Kolaborazioa

Berrezarpen lexikala Sakanako hitzak baliaturik

Euskara, hizkuntza zaharra izanik eta euskaldunon lanbideak mendeetan zehar aldatuz joan direnez, hainbat eta hainbat hitzen jatorrizko esanahia egokitzen joan da eginkizun berrietara. Ezagunak ditugu ardatz bezalako hitzak egun hainbat jakintza arlotan erabiltzen dena, edo hausnartu eta jorratu esate baterako, jatorriz 'animalia belarjaleen ekintza' eta 'soroko lana' adierazten zutenak hurrenez hurren eta egun, 'gauzak ongi pentsatu eta aztertu' eta 'edozein gai landu' esateko ere erabiltzen ditugunak.
Eta horiekin batera badira beste zenbait hitz Sakanako lexikoan baliagarri suerta daitezkeenak sortzen diren kontzeptu berriak adierazteko eta belaunaldi berriek ez dituzte ezagutzen.

  • iragotu (irautu Etxarri Aranatzen) (Quedar obsoleto). Sutarako egurra kanpoan, metereologiaren eraginaren mendean, denbora asko pasatu ondoren erabat belzturik geratzen da eta ez du surik ere egiteko balio. Horrela jaso zion Andres Garmendia etxarriarrak bere ama Isidora Izari: Iguel dek egurroi ezpadook subai botatzen, irautuik ziok ta! (Igual duk egur hori suari ez badiok botatzen, iragoturik zagok eta!). Hitz bera ia, jaso zuen Juan San Martinek Eibarren, iraotu 'revenir', burdin lagintzari lotua. Orotariko Euskal Hiztegian (OEH) bestalde, iragotu sarrera dator eta ondorengoa jarraian: "Revenir el acero después del temple, hasta irisarlo". Oso egokia izan daiteke hitz hau, iragotu, egun horren erabilia den 'obsoleto' hitza adierazteko. Zaharkitu hitzak ez du zehatz-mehatz kontzeptu hau adierazten, zahartzea eta egungo beharretarako ezegoki gelditu edo suertatzea ez dira eta, gauza bera beti izaten. Etxarri Aranazko burutzapenak primeran adierazten du iragotu dela jatorrizko hitza: iragotu > iraotu (bokal arteko herskariaren erorketa) > irautu (diptongazioa).
  • ikertza(tu) iz.(ad.) (Etxarri Aranatz, Lizarraga) (Tasar -los daños-) Ganaduak soroan egindako kalteak, normalean uzta jan duelako adierazten du izenak eta aditzak, berriz, egindako kalteak aztertzearen ekintza. Egun, ezbeharren bat suertatu ondoren sortutako kalte ordainak aseguruari eskatzeko erabil daiteke.
  • pertzeko (Etxarri Aranatz, Lizarraga) (Comida basura) Pertzan prestaturiko janaria animaliendako, inolako janari ongailurik gabea, beheko suko laratzetik zintzilik egosita baino ez. Pertsonendako gaizki prestatutakoari ere horrela esaten zaio Aranazko bi herri horietan gutxienez. 'Zabor janaria' itzulpena ordezkatzeko balio lezake.
  • igurain (igurei/igurai/ingurei, Sakana) (Guarda de seguridad) Herriko basoak eta soroak zaintzen dituen pertsona. Bere jatorrian 'iguriki' edo 'inguru + zain' egon daitezke, Unanun kontsonante herskariaren aurretik sudurkaria daramalarik, ingurei, entzuten baita dudarik gabe. Inguru bateko "segurata" itzultzeko erabil daiteke.
  • etro (Sakana erdialdea, Larraun) (Promiscuo/a) Gehiegikeria adierazteko erabiltzen da. Sakana erdialdean, gehienbat jan-edanari lotua erabiltzen da. Larraunen aldiz, OEHn ageri den moduan, euriarekin: Etro ari du 'llueve torrencialmente' datorrelarik. Burutzapen egokia izan daiteke beste motatako gehiegikeriak ere, sexu mailakoak esate baterako, adierazteko. Horrelaxe, gaztelaniako 'promiscuo/a' izenondoa adierazteko 'etro' erabil liteke.
  • porka (Sakana) iz. Gai baten multzoa adierazten du. Gaztelaniako 'horca', 'sarta', 'ristra' eta 'racimo' hitzak ordezkatzen ditu: artaporka, matsporka (mahatsporka), batxuiporka (baratxuriporka), … Etxarri Aranatzen izporka ere erabiltzen da, izen eta izenondo moduan, 'hitz andana' eta 'hitzontzi' adierazten duela kategoria bakoitzean. OEHn modu ezberdinetan dago jasoa, baina esanahi berarekin: morka, borka (AN-ulz, Sal, R), porka (G-nav, AN, B). Eta badirudi hedapen handiagoa izan duela izen honek, beti ere toponimiari erreparatzen badiogu. Ezaguna dugu guztiok, azken hamarkada hauetako arkeologia indusketak medio, Burgosko Atapuerca toponimoa. Jose Mari Satrustegi izan zen lehengotarikoa esaten hitz horrek euskal etimologia ukan zezakeela. Nik ere hala uste dut. Bere lehen osagaia, 'ate' (ata konposizioan), oso hedatua dago Euskal Herri osoan eta, bigarrena izan daitekeena,  'porka', oso erabilia izan da duela gutxi arte Sakana osoan, gorago esaten nuen esanahiarekin. Hala ere, toponimo honen osagaiak hauek izatekotan, kasu honetan ere gaztelaniak izan du eragin zuzena bere bilakabidean, jatorria latinekoa duten beste kasu batzuetan gertatu den moduan erdiko bokalaren diptongazioa burutuz, hau da, o > ue bihurtu du. Hala suertatu da, esate baterako, portam > puerta, solum > suelo, … hitzen kasuan. Beraz, 'ate' eta 'porka' izanen balira toponimoaren osagaiak, ate, sarrera edo kobazulo multzoa adieraziko luke. Ez al du zentzurik? Dena dela, eta berrezarpen lexikalera itzuliz atzera berriz, hitz hau egokia izan daiteke jatorri bereko gai multzoak adierazteko, hala nola, izarporka edo izarmorka 'konstelazioa' edo argiporka  edo argimorka 'bonbilla askoko lanpara' adierazteko.
  • potokeria (potokei Sakana erdialdean) Litxarreria. Potoan saltzen zena, horrelakoak ezagutzen hasi zirenean, XX. mendeko bigarren erdiaren hasieran, eguneroko jakia ez zena adierazteko erabiltzen zen. Egun 'litxarreria' edo haurren artean horren zabaldua dugun 'txutxe' hitza ordezka dezake.
  • hesol (Sakana) Oholez egindako itxia edo pareta da eta 'hesi' eta 'ohol' dira bere osagaiak. Sakanaz gain nahiko hedatua dago hitz hau Euskal Herrian zehar OEHren arabera (G-to, B, BN-ciz). Hizkuntza guztiek burutzapen ezberdinak dituzte antzeko esanahiarekin, gaztelaniak esate baterako, 'pared', 'muro' eta 'tabique' bereizten ditu. Eta hauxe, hesol, egokia izan daiteke gaztelaniako azken adiera ordezkatzeko.
  • gazur (Sakana) Gaztari kentzen zaion ura. "Suero de la leche" itzulirik ageri da jaso dutenen artean. Egun medikuntzan hain erabilia den terminoa adierazteko, 'suero', erabil daiteke.
  • txirrimiskeria (Sakana erdialdea) Garrantzirik gabeko eginbeharra adierazten du. Gaztelaniako "acción o cuestión superficial" itzultzeko balio lezake, 'peccata minuta' kultismoaren parekoa.
  • lepatxikiko, lepagaineko (Sakana) Lepo atzealdean emandako kolpe txikia da. Gazteek maiz erabiltzen duten gaztelaniako 'colleja' itzultzeko erabil daiteke.
  • portalanga, langa (Sakana) Bide bateko pasa oztopatzekoa, altuera ezberdinetako hiruzpalau langaz osatua. Langak makil luzeak dira, bidea alde batetik bestera ixteko modukoak. "Peajea" adierazteko baliagarri suerta daiteke.
  • jareindura (irinddura Etxarrin, jarein Burundan 'askatu, libratu') Etxarrikoan esne kolpea, jezterakoan edo kumeak hartzerakoan, bat-batean datorrenean. "Eyaculación" hitza itzultzeko erabil daiteke, 'isurketa' (vertido) oso orokorra baita.
  • eseki (Sakana) Gari izpiek multzokaturik espala izena osatzen dute, horietako bospaseik bala eta azken hauetako bakoitza lotzeko erabiltzen da esekia, zikirioz egina. Ondarrak etsaki eta Izagirrek etseikiya jaso zuten Bakaikun eta Altsasun. Egokia izan daiteke 'cinta de embalar' kontzeptua adierazteko.