Kolaborazioa

Lexia konposatuak Sakanan (I)

Honako izenburu ponpoxo honekin, Sakanan euskal hiztunek baliatzen edota baliatu dituzten hitz soila bera baino zerbait gehiago diren lexikoaren arloko burutzeak izanen ditudala kontuan esan nahi dut. Guztiak (lokuzio, esapide edo esamoldeak, aditz perifrasiak), orduan, hitz bakar batez baino gehiagoz izanen dira osatuak.

  • Aditzera bota (Burunda) Zeharka jakitera eman, aditzera eman. Argi eta garbi izan gabe ere, zerbait adierazi. Ez ginduen erabat argi esan, beya aditzeria bota ginduen ez gindala afaltzea etorriko (Urdiain) (Ez genuen erabat argi esan, baina aditzera bota genuen ez ginela afaltzera etorriko). "Dar a entender".
  • Aditzera eman (Aranatz, Arakil) Ez da kasu honetan ohikoagoa den 'jakinarazi, azaldu, jendaurrean zerbait agertu', neurriz kanpoko moduan, oso nabarmen, ibiltzearen zentzuan baizik. Mundu guztia konturatzeko moduan ari izan, ahoz zein ekintzaz. Lehen osagaiak zer galderari erantzuten dio, beraz izena dugu. Beti aitzera ematen; ezin normal jantzi ta ezin ixilik yon. (Beti aditzera ematen; ezin normal jantzi eta ezin isilik egon). "Llamar la atención, dar que hablar, postureo". Lizarragan pluralean lehen osagaia, aaitzerak, aurrekoaren zentzuarekin, "sugerir".
  • Aditzera(k) eduki (Ergoiena) Aditzea izan, entzutez jakin. Aaitzera dakat falsue dala, aaitzerak battut falsue dala. (Aditzera daukat faltsoa dela, aditzerak baditut faltsoa dela) "Haber oído que, tener conocimiento de, tener noticias de".
  • Aditzera onekoa / txarrekoa izan (Sakana) Ospe ona edo txarra izan. Ni, baezpa de, ez nitzekek asko fiyetuko orreki, aitzera txarrekue dek eta! (Ni, badaezpada ere, ez nintzatekek asko fidatuko horrekin, aditzera txarrekoa duk eta!) "Tener buena o mala fama/reputación".
  • Aditzeraz jakin / ezagutu (Sakana) Nonbait aditu duelako jakin. Aditzea izan. Lehen esaldia Etxarri Aranazkoa eta Lizarragakoa bigarrena. Esaten ai zariena, aitzeras beño ez tikiyet. (Esaten ari zaretena, aditzeraz baino ez zakiat). Aaitzeras besteek ez tot ezaautzen (Aditzeraz besterik ez dut ezagutzen). "Saber de oídas".
  • Aho leuna eduki (Sakana) Hitz goxoak baino esaten ez dituenari egokitzen zaio, losintxaria denari. Pertsonaren fidagarritasunarekin lotzen da, 'aho leuna' duena ez baita batere fidatzekoa. Bada esamolde honekin lotura estua duen esaera zaharra ere Etxarri Aranatzen. Bertan izena aldatu da (aho > hitz) eta aditza (eduki) elipsian dago esaera zaharretan ohikoa den moduan: Itzek launek eta putzek miñek! (Hitzak leunak eta putzak minak!) Gauz oniako ago launegiye zikon orrek. Ni bintzet ez nitzeken fiyetuko berakin. (Gauza onerako aho leunegia zeukan horrek. Ni behintzat, ez nintzatekeen fidatuko berarekin). "Pelota, lameculos".
  • Aho onetik jakin (Sakana) Informazio iturri ona eta ziurra erabili izana adierazten du esamolde honek. Zalantzarik gabeko informazioa jaso. Guk geuk zuzenean zerbait jakin edo ikusi izan bagenu bezala. Ez nengoban bertan istripube gertatu zanien, beye ago oneti jakindu yet nola izendu zan. (Ez nengoan bertan istripua gertatu zenean, baina aho onetik jakin diat nola izan zen). "De buena tinta".
  • Aho txikiarekin / handiarekin esan (Sakana) Ziurtasun maila adierazten dute esamolde hauek. Lehenak ia batere ziurtasunik ez dela eta, bigarrenak, aldiz, ziurtasun osoa, erabat konbentziturik. Esan, esan dik etzi guuki mendie fanen dala, beye ago txikiyaki esan dik. Gios, gutxi fiye! (Esan, esan dik etzi gurekin mendira joanen dela, baina aho txikiarekin esan dik. Geroz, gutxi fida!). Nik ez nikek bee kontra jokatuko, ago aundiyaki esan zieguk ta onttuek ekarko ttubela. (Nik ez nikek bere kontra jokatuko, aho handiarekin esan ziguk eta onddoak ekarriko dituela). "Decir algo con/sin convencimiento".
  • Aho zulora begira egon/jarri (Aranatz, Arakil) Sakana erdialdean, norbaitenganako mirespena adierazten du. Norbait hitz egiten egonen balitz bezala eta besteok hari begira, txunditurik esaten duenagatik edota, besterik gabe, erabat erakartzen gaituelako. Itz eitten asten danien, mundu guzie ago txulua beire yoten zikiyok. (Hitz egiten hasten denean, mundu guztia aho zulora begira egoten zaiok). "Estar embelesado".
  • Ahoko zuloan utzi, (Esku-)Eskura jarri (Sakana) Kiroletan erabiltzen dira gehienbat, pilotan batez ere. Tantoa, gola edo beste egin beharreko zerbait oso era errazean utzi edo eduki. Oso erraz jarri zerbait. Oso zabaldua dago. Euskaltzaindiaren Hiztegian eskura etorri: "ad. Norbaiti zerbait eskueran gertatu". Erraz eitten zittuk tantuek Irujok, pillota agoko zuluen uzten ziobiek geyenetan ta. (Erraz egiten ditik tantoak Irujok, pilota ahoko zuloan uzten ziotek eta). Pillota guziek eskue jarri doozkiyok! Nola nei dek ola iraztie? (Pilota guztiak eskura jarri dizkiok! Nola nahi duk horrela irabaztea?). Esku-eskue izendu ttuk ik beti bizitzeko bier dien guziek! (Esku-eskura izan dituk hik beti bizitzeko behar diren guztiak!) "Dejar a huevo, en bandeja".
  • Ahotik hortzera, Ahotik ahora (Aranatz, Arakil) Hitzetik hortzera. Erantzuna bat-batean, pentsatzeko betarik izan gabe, ematen dela adierazten du. Normalean 'bota' aditzarekin osatzen da, baina 'esan' edo 'erantzun' aditzak ere erabiltzen dira. Lehen esaldia Aranatz-Arakilgoa dugu eta bigarrena Satrustegi euskaltzain arbazuarra zenaren idatzi batetik hartu zuen Andres Iñigok. Ez zioban iye betaik eman akatzeko esaldiye. Agoti ortzia yantzun zizkiyoban nei zittubenak esaten. (Ez zioan ia betarik eman akabatzeko esaldia. Ahotik hortzera erantzun zizkioan nahi zituenak esaten). Herritan iritzi batera heltzea zenbat gostatzen den badakigu. Hauxe da, izan ere, herri txikitako problema haundi bat. Agotik hortzera ez dira elkarrez fiatzen. Ahotik ahora ere erabiltzen da aipatu eremuetan. Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota dago, baina "ahoz aho" esanahiarekin: Eta gurearen esanahiarekin berarekin Mezkiritzen: "…: Zer konprenditzen dezu, zer erranai du nazionalista? Eta agotik agora erran zion: 'Oño, amar al nazion'…" (Zer ulertzen duzu, zer erran nahi du nazionalista? Eta ahotik ahora esan zion: 'Joño, amar a l(a) nación'…). "De sopetón, sin pensarlo".