Kolaborazioa

Sakanako lexia konposatuak (VII)

Aurrekoekin jarraiturik eta aipatu lexia konposatuak hitz bakar batekin baino gehiagorekin sortutako lexiko mailako burutzeak direla gogoratuz, hona jarraian horietako beste hamar.

  • Berariaz egin. Sakanako euskal hizkera gehienetan erabiltzen zen, nahita edo apropos zerbait egin adierazteko. Gauzoik ez zizkiyok nei be atiatzen, berayes eitten zittuk! (Gauza horiek ez zaizkiok nahi gabe ateratzen, berariaz egiten ditik!). Gaztelaniako "hacer a posta", "adrede" adierazten du.
  • Beso-lehian ibili/egon. Burundan eta Aranatzen erabili izan da bereziki. Lehian aritu. Beso-lehiak, uztarrian loturik doazen abereen elkarrekiko bultza aldia adierazten du. Horrela arituz gero, ez da gauza onik lortzen. Kandido Izagirrek (1967) horrela jaso zuen Altsasun: Besaleiya kentzeko ganaubeiri. Besaleiya da alkarretziten dia, alkarroola, bulkau alkar da ezin zan ailau, bota iten zian. (Beso-lehia kentzeko ganaduei. Beso-lehia da elkar etzaten dira, elkar horrela, bultzatu elkar eta ezin zen ailegatu, bota egiten ziren). Ondorengoa, Etxarri Aranazko hizkerakoa dugu: Beye, ze esaten ttuk! Aspaldiyen ez ttuk yondu besaleyen guu etxeko iriyek! (Baina, zer esaten duk! Aspaldian ez dituk egon beso-lehian gure etxeko idiak!). Gaztelaniako "en disputa continua" adierazten du.
  • Bixi-bixi egin. Laztandu, ferekatu. Eskuarekin beste norbaiten gorputz atalen bat modu leunean igurtzi. Karta joko bateko zatia era bada, eskuaren binperra gora begira jarririk mahaian, bertan egitekoa adierazten duena, ateratzen den karta motaren arabera: atximixka (ezpatak), bixi-bixi (kopak), kurrin-kurrin (urreak) eta plax-plax (beltzak). Aur guziek eskertzen ñe guatzien luek artu beño len bixi-bixi eittie. (Haur guztiek eskertzen dinate ohean loak hartu baino lehen bixi-bixi egitea). Kandido Izagirrek (1967, 67. or.) honela jaso zuen Altsasun eta adibide horixe bera dago jasoa Orotariko Euskal Hiztegian ere (OEH hemendik aurrera): "bixi-bixi ein 'hacer cosquillas'".
  • Bizi asmo! Ongi esan behar! Lehena, norbait aspaldian ikusi gabe izanik, aurrez aurre izandakoan eta zer moduz dagoen adieraziz ea bizi den galdegiterakoan, normalean ematen den erantzuna da esapide hau, Etxarri Aranatzen, Ergoienan eta Arbizun gutxienik. Bigarrena orokorragoa da erabilera eremuari dagokionez. -Joño! Aspaldiko! Bizi gaittun, o? -Bizi asmo! (-Koño! Aspaldiko! Bizi gaitun, edo? -Bizi asmo!). Gaztelaniko "vamos tirando" bezalakoak dira.
  • Boilo bila ibili. Aranatzen erabiltzen da bereziki. Arazoak bilatzen ibili, haserretu nahian edo, besterik gabe, zirikatzen. Baabil bollo billen ta azkeniako artuko ttuk! (Bahabil boilo bila eta azkenerako hartuko dituk!) Neskatua! Baziruin ezin yeizela geldiik eta ixilik yon. Beti ago bollo billen! (Neskatoa! Bazirudin ezin haizela geldirik eta isilik egon. Beti hago boilo bila!) Gaztelaniako "andar buscando jaleo" esamoldearen parekoa izanen genuke.
  • Denaz ere. Hau ere Aranatzen batez ere, baina dirudienez Arakilen ere erabilia izan da. Hala eta guztiz ere, dena dela. Danas ee, azken betien, asieran pensatu giñuben moduben ein berko diau! (Denaz ere, azken batean, hasieran pentsatu genuen moduan egin beharko dugu!). OEHn horrela dator: ("Denez ere. Danez bere (V,…), aun según es, aunque sea poca la diferencia A. (AN-araq), a lo sumo"). Gaztelaniaz "de cualquier forma/modo, a lo sumo".
  • Dal-dal egin, Dal-dalketan egon, Dal-dalekoa eman, Dal-daleriarekin egon/ibili, Dal-dalak jo. Sakana osoan erabiliak izan dira. Dardara egin, dardarak jota egon, dardara eman. Izagirrek (1967, 81. or.) honela jaso zuen Altsasun: tatalkan doo "está temblando". Urdiainen ere, daldalai jaso genuen SHDn. Daldalketan yondu giñuban atzo. (Dardarka egon gintuan atzo). Kriston daldaleyaki ziillek azkenontan. (Kristoren daldaleriarekin zabilek azken honetan) Gaztelaniaz "temblar", "estar tembloroso".
  • Demontrearen (izena), Demonioaren (izena). Graduatzaile moduan erabiltzen da, izenak edo izenondoak adierazitakoaren maila handituz. Demontrien aize fuertie ziillek gaur goizien! (Demontrearen haize indartsua zabilek gaur goizean!) Demonien jeniyueki agertu zikieguk etxeko atayen! (Demonioaren jenioarekin agertu zaiguk etxeko atarian!) Gaztelaniako "¡… de la hostia!" esapidearen parekoa da.
  • Direnak eta ez direnak (esan/aditu). Guztia, ezer utzi gabe, denetik. Ez dela ezer ahaztu adierazteko erabiltzen da, baina, gehienbat eztabaidatzerakoan, azalpen osoa eman dela edo propio ezer gordetu gabe hitz egin dela. Bestalde, badu zentzu peioratiboa ere, eta "kristorenak" esan adierazten du horrelakoetan. Damutu zikiyoban Joxeeki sartzie, dienak eta ez tienak esan zizkiyoban arrek! (Damutu zitzaioan Joxerekin sartzea, direnak eta ez direnak esan zizkioan hark!). OEHn horrela: "Direnak eta ez direnak. a) Todo; todo y más."
  • Ederra bota / esan / egin. Sakanan ezeze, Mezkiritz aldean ere erabiltzen zuten. Ederra sartu. Ironiaz erabiltzen da, kontrakoa adieraziz. Hiru aditzekin, espero ez den mailako zerbait esan edo egin dela adierazten da, baina azken aditzarekin, aldiz, ziria sartu, enganaitu, adierazteko erabiltzen da. Perpetua Saragueta mezkiriztarraren eskuidatzietan (Iñigo, 2011) ere horrela ageri da. EHn 'ederrak eman'. Ederra ein dek! E niyan alakoik igandi espia! (Ederra egin duk! Ez nian halakorik higandik espero!) Ai, bai inoxentiek zariela berangana arrimetzen! Ederra bota duuzubie! (Ai, bai inuzenteak zaretela berarengana arrimatzen! Ederra bota dizuete!) Biletu gindue sei tokietan seurik, baño ederra egin gindue! (Bilatu genuen sei tokietan segurik, baina ederra egin genuen!). Gaztelaniaz "hacerla buena, meterla clavada" esanen lukete.
  • Hizpidea eman/jarri. Hau egiten duenak berari buruz gaizki hitz egiteko aukera edo arrazoia ematen du. Sakana osoan entzun zitekeen. Norberaren jarrerarekin edo esanarekin hitz egiteko aukera eman gainerakoei. Normalean zentzu peioratiboa izaten du. Iguel duk noiz, iguel duk nola, beya zuek beti jartzen duzube izbidia erriyen! (Igual duk noiz, igual duk nola, baina zuek beti jartzen duzue hizpidea herrian!) Ez takak fundementu askoik, beti izbidie ematen! (Ez daukak fundamentu askorik, beti hizpidea ematen!). Gaztelaniaz "dar que hablar", zentzu peioratiboan. Satrustegik Luzaideko Hiztegian Elepidea eman (1963-64: 263) jaso zuen adibiderik gabe, "habladuría" esanahia ematen diola.