Kolaborazioa

Be(re)noa

Hitz bakar batez baino gehiagoz osatutako lexiko mailako unitateak ditugula lexia konposatuak gogoratuko dut hasteko eta gaurkoan, lehen biek ba- aurrizki edo morfema daramate, aurreko artikuluaren azkenak, pasa den apirilaren 17an, Etxarri Aranazko Kultur Etxean, Juan Luis Larraza etxarriarrak Bernoa izenburua duen eleberria aurkeztu zuen. Eleberriak, gure herriaren historiarekin dauka harreman zuzena eta lerro hauetatik, lehen-lehenik egilea zoriondu nahi dut eta jarraian zalantzarik gabe bere obrak izanen dituen irakurle ugariek eleberriaren testuinguru geografikoa hobeki ezagutzeko datu eta iritzi batzuk emanen ditut. 

Ez dakigu zehatz-mehatz noizkoa den Ber(re)noako galtzada edo, hobeki esanda, ez dakigu noiz izan zen sortua. Ez dakigu, era berean, zein den bere jatorriko izena, modu ezberdinetan ageri baitzaigu dokumentuetan aipaturik: Berrenoa gehienetan, baina baita izen bera sinkopaturik, Bernoa, ere. Nafarroako Toponimia eta Mapagintza X liburuan, Berreona jaso zuten Iturmendiko toponimo gisa, nahiz eta iturmendiarrek Bernoa ahoskatzen dutela adierazi. 

Izenaren osagaiak ez, ez ditugu ezagutzen, baina berarekin zerikusia izan dezaketen bi datu emanen ditut.  

Lehen-lehenik gogoratuko dut XIII. mendean, Aranazko eremuan dokumentaturik (Libro del rediezmo, 1268) ageri diren hogeita bat (gaur egun zazpi baino ez dira eremu horretan) herri edo bizilekuen arteko baten izena dela Berenarren. Eta hogeita bat herri horiek zerrendan erakusten duten ordenaren arabera, Berenarren, Beheko Basoko eremuan egon zitekeen, Lizarraga(bengoa) eta Sarri bizilekuekin batera aipatuta, Arthania eta Arozpide inguruan direla. Eta bizileku honen izenaren osagaiak ber(r)enoa eta barren izan daitezkeela iruditzen zait. Ber(re)noako galtzadak, Etxarri Aranazko Beheko Basoko Artasoron mendebaldera egiten duen gunetik 250en bat metrora dago San Adrian baseliza eta hantxe, aztarnen arabera, bizilekuren bat egon da noizbait. Zergatik ez, orduan, oso erabilia, eta ezaguna horregatik, zen galtzadak izena ematearena ondo-ondoko bizilekuari? 

Eta, bigarrenik, Etxarri Aranazko etxe baten izena dugu Bernonekoa. 1893tik gutxienik ageri zaigu etxe honen izena, herria gurutzatzen duen kale nagusiaren bazterrean, udaletxearen ondo ondoan hegoaldetik. Bernoa + -ren + -eko + -a ote bere osagaiak?
Galtzada honi buruz hitz egiten denean, ikertzaile gehienek Erdi Arokoa dugula aipatzen dute eta bai, Erdi Arokoa behintzat badela baiezta daiteke. Hala ere, froga zehatz batere gabe, niri neuri iruditzen zait erromatarren garaian ere erabilia izanen zela Lizarraldeko ardoak eta gariak bereziki garraiatzeko Sakanara eta, Goierritik barna, Gipuzkoako kostaldera ere, Bordele Astorga galtzada nagusiaren hegoaldea eta iparraldea lotuz. Erromatarrek ez zuten soilik Arakil ibaiaren ibilguaren inguruan interesa erakutsi gureari dagokionez (Atondo, Zamartze, Durruma, Albeniz) eta Gipuzkoako lurretara ere iritsi ziren. Nekez lortuko zituzten, halako bigarren mailako galtzadei esker ez balitz, legioen sostengurako beharrezkoak ziren ardoak eta gariak barduloen lurraldeetan. Gogoratu, bestalde, XIX. mendearen bigarren erdian ireki zituztela Lizarrustiko eta Lizarragako egungo bidea, Goierri eta Lizarraldea lotzen dituena.

Galtzadaren garrantzia azpimarratzera dator Carasatorreren ondorengo aipamenak (1993, 120), zeinek jakinarazten digun 1745ean, Lakuntzak, Arbizuk, Ergoienak, Etxarri Aranatzek, Bakaikuk eta Iturmendik erabaki zutela galtzada erabat konpontzea Bakaiku eta Iturmendi arteko Ibaiaga toponimoaren eremuan (egun ez da ageri toponimia ofizialean) eta gastuak zamariak (mandoak eta zaldiak) zituztenen artean ordainduko zituzten, herri bakoitzean zeukaten mando kopuruaren arabera.  

Bestalde, toponimia ofizialean agertzeaz gain (NTM X, 62), Etxarri Aranazko udal artxiboan, esate baterako,  Etxarri Aranatz eta Valmedianoko markesaren arteko 1572ko mugarritzean ageri da: "…a los tres mojones que distinguen y apartan los dichos términos de la Villa de Echarri y Valle de Burunda y dende por Arguinaiz al mojon conocido que esta en lo mas alto de Berrenoa.
Aipatutako Arguinaiz toponimoa, egun oraindik bizirik dago Bakaikuko eta Iturmendiko toponimian 1776 urtean dokumentatua, Arginuz Bakaikun eta Argiñuz Iturmendin. 

Galtzadaren sendotasuna, bereziki, Andimendi-Urbasako eremua zeharkatzen duen Zalbideko eremuan eta Etxarriko eta Lizarragako Bargan ikusten da, bateko eta besteko Aska gainak profitatuz.

Etxarri Aranatzen, bere aztarnak ikus daitezke, atzera berriz, Beheko Basoko sarreran bertan, Basopokalen, Epeleko bidea eta San Adriangoa bereizten diren tokian bertan dagoen haritz eder baten azpian. San Adriango bidetik aurrera eginik, kanpina atzean utzi eta biren bat kilometrora Santateita toponimoaren eremuan, berriz ere, Iraigorriko eta San Adriango bidegurutzean jarraitzen du. Hemen herriko zenbait lagunek garbitu, atondu eta agerian utzi dute galtzadako ehunen bat metro, Urbijotzenduenzubiraino. Hortik aurrera, Artasoroko eremuan, San Adriango baselizara doan bidea utzirik, mendebaldera egiten du, Bakaiku aldera, hango galtzadarekin batera Iturmendikoarekin bat egitera, Berrenoa edo Bernoako gaina eta Goierrirako pasabidea erdiesteraino. 

Ataungo eremu osoaren ondorengo planoa, bertan adierazten duen moduan, 1740ko beste batetik jasoa da eta Arin Dorronsoro (1928) ataundarraren lanetik hartu dut.