Ezinbestekoa dugu euskara batua, gure milurteetako hizkuntzak iraun behar badu. Eta eskerrak hizkuntzaren estandarizazio prozesuari hasiera eman eta aurreko mendearen azken laurdenean, bereziki, hauxe egonkortzen joan den. Estandarizazio horri esker dugu gaur egun inoiz euskarak izan duen hiztun potentzial kopururik handiena. Euskaraz hitz egiteko trebetasuna bai, baina zoritxarrez ezin gauza bera esan erabilerari buruz.
Euskara batua egonkorturik, ez hala ere osaturik.
Bizi-bizirik dauden hizkuntzak, ez dira inoiz erabat osatzen, etengabeko bilakatzea izaten dute eta gure estandarizatuak, horren urte gutxiko bizitza izanik, tokian tokiko soin(gain)ekoak jantzi behar ditu, praktikoago bezain erakargarriago izateko. Eta horretara abiatuko naiz.
Hizkuntzaren arlo guztietako apaingarriekin jantzi dezakegu gurean euskara batua, aiton-amonek haien ilobekin etenik ez izateko. Katagorri hemen aiton-amonek eta urtxintxa hauen ilobek eta biak euskara batukoak. Zergatik horrela? Testu liburu guztiek eta irakasle askok hala erakutsita.
Aiton-amona erabili dut neuk ere, baina aitajaun-amandre Burundan eta aittun-amiña Aranatzen eta Arakilen (euskara batukoak ere, aitona > aittuna) erabili beharko nuke.
Fonetismoak aipaturik, horietako zenbait, ez dira soilik Sakanara mugatzen eta Nafarrerako ezaugarri dira. Hor ditugu -on amaieran duten gaztelaniako zenbait mailegu: kamiona, klariona, balkona, balona, kainona… (kamioi, balkoi…).
Bestela ere, /z/ eta /s/ kontsonante txistukariak ederki asko ahoskatzen jakinagatik Sakanan, Nafarroako euskal hizkeretan bezala, bigarrenaren aldeko apustua egiten da, deklinabideko (posposizio lotuak esaten omen zaio egun) instrumentalaren morfemari dagokionez: oiñes, etxes etxe, burus ikasi, barres/farres/irris lehertu…
Morfologiari erreparatzen badiogu, aipatu deklinabideko kasu batzuetan, zenbait aditzondorenean eta beste batzuenean, aiton-amonek modu batean eta ilobek beste batean entzunen ditugu:
Destinatiboan, amarentzat, lagunarentzat, norentzat, zuretzat… / ama(re)ndako, la(g)una(re)n-dako, no(re)ndako, zu(re)tako…
Prolatiboan, medikutzat, alkatetzat, laguntzat… / medikutako, alkatetako, lagunetako…
Inesiboan eta leku genitiboko izen bizidunekikoa ezberdin erabiltzen dute: lagunarengan daukagu konfidantza / lagunaren baitan, Amarenganako errespetua / amaren baitako.
Moduzko zenbait aditzondo, Sakana osoan Burundakoan bezala erabiltzen dituzte gazteek, Burundakoak bat egiten duelako hedadura handiko -to (-do) morfema baliatzen duten horiekin: ondo, txarto, hobeto… vs ongi, txarki, hobeki…
Ehuneko eta hamarreko zenbatzaileak, lehen modu ezberdinean erabiltzen ziren: bietan ehun (berrehun), hiru(re)tan ehun, lauretan ehun, bostetan ehun, seietan ehun, zazpietan ehun, zortzietan ehun, bederatzietan ehun, bietan hogei (berrogei), hiruretan hogei , lauretan hogei.
Eratorpenean ere, -degi (-tegi) eta -di (-ti) atzizkiak fitonimoekin erabiltzeko garaian: hariztegi (harizti), fagadegi (pagadi), gaztaindegi (gaztainadi), intxaurdegi (intxaurdi/intxausti), pinudegi (pinudi)…
Aditzaren etorkizuneko morfemak bi dira, -en eta -ko (-go), eta lehena gutxi entzuten da: esanen / esango, eginen / egingo, emanen / emango, hilen / hilko…
Etorri aditzaren forma trinkoak ez ziren erabiltzen Aranatzen eta Arakilen, 'heldu izan' baizik: Hi, heldu haiz? (…bahator?), Eguraldi txarra heldu da (…dator)…
Sintaxia da ezberdintasun gutxien erakusten duen arloa euskal hizkeren artean, baina hala ere badira bertakotako eman ditzakegun horietako batzuk. Esaldi hautakarietan (ed)o juntagailua soilik baliatzen dute (ez ala) adin handikoek, galderazkoetan ere bai: Nola nahi duzu kafesnea, zopekin edo zoparik gabe?
Baldintzazko mendeko esaldietan, -t(z)era(z) morfema edo menderagailua erabiltzen da: Jakittias (Jakiteraz) ez nuen eginen! (Jakin banu…).
Moduzkoetan, ba-… bezala menderagailuaz gain, kuanto … -en eta bigarren … ba- menderagailuak ere erabiltzen ziren: Hitz egiten du, kuanto berak dena dakien! (…jakinen balu bezala!), Kantatu zuen. Bigarren Benito Lertxundi balitz! (…balitz bezala!).
Lexikoarena da (hitz soilak, perifrasiak, esamoldeak…) arlorik zabalena eta. Katagorri, amiña / amandre bezalako asko dira testu liburuetatik kanpo geratzen diren euskal hitzak, horietako asko hiztegi batuan badira ere.
Hortxe ditugu, esate baterako ('adibidez' erabiliko lukete gazteek), mustu (estreinatu), gaztigatu (abisatu), eragotzi (debekatu), apote (aketz), aketz (kamuts), atorra (alkandora), maindire (izara), bibiro / biboro (biki), bideberri (errepide), epats / aupats (korrokada), murrit(t)u (eskastu), bikor (garau/bihi), urbeldu/bikortu (garandu), gernu-jario (inkontinentzia), pixa (txiza), kunkun (apo), txirrinta (apeta), gaztanbera (mamia), oinaztura (tximista), ostots / jostai (trumoi), langar (sirimiri), txindila (dilista), txitxirio (garbantzu), aratxe (txahal), axuri (arkume), makur (oker), malkor (arkaitz)…
Ehundaka dira horrelako sinonimoak, Sakanako hizkeretan baliatzen ditugunak, baina testu liburuetan agertzen ez direnak. Lexiko arruntaz gain, asko eta asko ditugu bertako aditz perifrasiak eta esapideak: beste behin (beste batean), atzera berriz (berriz ere) goseak/egarriak/hotzak (garbitzen) egon (gosea/egarria/hotza eduki), Goitik buruok! (Animo!), gainazpi egin (buelta eman zerbaiti), esportan ura bezala izan (hitza ez bete), jatera/edatera eman (jaten/edaten eman), X paratua izan (-en antza eduki), Lehertuko bada ere! (nahita nahiez), lehertzea eduki (izorratu), orpo-orpetan eduki (atzetik eduki), sokarik gabe loturik egon (zerbaiten ardura eduki), Txakurraren ipurdira! (Popatik hartzera!), txantxarik gabe (neurririk gabe), txirrinta/onguramina eduki (desira izan), ur garbia ez izan (fidagarria ez izan), zein bere alde (bakoitza bere aldetik)…
Ehundaka dira adin handikoen hiztegian daudenak. Ezin ditugu galtzen utzi. Asko eta asko ditugu jasoak, baina ez baditugu egunerokoan erabiltzen, paperean ihartuko dira. Eskola-ikastolan, lantegian, kalean… testu-liburukoekin batera, hauexek erabili behar ditugu eta, horrela, euskara batua bera hazi eta jantziago agertuko da.