Lexia konposatuei buruzko aurreko artikuluari segida emanez, hona jarraian hitz soila bera baino zerbait gehiago diren lexiko arloko burutzeen sorta Sakanan.
Aho uhaletan egon (Etxarri Aranatz). Guztion ahotan egon edo ibili zerbait. Zurrumurruekin erabiltzen da horrela. Ahoz aho ibili zerbait. Kuidedo geyo ez badek izeten, erri guzien agobeletan yonen yeiz! (Kontu gehiago ez baduk izaten, herri guztian aho uhaletan egonen haiz!). "Estar en boca de todos, en candelero".
Aupats egin/bota (Sakana). Korrok egin, korrokada egin. Txanpana yan ta epatsa epatsaan geñen zaallek atsalde guzie! (Txanpaina edan eta aupatsa aupatsaren gainean zabilek arratsalde osoan!). "Eructar".
Aire / Ospa hemendik!, Alde paretik! (Burunda, Aranatz). Alde hemendik! Utikan! Aire / Ospa emendik, ez padok zerbait gertatzia nai! (Urdiain, Altsasu), Arazoik ez pauk nei, alde pareti! (Aranatz). "¡Fuera de aquí!".
Auzomotojorik (egon / jarri) (Etxarri Aranatz, Lizarraga). Gogoko egoera baten hurbiltasunak (festa, elurra…) eragina izaten duenean norbaitengan erabiltzen da. Pozez edo irrikaz erabat harroturik egon. Bere osagaiak auzo + moto + jorik dira eta garai batean, auzoan, urteko kontuak egindakoan, ondorengo afariak eta festak sortutako irrika (motoa jorik = ilea motoan apaindurik) adierazten du. Gazte guziek auzomotojorik ziek, aurrek elurre ein ber denien bezela, festak eldu diela ta! (Gazte guztiak auzomotojorik zaudek, haurrak elurra egin behar duenean bezala, festak heldu direla eta!). "Estar alborotado, henchido de contento, en espera de algo agradable".
Alde ederra / Aldea egon (orokorra). Bi egoera, gauza edo pertsonen arteko ezberdintasun handia. Izenondorik gabe bereziki Sakanan. Aldie ziok bateti bestia! (Aldea zagok batetik bestera!). "¡Menuda diferencia…!".
Alde guztietara (ere) (Sakana). Nolanahi ere, dena dela, dena den. Alde guzetaa dee geldittu in bi oot! -de todas formas me quedaré- (Alde guztietara ere, gelditu egin behar dut!) (Lizarraga). "De todas formas, no obstante".
Antza eman (orokorra). Igarri, asmatu. Arruazun (igerri) ez beste Sakanako herri gehienetan erabiltzen da barra-barra. Beleixe eman zionet antza ez zala bueltatuko! (Berehalaxe eman zionat antza ez zela itzuliko!). "Adivinar, controlar".
(adond/izond) antza ibili / jarri, (egoera) antza egon / ikusi, (kolore) antza izan (Sakana, orokorra). Lehenak, dela aditzondoa edo izenondoa, erabat izan gabe, antzean, adierazten du eta mugatu gabe erabiltzen da Sakanan. Urduri antza ibil da egun guzien! (Urduri antza ibili da egun guztian!). Triste antza daalle azkenontan! (Triste antza dabil azken honetan!). Gorri antza jartzen da norbeittek beiretus kios! (Gorri antza jartzen da norbaitek begiratuz gero!). "a medias, ligeramente, tirando a…, rojizo, azulado…".
Askoa izan (Aranatz, Arakil). Egoera desatsegina dela eta, dagoeneko asperturik gaudela adierazteko erabiltzen da, aditza jokaturik. Beixee itxiko dubiela egunkariye? Askuaa! (Berriz ere itxiko dutela egunkaria? Askoa da!). Guai dee miñe artu den? Askueen! (Orain ere mina hartu dun? Askoa dun!). "Ya te/os/le/les vale!, ¡Vaya hombre!".
Asko jota (orokorra). Gehienera (ere), goitik jota, gehien-gehienik. Asko jota, berrogei urte izanen ttu! (…ditu!), Illundu artio, asko jota, geldittuko neiz. "Como mucho, a lo más".
Atzeneko aztalkak egin / eman (Sakana). Hil. Aztalkak, berez, hanketako aztalak era azkarrean mugitzea adierazten du. Aldemeneko aittunek bart eman ttu atzeneko aztalkak! (Aldameneko aitonak bart eman ditu azkeneko aztalkak!). "Estirar la pata, dar los últimos coletazos/pataleos".
Ote gero! (Etxarri Aranatz). Auskalo, nork jakin. Ikusteko dago. Partidue nok iraaziko deen? Ute kio! (Partidoa nork irabaziko duen? Ote gero!), Ute kio, ze nei izenen deen! (Ote gero, zer nahi izanen duen!). "¡Vete a saber!"
-ago egoten jakin (Burunda, Aranatz). Ohi izan, zerbait normalean beste egoera batean egoten dela adierazten du. Peskadillak merkio’re badaki yoten! (Peskadillak merkeago ere badaki egoten!) (Bakaiku). "Soler estar más (adjetivo)".
Ahotza erosi eta astoa saldu (Sakana). Negozio txarra egin edo gaizki atera. Axola gutxirekin egindako ekintza ere adierazten du. Lizarragakoak dira hurrengoak eta izenak zein aditzak aldaturik ere erabiltzen dira: Agotza ioosi ta astue saldu in, agotza saldu ta astue ioosi in -hacer un mal negocio- (Ahotza erosi eta astoa saldu egin, ahotza saldu eta astoa erosi).
Ahuntzak jokatu (Sakana). Kartetan bereziki, partida kopuru berbera irabazita izanik, irabazlea zein(tzuk) d(ir)en erabakiko duena partidari esaten zaio horrela. Zuek musien, guk tutien irabazita, zetaa jokatuko ttugu auntzek? (Zuek musean, guk tutean irabazita, zertara jokatuko ditugu ahuntzak?). "Desempatar, jugar las cabras".
Aida noranahi! (Aranatz, Arakil). Berdin da nora, baina goazen aurrera behintzat. Aurrera! Nua fanen gaan berdin da, aida nuanei! (Nora joanen garen berdin da, aida noranahi!). "Sea donde sea".
Ai, hau pena nik!; Ai, ama nik! (Aranatz, Arakil). Kontakizuna edo gertakizuna sinestezina dela adierazteko erabiltzen da. Harridura adierazten du. Aiaupenani, ez tun egiya izanen! Aiamani, ez niñan sekule usteko olakoik gerta zettekenik! (Ai, ama nik, ez ninan inoiz usteko horrelakorik gerta zitekeenik!). "¡Vaya!, ¡No es posible!".
Alderdi eduki, Alderdi (ederra / txarra) eduki (Aranatz, Arakil). Lehenak, eskura eduki adierazten du. Besteak esanahi ezkorra edo baikorra hartzen du, kontrako esanahia (modu ironikoan) adierazirik. Nee alderdi dakat fatie o ez! (Nire alderdi daukat joatea edo ez!), Alderdi ederra zikobau, biyer dee elurre! (Alderdi ederra zaukaguk, bihar ere elurra!). Ez takazu alderdi txarra, guai dee loteye tokatuakizu! (Ez daukazu alderdi txarra, orain ere loteria tokatu zaizu!). "A mano, tenerlo crudo, ¡vaya chollo!".
Ttilin-bulun (Etxarri Aranatz). Zabuka, balantzaka, erori ez erori. Ttilin-bulun beye allaatu, bintzet, allatu den etxia! (Balantzaka, baina ailegatu, behintzat, ailegatu dun etxera!). "Tambaleándose".
Malamente ibili/esan/ari izan… (Sakana) Alferrik, saiatuz gero ere ez dela ezer ere lortuko adierazten du, gaztelaniatik hartutako maileguak. Malamente zailtzie, ez tau ezee esanen! (Alferrik zabiltzate, ez du ezer ere esanen!).