari zaizkio gure hizkuntzaren osasunari. Hortik etor dakioke Sakanako euskararen erabilerari arnasa.