Hitz multzo edo porka batez osatutako lexikoko unitateak ditugula lexia konposatuak genioen aurreko batean eta Sakanako euskal hizkeretan barra-barra erabiliak izan dira. Hona jarraian horietako beste samalda bat.
- Aizkoraren ahoa baino aurpegi zorrotzagoa Etxarri Aranatzen erabiltzen zuten aspaldian. Itxura serioa, ia inoiz irribarrerik egiten ez duen pertsona adierazteko erabiltzen zen. Ez tek, ez, nolanei farres ikusko, aizkoran ague beño aurpei zorrotzokue zikok ta! (Ez duk, ez, nolanahi barrez ikusiko, aizkoraren ahoa baino aurpegi zorrotzagokoa zaukak eta!)
- Aizkora kolpez egindako aurpegia Hau ere Etxarri Aranazkoa dugu, baina Berueten ere erabiltzen zuten antzekoa, aizkora kolpez beharrean, haren buruarekin egina. Itsusia, zatarra dela norbait edo zerbait adierazteko erabiltzen da. Esaten ye Bilintxek aizkora kolpes eindako aurpeiye zakala! (Esaten diate Bilintxek aizkora kolpez egindako aurpegia zeukala!)
- Astoa lohian (ezin atera) eduki Aranatzen eta Burundan erabiltzen da gehienbat. Ironikoa da esamolde hauen esanahia, kontrakoa adierazten baitu. Apurorik eza edo gehiegizko lasaitasuna adierazten du. Lizarragan, esate baterako: Astue loiti ataa: sacar las castañas del fuego. Etxarri Aranatzen: Astue loyen zikok orrek! Beixee eiñen zittuk, bei, nei ttubenak! (Astoa lohian zaukak horrek! Berriz ere eginen ditik, bai, nahi dituenak!). Burundan ere: Etxok astoa loien, ez; bestela e'likek ibiliko jardungurioi (Ez zagok astoa lohian, ez; bestela ez luke edukiko jarduteko gogo hori)
- Asto arrak umea egiten duenean, (norbait) mugitzerako asto arrak umea egin, haizerik ez den urtean Sakanan eta Gartzaronen ere bai. Sekula santan ez, inoiz ez. Ezinezko aukera ematea, aukerarik ez ematea da. Sakana erdialdean erabiltzen dira lehen bi esapideak, bereziki. Noiz gonbietuko dubeten afaltzia? Asto arrak umie eitten deenien! Aizeik ez dan urtien! (Noiz gonbidatuko haudan afaltzera? Asto arrak umea egiten duenean! Haizerik ez den urtean!), Lanean geldi-geldi, apurorik gabe eta gogo gutxirekin dabilenari egokitzen zaio. I muitziako asto arrak umiek eiñen zittuk! (Hi mugitzerako asto arrak umeak eginen ditik!) Lizarragako hiztegian: Asto arrak umie itten donien! ¡cuando "las ranas críen pelo"!
- Aitzurra baino makila maiteago izan Etxarri Aranazkotako eman zuen Bitoriano Huizi apez etxarriarrak 1899ko bere Manual de Gramatika Bascongada liburuan. Nekazari txarra zela adierazteko erabiltzen zen esapide hau. Nahiago zuen tratuan ibili feriaz feria, soroko lanetan aritu baino. Horrela erabili zuen aipatu apez etxarriarrak: "Orra ibillian ibillian zer tratu polita agertu dakioten ferias feria, nun gogoa an zangoa, aitzurra baño makilla maitego izanik dabiltzan nekazariai" Eta gaztelaniara horrela itzulirik eman zuen: "He ahí andando andando qué tráfico tan bonito se les ha proporcionado a los malos labradores, que teniendo más amor al palo que a la azada, corren de feria en feria y donde sea su placer".
- Aldrebesa izan Sakana osoan eta baita Luzaiden ere erabiltzen dute. Traketsa izan, ez bururik ez hankarik. Pertsonekin zein gauzekin erabiltzen da. Aldrebesa da oso mutilloi pillotan jokatzen, ez tau sekule besue atziatzen, beye, alee dee, asko atziatzen dau pillota. (Aldrebesa da oso mutil hori pilotan jokatzen, ez du sekula besoa atzeratzen, baina, hala ere, asko atzeratzen du pilota). Bei aldrebesak azkeneko urtioiten erriyontan gertatzen ai dienak! (Bai aldrebesak azkeneko urte hauetan herri honetan gertazen ari direnak!) Burundan, Hau da jendien alrebesa!
- Apareju ederra izan Oso orokorra da bere erabilera. Bihurria eta baita gizatxarra ere denarengatik esaten da. Apaaju earra duk jarri dizubuen enkargatu berriya! (Apareju ederra duk jarri dizueten enkargatu berria!) Burundan ere bai horrela: Oi aparejua, oi erremendua!
- Aparte bage Aranatz eta Arakilen erabiltzen da egun oraindik eta esate baterako edo urrutira joan gabe ordezkaatzen ditu. Adibide moduan jarri nahi dugunean zerbait edo norbait. Tartean 'joan' aditzaren elipsia izanen balu bezala ulertzen da. Jende geyenak ez du erregeik nai, zuek aparte bee! (Jende gehienak ez du erregerik nahi, zuek aparte gabe!). Gaztelaniako sin ir más lejos adierazten du.
Ariera Aranatzen erabiltzen da bereziki. Norbait edo zerbait etenik gabe edo era deigarri eta harrigarrian ari denean esaten da. Aurretik erakuslea eransten zaio. Au aiera lentxoo uraittu dukena tabernan. (Hau ariera lehentxeago eduki duana tabernan) Baziruik ez teela sekula santan auriik ein, ori aiera! (Bazirudik ez duela sekula santan euririk egin, hori ariera!). - Arra-arra etorri / joan / pasatu Sakana osoan erabilgarri dago. Kopuru handiz, etengabe, etorri edo joan. Borborka bezala, ugari. Bi kontzeptuak batera, kopuru handia eta ekintza jarraia, adierazten ditu esamolde honek. Atzo atsaldien arra-arra pasatu ittuben kotxiek Iruñe aldia, manifestaziyua! (Atzo arratsaldean arra-arra pasatu zituan kotxeak Iruñea aldera, manifestaziora!).
- Arrastorik gabe zaunka egin Sakana gehienean erabili izan da aditz perifrasi hau norbaitek gai bati buruz ezer jakinik gabe hitz egiten duenean. Begibistakoa da, beraz, ehiza txakurrarekin egiten den konparazioa. Ganorarik gabe edo hitz egiteagatik hitz egin. Ehiza txakur onak soilik arrastoa hartu duenean egiten du zaunka. Ez tu meezi orreki itz eittia, beti arrastoipe eitten du jaunka ta! (Ez du merezi horrekin hitz egitea, beti arrastorik gabe egiten du zaunka eta!) Gaztelaniako hablar sin sentido, hablar por hablar adierazten du.
- Arrekilko(rre)z, txaliño-maliño, trikotan, txontxo Bizkar gainean, zaldi erara, eraman norbait. Pertsona bat bizkarrean eramatea. Lehena Etxarri Aranatzen eta Lakuntzan, bigarrena Arbizun, hirugarrena Ergoienan eta azkena Burundan erabiltzen dituzte. Yon zettez lasei, arrekilkorres/ arrekilkos pasatuko diau erreka ta. (Egon zaitez lasai, arrekilkorrez/ arrekilkoz pasatuko dugu erreka eta) Burundan Gizon baten bizkarrien txontxo. Gaztelaniako a horcajadas, a caballo.
- Arrepurrutx bota Isutsi, eskuz erein adierazten du Sakana erdialdean. Aurrek giñenien, batayue zoonien, eliz atayen laukuek eta zortzikuek arrepu-rrutx botatzen zittubabien! (Haurrak ginenean, bataioa zegoenean, eliza atarian laukoak eta zortzikoak arrepurrutx botatzen zitiztean!) Gaztelaniaz a voleo.