Kolaborazioa

Jan-edanak eta aisiarekin zerikusia duten zenbait esaera zahar Sakanan

Aurrekoan eguraldiarekin eta egutegiarekin loturik agertzen ziren Sakanako esaera zahar zenbait eta oraingoan beste arlo semantiko bat/batzuk izanen ditut hizpide, aspaldiko sakandarren herri-jakinduria islatzen dutenak. 
Ugari dira, gurean ere, otorduekin, jaiekin edota aisialdiarekin orokorrean zerikusia duten esaera zaharrak, haiek guztiak (janari-edari, festa edo aisialdi kontzeptu bera bazela esan badaiteke) askoz ere urriagoak izanagatik.

Meipeti pixtu! (Mahaipetik txistu!) (Etxarri, Lizarraga)
Otordu batera berandu iristen denari esaten zaio, besterik egin ezin izanen duela gaztigatuz.

Bere ogitti ezta asi zopak eitten (Bere ogitik ez da hasi zopak egiten) (Arruazu)
Besterenetik eta ez beretik hasi da, badaezpada ere. Berekoikeria adierazteko erabiltzen da.

Zopak eta furrut nei (izen)! (Zopak eta zurrut nahi (izan)!) (Burunda, Aranatz)
Zerbaitekin konformatu ez eta guztia nahi duenari esaten zaio. Lizarragan zertxobait luzatzen dute: Ik zopak eta alai furrut nei dok? (Hik zopak eta hala ere zurrut nahi duk?). Gaztelaniaz ere kontzeptu berberak erabiltzen dira: "¡Sopas y sorber, no puede ser!".

Kafie, bazkai onan dijigarri eta txarran berdingarri! (Kafea, bazkari onaren dijerigarri eta txarraren berdingarri!) (Lizarragabengoa)
Kafea, nolanahi ere, beti mesedegarri: bazkari onaren osagaia eta bestelakoaren gustu txarra estaltzekoa.

Gari ona, kutxati saltzen da! (Unanu) 
Produktu onek ez dute publizitate handirik behar, erosleak agertuko baitira haien bila.

Guu meye mei ondratu, lenoo lertu ze sobratu! 
(Gure mahaia mahai ondratu, lehenago lehertu zer sobratu!) (Aranatz)
Beste garaiak izan behar ziren, ez da zalantzarik, mahaira ateratzen zen guztia jaten zutenekoa sakandarrek. Jateko ugari zegoen gutxitan ere, badaezpada, aprobetxatu beharra zeukaten ez baitzekiten noiz izanen zuten atzera berriz horrelako aukera. Ezin halakorik esan gaur egun, zorionez ala zoritxarrez?

Zakube utsik ez da tente yoten! (Zakua hutsik ez da tente -zutik- egoten!) (Aranatz)
Izaki bizidunok ere ezin tente iraun, sabela (zakua) hutsik denbora luzean izatekotan. Gosearen metafora izanen genuke esaera honena.
Uts beriketube beño, ardo madariketube neyoo! 
(Ur bedeinkatua baino, ardo madarikatua nahiago!) (Etxarri Aranatz) 
Edozein garaitako izenak eta zorionez beste garai batzuetako izenondoen kontzeptuak kontrajarririk, zaletasunaren alde eginik orduko politikoki zuzenaren aurrean.

Doonien bon-bon, ez toonien yon! Daunien bonbon eta ez taunien oon! Donaaki, donekikue! (Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon! Dagoenarekin, dagoenekikoa!) (Aranatz) 
Edozer dela ere, dagoenean aprobetxatu behar da eta ez dagoenean jasan. Orotariko Euskal Hiztegian ere horrela dator jasoa onomatopeia eta erabat zabaldua Euskal Herri gehienean: bon-bon. (V, G, AN, L, BN, R), bun-bu (S), bun-bun.(…) (Palabra de categoría gramatical no bien definida, con sdo. vinculado a la idea de derroche, gasto o consumo despreocupado). Gasto profuso. Dagonean bon-bon, eztagonean egon (Vc), delarik bon-bon, eztelarik egon (B), cuando hay, se gasta en abundancia; cuando no hay, se aguanta A.
Hirugarrenaren mezuak errealismora bideratzen ditu gizakion eginkizunak: duzunarekin bizi behar duzu eta horretara egokitu.

Letxuboi ez da zui batzien jayua! (Arruazu) (Letxuga/uraza hori ez da zure baratzean jaioa!), Ori ez ta zuu batzeko letxube! (Etxarri Aranatz) (Hori ez da zure baratzeko uraza!), Axui oi ez ta zui estarbikua! (Arbizu) (Axuri hori ez da zure ikuilukoa!) 
Norbaitek esandako zerbait, beste batek eraginik izan dela adierazteko erabiltzen da, beste baten ahotik ariko balitz bezala.

Goseik eztukanandako, maia beti pronto! (Burunda) (Goserik ez daukanarendako, mahaia beti pronto!) Nei ez tonandako, afaye prest! (Lizarraga) (Nahi ez duenarendako, afaria prest!).
Gose ezak ez du prestakuntza lanik sortzen.

Nun da naure gogú, an da naure zankú! (Burunda), Nun da nee gogue, an da nee zangue! (Aranatz) (Non da neure/nire gogoa, han da neure/nire zangoa!) 
Zer bururatu, hura egiten dut. Gogoak hala agindurik, huraxe egiten saiatzen naiz. 

Nun illundu, an ostatu! (Aranatz) 
Herritik kanpora abiatu, bidaian edo, gauak non pasatu zehaztu gabe. Bidaiaren beraren egunean eguneko interesak markatuko du gaua non pasatuko den.

Guai guaikue/a, gio giokue/a! (Aranatz)  (Orain oraingoa, gero gerokoa!) Momentuan egin beharrekoa egin, ondorengoaz kezkatu gabe. Gauza bakoitza bere tenorean.

Auzalan, etxien/itxen jan da kanpuen lan! (Burunda, Arbizu, Lizarraga) (Auzolan, etxean jan eta kanpoan lan!)
Gastuak etxean eta lanak kanpoan, norberarendako etekinik gabeko eginkizuna dela adierazten du.

Asiek gosien kuidaduik ez! (Burunda) (Aseak gosearen kuidadorik/kezkarik ez!)
Ase dagoenak ez du gosea pasatzeko kezkarik. 

Ire eltzia gatza botatzen asten eizenien, ikuskon gauzek zenbat baliyo diñen! (Lizarraga) (Hire eltzera gatza botatzen hasten haizenean, ikusiko dun gauzek zenbat balio duten!)
Norbera bere kontura bizitzen hasi bitartean ez da konturatzen bizitzak berarekin daramatzan beharrez. 

Zaian/zeiten zur ta iriñetan ero/abar! (Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz) (Zahietan zuhur eta irinetan abar!) 
Zahi esaten zaio eho ondorengo gariaren edo beste aleen azalari eta OEHn ikusten den moduan oso zabaldua da: zahi.1. (V, G, AN, L, BN, Ae, S, R), zagi (L, B, Sal), sahi (V-gip), sei (V-arr). (…) Salvado. (…) Allegadores de la ceniza y derramadores de la harina, zaietan zur ta iriñetan ero. Garia edo beste aleren baten kalitatea da esaerak adierazten duena, azal gutxikoa eta mami (irin) askokoa.

Lur beltzak, ogi zuiya! (Lizarraga) 
Lur ongarrituak, beltzak, uzta ona ematen du normalean eta kasu honetan, gariaren fruitu den ogi zuria, ona, ematen duela adierazten bi koloreen kontrastea baliaturik.

Goiz jagia, goiz gose; beandu jagia loz ase! (Bakaiku) (Goiz jaikia, goiz gose; berandu jaikia, loaz ase!) 
Goiz altxatu denak, goiz izaten du jan beharra ere eta, aldiz, berandu altxatzen denak, nahikoa lo eginik, ez du horrenbeste beharrik.

Gari montonien doon txoriyan penik ez ta sekule urai ber! (Etxarri Aranatz) (Gari metan -montoian- dagoen txoriaren penarik ez da sekula eduki behar!) 
Begi-bistakoa da esaera honen esanahia. Zer gehiago nahi izan dezake txori arrunt batek? Gauza bera horrelako egoeran dagoen gizakiak ere. Denetatik duenak ez du errukirik sortzen.

Yon ari lo ta jango dek me! (Etxarri Aranatz) (Egon hadi lo eta jango duk mehe!)
Zerbait lortu nahi izanez gero erne ibili beharra dagoela adierazten digu. Esaeraren bigarren zatia, ondorioa, era ederrean dago sortua sinestesia medio, hau da, mehe izenondoa ez da jan aditzarekin lotzeko elementua, baina bai aipatu aditzaren ekintza ez egitearen ondorioa.