Nondik Kinkurraundi?
Etxarriera menderatu eta behar bezala erabiltzeko zintzur (kinkur) handia edo berezia behar ote da? Hala pentsa zitekeen besterik gabe entzunez gero etxarriarrei egokitutako izengoiti zelebre hau. Are gehiago, aipatu izengoitia erabiltzen zenean, etxarriar ia guztiak etxarrialdun elebakarrak zirela kontuan izaten badugu. Baina ez, ez zen ahots-korda eta eztarri berezia edo handia behar zelako etxarriera erabiltzeko. Ardo kontu zenbaitek argituko digu kinkurraundi izengoitiaren jatorria.
Eldu diela, eldu diela, etxarriar kinkurraundiyok!
Lizarragabengoko San Pedrotako auzateetan (auzo + edate) esaten omen zuten, etxarriarrak trenbidetik bertaratzen ari zirela ikustean. Gure osaba zen Anbrosio Erdozia etxarriarrak behin baino gehiagotan kontatu zidan horrela izaten zela normalean San Pedrotan Lizarragabengora iristen ari zirela etxarriarrak, baina maila literarioa eransten zion osabak pasadizoari, elizako bi ezkilek ere lizarragabengoarren leloa errepikatzen zutela atsedenik gabe gehituz. Ezkila txikiak, soinu oso arin eta sarkorra baliaturik, nivinoniagua-nivinoniagua esaten omen zuen lauzpabost alditan arin-arin; eta handiak, berriz, txikiak amaitu bezain laster, soinu "solemne" edo hotsandiko eta sakonekoarekin, taaan-po-co-paaan / taaan-po-co-paaan. Bistan da erdaldun elebakarrak zirela Lizarragabengoko elizako bi ezkilak. Eta lelo horiek tartean entzuten zituztela iristen omen ziren herriko plazara, egia bada ere, gero, barre eta umore ona tarteko, zeinen gustura egoten ziren lizarragabengoarrekin auzatean esanez amaitzen zuela pasadizoaren kontakizuna osabak.
Rafael Carasatorre etxarriarrak ere Barranca Burunda liburu ederrean (1993, 230 or.) ondorengo sarrera dakar, azalpena eta guzti: "Kinkurraundi: tragón; Eldudie, eldudie Etxarriko kinkurraundiyek! (ya vienen los tragones de Etxarri). Malo era el camino que de Etxarri, por la tejería, iba derecho a Arbizu; clavado en el barro el carro de caballería veía un arbizuarra, cuando oye el tañido de la campanas y dice: 'Etxarriko kinkurraundiyek errepike jotzen obeki aakizube, bei, bidiek apeintzen beño'. "
Jose Agustin Garziandia unanuarrak ere (2004, 37) horrela jaso zuen emakume etxarriar batekin Iruñan topo egin eta hark esan zionean haiek gaztetan unanuarrei zataundi esaten zietela, unanuarrak ahotik hortzera horrela botata: "Eta nik segidan erantzun nion esanez: -Eta Etxarriarra, kinkur aundi." Ohikoak ziren herri baten eta ondokoaren arteko ziria sartzeko horrelakoak.
Lizarraga Ergoieneko euskara liburuan ere (2008, 303) honelaxe dator kinkur aundi azpisarreraren laugarren adieran: "d) mote de los nacidos en Etxarri". Lizarragatarrek, orduan, zertxobait gehiago mugatzen dute izengoitiaren aplikazioa, Etxarrin bertan jaiotakoei.
Nik neronek ere, Sakanako Hiztegi Dialektologikoa liburuan (2004, 175) azpisarrera moduan horrela jaso nuen izenondo hau: "Kinkurraundi izond. Asko edan eta jaten duena Eldu ttuk, etxarriar kinkurraundiyok! (Heldu dituk etxarriar kinkurrandiok!). 'Tragón'."
Eta kinkur-arekin segituz, honela nioen 'Ikazkintza Sakanan' artikuluan (Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (CEEN), 95, 2021, 241-255): "Jauperie (otordurako deia) aditu eta txabolaren inguruan, era zirkularrean zutika kokatutako enbor zati batzuetan jartzen ziren jatera kuadrillakideak (txondor lanetan zebiltzanak basoan), erdian elikagaiak zituztela. Ardoa edateko zahatoa baliatzen zuten eta hura dantzan erabiltzen zuten kide baten eskuetatik ondokoarenetara pasatuz etenik gabe. Ikazkin etxarriarrek ziotenaren arabera, kide bakoitzak bi «kinkurraldi» (zintzur-sagarraren kolpe) baino ezin zituen hartu zahatoa eskuetan zuen bakoitzean eta edozergatik zintzur-sagarrak kolpea emanez gero, ahoa beterik egonen balitz bezala kontuan izaten zuten. Normalean, zintzur-sagarraren kolpea, aho osoa ardoz mukuru zegoenean ematen zuten".
Azalpenak azalpen, ez nuke nahi lerro hauek ardozaletasunaren apologiatako hartzerik inork, jakitun baikara guztiok nolako kalteak dakartzan aipatu zaletasunak neurritik kanpo praktikatzen bada, beste zaletasun askoren moduan, baina izengoitiaren jatorriak eta auzateen mendeetako ohiturak berak ere, gure aurrekoek bizi izandakoak gureganaino iritsarazi izanak gogoratzea ez dio inori kalterik eginen. Ardo gosez bizi omen ziren garai askotan gurean eta inguruan ere eta pentsa daiteke, batzuen kasuan behintzat, ardoarekin "erromantze berezia" medio, horiexek izan zituztela momenturik gozoenak garaian garaiko bizitza latz haietan eta, zalantzarik txikiena gabe ere, kinkurraundi-en hizkera baliaturik.
Etxarrierara itzulita, esanen dut urte honetan dudala asmoa kinkurraundion hizkera jasotzen duen liburua kaleratzeko, XX. mendearen azken bi hamarkadetan etxarriar sortu berriek ez dutelako dagoeneko haien aurrekoen euskal hizkera soila jaso edo ikasi, indar handiz Euskal Herrian hedatzen hasia zen euskara batuarekin nahasirik baizik. Etxean kinkurraundion hizkera eta ikastolan eta eskolan euskara batua. Eta XXI. mende honetako lehen bi hamarkada hauetan, belaunaldi berrien lanbide eta ohitura ezberdinen bultzadaz, etxarriarron hizkerak, ezinbestean, euskara batuaren eragina jaso du eta hamarkada gutxitan seguruenik, gainera, handiagoa izanen da bere pisua etxarriarren komunikatzeko tresnari dagokionez. Gaitzerdi, hala ere, euskara bada ondorengo hamarkada horietan ere tresna hori.
Betikoa, orduan, ez erabat galtzeko eta behar bezala txertatu ahal izateko ezinbestean aurrera egin behar duen euskara batuan, XX. mendeko kinkurraundion hizkerari buruz esan edo idatzitakoak eta bere ezaugarriak bereziki deskribatu eta jasotzea izanen da liburu honen xede nagusia. Deskribatu, jaso eta berarekin gozatzen jarraitu ahal izateko aukera hurrengo belaunaldiei zabaltzea da beste xedea.
Horretarako, lehen-lehenik, etxarrierari buruz gaur egun arte idatzi dena jaso; etxarriera hizpide izan duten lanik esanguratsuenak ere kontuan izan; ondoren etxarrieraren inguruko hizkerekiko alderaketa egin; gure hizkeraren azentuarenganako hurbilketatxoarekin jarraitu; eta, azkenik, bere ezaugarrien ahalik eta deskribapenik osatuena egiten saiatuko naiz, horretarako fonetika-fonologia, morfologia eta sintaxia arloetako ezaugarri nabarmenenak erakutsi eta bere lexiko aberatsaren bildumarik osatuarena burutuz.
Akabatzeko, kinkurraundion hizkera nola erabiltzen dugun jakiteko modurik egokiena izan daitekeelakoan, hainbat idatzi paratuko ditut deskribapenean erakutsitako ezaugarri gehienak baliaturik.