Badira, jakina, toponimo errepikatuak Euskal Herri osoan eta baita Sakanako herri ezberdinetan ere (Barga, Lantegi, Basabea/Bekobaso, Itsasi…), bereziki mugakide direnetan, eta are gehiago dira batean eta bestean errepikatzen diren toponimiako generikoak, hau da, toponimoaren ardatz ez direnak, baizik eta ardatz den horri deskribapen mailan zerbait eransten diotenak: gain, zulo, ibai, bide, erreka, bizkar… Horiek guztiak Euskal Herriko eremu zabalean dira ezagunak eta horregatik ez ditut zerrenda honetan sartuko. Soilik Sakanako toponimian ageri direnak jasoko ditut, hau da, Euskal Herriko beste lurralde batzuetakoekiko nahiko bereizgarriak datekenak. Eta azken hauek zerrendatuko ditut, alfabetoz ordenaturik hauek ere, ondorengo lerrootan.
aiseleku, itxoi Atseden hartzeko lekua, arnasa hartzekoa. Aiseleku Olaztin, Itxoizelaia Urdiainen, Deskansarri Uharte Arakilen.
arrubi Harrobia, harria ateratzen den lekua. "Cantera". Bakaikun Gaintzan arrubi.
auntzetxe Jatorrian, ahuntzak gauez biltzeko eraikina basoan. Normalean gainerako ganadua biltzeko ere bai. Guztiak edo ia guztiak Beheko Basoetako eremuan. Auntzetxeberri/auntzetxezar Olaztin.
axkoi Basoan landare ezberdinekin egiten den hazi tokia. "Semillero". Baxateko axkoia Etxarrin.
baltegi Gari balak biltzen direneko eraikina da, biltegia izanen genuke, beraz. Baltegi Ihabarren, Satrustegin eta Urritzolan.
baso, oian Zuhaitzez osatutako herri bakoitzaren eremua. Beheko Basoa edo Basabea iparraldean eta Barga hegoaldean. Bigarrena Arruazutik ekialdera: Oiantxiki Arruazun, Oianandi Irañetan, Oianzabal Hiriberrin, Oiansoro Urritzolan.
basoitxi / i(t)sasi Zerratu ere erabiltzen da eta ganadua bertan ez sartzeko leku itxi edo hesia da bertan landare gazteak arazorik gabe hazteko.. Biak hitz konposatuak (baso + itxi; idi + (h)esi), Lehena Ziordian eta Altsasun, bigarrena Olaztin, Altsasun, Iturmendin Aranatzen eta Arakilen.
bideberri Errepidea. Autobidea eta bideberria, biak ala biak asfaltatuak. Bentako bideberriazpia Urdiainen.
boton Botoi. Harri izenarekin lotuak gehienbat, txikia eta borobila esanahiarekin. Arbotoneta Arbizun, Arripotto Ihabarren.
buru Eremu bateko goiko aldea. Areñaburu Arbizun, Epelburu Uharte Arakilen eta Irañetan, Olaburu Aizkorben.
buztin Lohi mota, ontziak egiteko balio duena. Buztiñeta Irañetan, Buztiña Errotzen.
dermi(y)o/dermau Lantzeko lurrak osatzen dute dermioa. Burundan dermau.
erreten Ubide, errotara ura eramatekoa. ‘Azekia edo kanala’. Erretenalde Bakaikun.
espila Etxe edo herrigune ondoko soro edo baratze hesitua. Hesia, harri zapalez (lauza) edo oholez egiten zen. Espilaundi Balaikun, Espilleta Lakuntzan.
euntze Larre, belardi, pentze. Euntzeguti Urdiainen.
galtzada Zorua harriz egina duen bidea. Galtzadazar Iturmendin.
galtzin (kare) Karea. Bereziki Aranatzen erabiltzen da. Galtzinlabe Lizarragan.
ganbela Aska, normalean harrizkoa edo egurrezkoa. Bertan ganaduari jatera eta edatera ematen zitzaion. Gehienetan iturria ganbelarekin izaten da. Ganbeleta Unanun, Uharten eta Egiarretan. Ganbelatto Etxarrenen.
Gerrietu Lurra beherantz amildua, mugitua. "Corrimiento de tierra". Gerrietako zulo Lizarragan.
gibel Atze, zerbaiten atzeko aldea adierazten du. Garategibel Unanun, Aizkibel Iturmendin eta Etxeberrin, Ardogibel Irurtzunen.
goba Haitzuloa Burundan. Lurrean era horizontalean sartzen da, lezea, aldiz, bertikalean. Gobazpi Ziordian. Aranatzen eta Arakilen kueba.
igara/ihara/ara- Eihera, errota. Igaratza Aralarren eta Altsasun. Arakil(e), Aralar(re)…
irrist Laprast, labain. Irrista Lakuntzan, Irristagor Unanun.
kaba Eraikin edo soro baten inguruan egiten den zanja. Kabalde Altsasun.
kamio Normalean 'mando' izenari lotua doa eta galtzadaren sinonimotako har daiteke. Mandakamio Ziordian.
kipula Tipula. Kipular Ziordian eta Kipulasoro Urdiainen.
kolarre Borda baino txikiagoa den eraikina, basoan egiten dena. "Corral". Angarteko kolarreak Unanun.
lantei, tai lantegi aspaldiko zentzuan, zeinen arabera basoko lanek, bereziki zuhaitzak bota eta atera, lantei izena zeramaten. Burunda ekialdean tai (-tegi), lantegi izenaren laburdura, ganaduarekiko basoko lanak ere adierazten zituen eta bereziki ardiak biltzeko tokia. Txirriñalantei Dorraon, Lantegi Zuhatzun.
larrain Eultzia egiteko larrea. Larreñondo Etxarrin, Lakuntzan eta Arruazun; Larrainpe Dorraon eta Hiriberrin; Larraintxo Izurdiagan.
madura / si(y)ets Lehena Burundan. Sihats, hezetasun handiko eremua. Siyetseta Arbizun.
malkor Haitz, arkaitz. Ubezako malkorra Lizarragan, Bitarteko malkorra Uharten, Malkorzurieta Aizkorben.
mandio Malda edo eremu zaila bertan ibili edo aritzeko. Mandiotxabala Unanun.
monttei Mintegi. Montteia Dorraon.
muno Gorune nabarmena. "Colina". Zelatamuno Etxarrin.
musu Aurreko aldea. Ibarmusu Altsasun.
pokale Zerbaiten aurrealdea, etxekoa esate baterako. Pokale Arruazun, Asapokal Hiriberrin.
portalanga Bideak edo eremu bateko sarrera ixteko haga. Horrela Dorraon.
portillo/portu Harrate edo mendi gainera ateratzen den bidea. Otsoportillo Urbasan eta Hiriberrin, Atazarko portua Arruazun.
putzu, usin/otxin, idoi Toki hezea, paltsa. Puttubioki Etxarrin, Osina Olaztin, Idoia Etxarrenen, Idoitxiki Ihabarren.
sare/saroi (sare + goi?), sarobe/sarabe (sare + behe?) Ganadua biltzeko eremua baso edo mendian, goialdeetan, udarako lehenak eta beheko aldeetan besteak. Lehena bakarrik Aranatzen, baina Dorraon 1699ko mugarritzeetan Veiernarisarobea ageri zaigu. Ziordisaroi (Ziordia), Perusaroi (Olaztin), Kortako Saroi (Altsasu), guztiak daude herriak baino altuera handiagoan, basoetan.
soro / alor Lehena Burundan eta Aranatzen, bestea Arakilen. Artasoro Bakaikun eta Etxarrin, Alorzar Etxeberrin eta Zuhatzun.
tontor Punta, erpina. "Cumbre". Tontorraundi Unanun.
tufa Tuparria. "Cayuela, toba". Tufeta Irañetan eta Etxarrenen.
txara Zuhaitz mehe eta luzea, normalean pagoa, "Jara". Txa(rad)igorri Etxarrin.
txelei, txabala Zelai, zabala izenen hipokoristikoak, eremu laua, gorunerik gabea, ordokia. "Llano, llanura". Mandiotxabala Unanun.
txunka/iya Ihia, toki hezeetan ateratzen den belar landarea. "Junco". Horrela Dorraon.
txuritu Garbia, landaretzarik gabea. Pelloneko txuritua Unanun.
ubalde Ibaia. Lezizako ubaldea Arbizun eta Dorraon.
ubarka Ibaiko presa. Ur + arka bere osagaiak. Ubarkatxota Ziordian, Ubarkagain Egiarretan, Uarka Satrustegin.
urdin Toponimian gris kolorea adierazten du eta normalean 'harri' izenari lotua. Arriurdin Etxarrin eta Ihabarren, Urdiña Irurtzunen.
zapar Zapar, arbol mehea: urritza, pago gaztia; sasi eztienak, zaparrak dia (Ond Bak). Hesiek zaparrakin iten zian 'hesiak zaparrarekin egiten ziren'. Zapardegia Olaztin, Zapardi Izurdiagan.
zier/zidar Zeharra, hegala, gehienbat lurrari lotua. Bakaikun zidar. "Ladera". Eloako zubiko zierra Dorraon eta Otsaiko errekako zidarra Urdiainen.
zotola Basoko txerriendako txabola, zohiz egina. Zotolen tokiya Dorraon.