Hitz bakar batez baino gehiagoz osatutako lexiko mailako unitateak ditugula lexia konposatuak gogoratuko dut hasteko eta gaurkoan, lehen biek ba- aurrizki edo morfema daramate, aurreko artikuluaren azkenak, bagaudela, bezalaxe.
Ba-(egon+irag), bada! Nahiko orokorra dugu honen erabilera. Egon aditza era sintetikoan eta iraganeko lehen pertsonekin erabiltzen da. "Pentsatzen nuen nik (guk…), esaten nion nik neure buruari…" horrelakoak adierazten ditu. Gertatu edo esan den zerbaitekiko adostasuna edo berrestea adierazteko erabiltzen da. Gaztelaniako "¡Ya me parecía!, ¡Ya decía yo que…! adierazten du": Banengonan, ba, ni, ez yitzela etxien geldittuko! (Banengonan, bada, ni, ez hintzela etxean geldituko!). Bagaundeban ez ote ziñien azkenien fanen semie ikustia! (Bageundean ez ote zineten azkenean joanen semea ikustera!).
Ba-(joan+ahal) Aranatzen erabiltzen da bereziki. Aginte edo desio txarraren zentzua hartzen du eta "joan hadi/zaitez"-en esanahiarekin erabiltzen da. Gaztelaniako "¡Véte/váyase a la mierda!, ¡lárgate!" esanahia dauka. Bayueke zakurran ipurdie! (Bahoake zakurraren ipurdira!). Urde zikin ori, bazuezke emendi agudo! (Urde zikin hori, bazoazke hemendik agudo!).
Hurrengo laurak bai/ez adberbioekin sortutakoak dira.
Bai / Ez, antza! Sakana osoan izan dira erabiliak. Ziurtasunik gabeko baieztapena edo ezeztapena adierazten du. Dirudienez, omen, antza denez… partikulen parekoa dugu. Euskal Herriko mendebaldean Bai, itxura! Ez, itxura! erabiltzen da bereziki. Gaztelaniako "Parece (ser) que sí/no". Egueldi ona ein ber deela iyendien! Bei, antza! (Eguraldi ona egin behar duela igandean! Bai, antza!). Ez tala geyoo agertuko emendi esan dik! Ez, antza! (Ez dela gahiago agertuko hemendik esan dik! Ez, antza!).
Bai, ba! Horixe baietz/ezetz! Beste batek esaten diguna berresteko edo begibistakoa dela adierazteko erabiltzen da. Jakina! Noski! Gaztelaniako "¡Claro que sí/no!" adierazten du. Atzo busti ein nitzen. Bei, ba! Bustiko ez ziñen, ba! Auriye zan da! (Atzo busti egin nintzen. Bai, ba! Bustiko ez zinen, ba! Euria zen eta!). Oixe beyetz! Auripien yondu ziñen da! (Horixe baietz! Euripean egon zinen eta!).
Ba / ez ote? Erabilera orokorrekoa dugu hauxe. Benetan baietz/ezetz? Baieztapen edo ezeztapen bat zalantzan jarri nahi du-gunean erabiltzen dugu. Gaztelaniako "¿Seguro (que sí/no)?". Podemos-ek politikari zikin guztiak salatu ta politikatik bota behar omen ditu… Ba ote? Ez ote da garais allatuko? (Ez ote da garaiz ailegatuko?).
Bai, txosneak! Lesnak saltsan! Buskantza erreak! Nafarroako euskal hizkera askotan erabiliak izan dira. Etxeko edozein otorduren aurretik norbaitek, haurra normalean, galdetzen zuenean ea zer zegoen jateko, bereziki jakinik ez zela izaten elikagaiak aldatzeko aukera handirik, esamolde hauxe erabiltzen zuen etxeko andreak erantzun moduan. Otorduetako osagaiei buruzko galdeketari lotzen zaizkio era zehatzean. Norbaitek, elikagai gutxi ziren garaian bereziki, «Zer dago bazkaltzeko?» edo «Zerbait gozoa egonen da bazkaltzeko, ez?» galdetu eta ohiko erantzuna izaten zen etxeko andrearen aldetik. Lehena, txosne, Mezkiritzen erabiltzen da elizara eramateko ogi luzexka moduan. Eta OEHn txozne (G-goi-to, AN-larr, R-uzt; Lar), txosne (AN-larr; Lar, H), txosna. Guztietan ogi berezi moduan ageri da. Batean, 'mollete'; hurrengoan, 'bollo'; ondorengoan, 'pan francés'; jarraian, 'pan muy delgado y alargado'; beste batean, 'panecillo que se emplea como oblada, ofrecido en la iglesia durante el ofertorio, ordinariamente al final de la misa' (V. de Urraúl Alto); geroxeago, 'pan pequeño de fabricación casera, en cuya masa echan granos de anís para darle aroma' (Cuenca de Pamplona); ondoren, 'Pan de cuatro libras' (Oroz Betelu); honen atzetik, 'pan especial para el desayuno' (Torres del Río); eta, azkenik, 'cierta especie de pan sin sobar' (Larraga). «Buskantz» lexemak 'puska' eta 'gantz' osagaiak izan ditzake, odolki mota zen aspaldian. Gaztelaniako "¡Ostias en vinagre!" adierazten dute. Ondorengo esaldiak etxarrieran moldatuak dira:
-Ama, gaur zerbeitt goixue izenen diau bazkaltzeko, ez? -Bei, txosniek! (-Ama, gaur zebait gozoa izanen dugu bazkaltzeko, ez? -Bai, txosneak!)
-Ama! Zer dakau gaur afaltzeko?
-Buskantz erriek! Zer izanen yau, ba? (-Ama! Zer daukagu gaur afaltzeko? -Buskantz erreak! Zer izanen diagu, ba?).
-Ama, zer dakau gaur bazkaltzeko? -Lesnak salsan, seme! Edo Txosniek! (-Ama, zer daukagu gaur bazkaltzeko? -Lesnak saltsan, seme! Txosneak!).
Hurrengo hirurak, aldiz, bat zenbatzaile zehaztuarekin sortuak dira.
Bat edoren bat(ek) Baten bat(ek), bat edo bat(ek), norbait(ek). Burundan bateon bat. Izenordain gisa ageri da. Ondorengoa Etxarri Aranazko esaldia dugu: Guaño eztikiyet zein izaan dan, beye agertukuek bation bat. (Oraino ez zakiat zein izanen den, baina agetuko duk bat edoren bat).
Bat heldu Nafarroako euskal hizkeretan erabilia. Bat etorri. Ados egon edo jarri. Nafarrera eta ekialdeko hizkeretan erabiltzen da, etorri aditza era sintetikoan erabiltzen ez den eremuetan. Gaztelaniaz, "estar compinchado" izanen litzateke. OEHn bat etorri eta batera etorri baino ez. Kontus oiki, bat eldu ttuk ta! (Kontuz horiekin, bat heldu dituk -zatozek- eta!).
Bateko urre atera/gertatu Sakanako euskal hizkeretan erabiltzen zen. Burundan battiko urre. Biren arteko lehian hirugarren batek etekina ateratzeari esaten zaio horrela. Karta jokoko "bateko urre"-tik dator. Bizi guzie yamaten ye alkarreki peleyen ta en abogaduek gertatzen ttuk beti battakurre! (Bizi guztia eramaten ditek elkarrekin pelean eta haien abokatuek gertatzen dituk beti bateko urre!).