Kolaborazioa

Sakanako lexia konposatuak (VI)

Aurrekoekin jarraituz, hona jarraian Sakanako euskal hizkeretako hitz bakar batez baino gehiagoz osatutako lexiko mailako burutzeak.

Baldinbaz (ere). Zerbait gertatzea edo ez, hala espero dugunean erabiltzen da. Artzibarren Baldin ba! Gaztelaniako "¡Malo sea!, a bien ser, ¡cómo no!" adierazten ditu. "-I, ez dik auriye eiñen  urrengo  egunoiten?  -Baldinbes!  (-Hi,  ez  dik  euria  eginen  hurrengo  egun hauetan? -Baldinbaz!). Ala ein berko dau, baldinbes e! (Hala egin beharko du, baldinbaz ere!)". Orreaga Ibarrak honela jaso zuen Artzibarren: "Baña maztekia, badakizu ze erran dakozun fraile orri? Balin ba, ongi erran al dakot. (Baina emakumea, badakizu zer erran diozun fraide horri? Baldin ba, ongi erran ahal diot)".

Baraua hautsi. Orokorra izan da bere erabilera erlijio kontuei loturik, baina bestela ere erabili izan da. Epe batean ezer jan edo edan gabe egon ondoren, jaten edota edaten hasi. Normalean egunero, gosariarekin hausten da baraua. Oso zabaldua Euskal Herri osoan. Mendebaldeko hizkeretan barausi. Euskaltzaindiaren Hiztegian barausi dakar. Etxarri Aranatzen ere erabiltzen zen duela gutxi arte 'gosaldu' aditzaren ordez, egun 'deseyunetu' gehiago erabiltzen bada ere. Gosaldu, aldiz, hamarretako edo hamaiketako moduan erabiltzen da. Gaur guaño eyet barube autsi. (Gaur oraino ez diat baraua hautsi).

Barra-barra egin. Erabat hautsi, txiki-txiki egin, txikitu. Gaztelaniako "hacer trizas" adierazten du. Orotariko Euskal Hiztegian ugaritasun zentzua eta gogor zigortzearena dauka. Gurean: "Arbol baten kontra jo ta kotxie barra-barra ein dik! (Arbol baten kontra jo eta kotxea barra-barra egin dik!)".

Bazterrak harrotu. Egoera okerren ondorioz etsipena nagusitzen den momentuetan giroa aldatzeko eta arazoei aurre egiteko erabiltzen den esamoldea da. Gaztelaniako "remover cielo y tierra" adierazten du. Mundu guzie lur jota doola ikusita, baztarrak arrotu bierra dakau lenbeilen! (Mundu guztia lur jota dagoela ikusita, bazterrak harrotu beharra daukagu lehenbailehen!).

Bazterrak larri egon. Egoera okerra pairatu eremu jakin batean. Aranatz eta Arakilen erabili izan da bereziki. Larri zienan baztarrak Inasa itxi zebienien! (Larri zeudenan bazterrak Inasa itxi zutenean!)

Beharko (aditza), Beharko (e)ta. Nahiko orokorra da bere erabilera euskal hizkeretan. Beharko, jakina, erremediorik gabe. Galdera bati erantzuteko erabiltzen da eta galderako aditzaren ekintza betetzeko beste erremediorik ez dagoela adierazteko erabiltzen da, aditz hori normalean elipsian geldituz. Etxarri Aranazkoak dira ondorengo esaldiak: -Agertuko zarie biyer goizien auzatia? -Bierko (agertu), gosaltzie nei badiau! (-Agertuko zarete bihar goizean auzatera? -Beharko (agertu), gosaltzea nahi badugu!). Bigarrenak, derrigorrean egiten dela zerbait adierazten du: Bierko ta, alde ein ziyabien erritti, bestela… (Beharko (e)ta, alde egin zitean herritik, bestela…)

Beretan egon. Aldatu gabe jarraitu, batez ere iritziari dagokionez. Bere hartan egon, egoera berean. Iguel da ze eskeintzen doozun, ori beretan yonen da. (Igual da zer eskaintzen diozun, hori beretan egonen da).

Bere ustekoa. Ez izan eta bai uste. Harroputz, handiuste, hantuste. Gaztelaniako "creído, iluso" adierazten dute. Zorri beten afairik ez tikok eta, bee ustekuoi! (Zorri baten afaririk ez zeukak eta, bere usteko hori!). Ondorengoa, Anttoni Mendiola etxarriar zenduak horrela entzuten omen zion bere aitonari askotan. Ago ixilik, neskatua! Orri kaso ein ber doon? Ori den, baa, ez izen ta bei uste! (Hago isilik, neskatoa! Horri egin behar dion kasu? Hori dun; bada, ez izan eta bai uste!).

Berez izan. Nahiko orokorra da. Berez izan, jaiotzaz horrela izan. Izatez. ordezkatzeko balio du. Ondorengoa Etxarri Aranazko esaldia dugu Eusebio Markotegiri jasoa. Beres eztana, ezta makilles ee! (Berez ez dena, ez eta makillaz ere!).

Beste gainerakoan. Bestela, aitzitik. Nahi ez dena edo gogoz kontra egin edo gertatu izanaren arrazoiketarako erabiltzen da gehienbat. Atzo itze eman nuzubielakos, beste geñakuen enittunan etorko. (Atzo hitza eman nizuelako, beste gainerakoan ez nindunan etorriko).

Besteren atorrean sartu. Behar ez den eztabaidan edo gaian sartu. Gaztelaniak "meterse en camisa de once varas" erabiltzen du. Abil kontus, ori besteen atorrien sartzie dok ta! (Habil kontuz, hori besteren atorrean sartzea duk eta!)

Bost jakin. Perifrasi hau erabiltzen da norbaiti ezer ez dakiela adierazteko. Ironikoa da. "Zer jakin behar duk hik!" adierazpen honen parekoa litzateke. Zenbatzaileak "bost axola" esamoldean duen esanahi berbera du. Honek "axolarik ez izatea" adierazten duen moduan, "bost jakin" perifrasiak "ezer ez jakitea" adierazten du. Bos baakik/n ik! (Bost badakik/n hik!). Auriye ein ber deela! Bos baakizubie zuek! (Euria egin behar duela! Bost badakizue zuek!).

Burua lehengo lepotik (eduki). Sakana osoan erabiltzen zen eta baita Basaburuan ere. Norbaitek edo zerbaitek aldaketarik jasan ez izana adierazten du esapide honek. Nabai-nabaye duk buube lengo lepoti dakakela! (Nabari-nabaria duk burua lehengo lepotik daukaala!). Orreaga Ibarrak (1995, 722) honela dakar: "Lengo lepotik burua (AN-Basaburua) (Genio y figura hasta la sepultura)".Euskaltzaindiaren Hiztegian jasoa dago beste zentzu batean: "Ipar. Kontu egin, imajinatu".

Buruan eta guzti hesteak eduki. Oso jatuna izan. Inoiz asebetetzen ez denari esaten zaio horrela, normalean, gazteei egokiturik azaltzen da. Gaztiek, bizi guzien, jan ez, irentsi ein ye, buuben eta guzie zizkobiek estiek eta! (Gazteek, bizi guztian, jan ez, irentsi egin ditek, buruan eta guzti zauzkatek hesteak eta!).

Burutik behera egin. Trufatu, barre egin norbaiten bizkar. Norbait umiliatu erabat. Euskaltzaindiaren Hiztegian, "Goitik beherantz, burutik hasi eta oinetaraino". Gaztelaniako "humillar, reirse de alguien" adierazten du. Gurean horrelaxe: "Obe yau ez jolastie geyo oin kontra, azkeniako beti eitten ziegubiek buuti bia! (Hobe diagu ez jolastea gehiago horien kontra, azkenerako beti egiten zigutek burutik behera!)". Orotariko Euskal Hiztegian honelaxe dakar: "OEH (despreciar; ltm. Querer hacer de la cabeza abajo, hacer a la boca. Son expresiones groseras)."