Kolaborazioa

Sakanako lexia konposatuak (VIII)

-en baratzeko letxuga/aza (ez) izan. Jabego-genitiboa edo -en morfemarekin egindako izen-laguna baliaturik sortua da, hurrengo beste biak bezala. Aranatzen eta Arakilen erabili izan da gehienbat. Norberak sortutakoa edo egindakoa dela edo ez dela esan edo egindako zerbait adierazteko erabiltzen da. Guaixe esan dokena ez tok i baatzeko letxube! (Oraintxe esan duana ez duk hire baratzeko letxuga!) Esaldi honetan ageri da ez dela norberak asmatu edo pentsatutakoa esan duena. Andres Iñigok (2005, 136. or.) honela dakar Satrustegiren idatzi batean: «Herri guztiak badaki ez dela bere baratzeko aza, baino festetan dena barkatua da.» Gaztelaniaz «no ser de producción propia lo que se dice» adieraziko luke.

-en begietatik ikusi. Nahiko orokorra da, Sakanako euskal hizkeretan behintzat. Beste batek esaten duena egin, haren baitan konfidantza osoa izanik. Gu etxien anei zarrenan begiteti ikusten ye guziek! (Gure etxean anaia zaharrenaren begietatik ikusten ditek guztiek!) Gaztelaniaz «dar importancia a lo que dice alguien en concreto» adieraziko litzateke. OEHn ere jasoa dago horrela: "Begietatik ikusi (Precedido de gen.). (Fig.) Ver con los ojos de, ver a través de".

-en pasioz. Aranatzen eta Burundan erabilia. Zerbaiten ondorioz, indarrez, poderioz. Saiatu eta saiatuagatik. Denboran pasiyos atia dik karneta. (Denboraren pasioz -poderioz- atera dik gida-baimena). Izagirrek (1967, 75. or.) honela jaso zuen Altsasun: «Baiya eroitzen ai tuk sekurian pasioz. Ta asko dare ola asssko». (Baina erortzen ari dituk lehortearen pasioz. Eta asko daude horrela asko). Gaztelaniaz «a consecuencia de, a fuerza de» esanen zen. OEHn ere bai horrela: "Pasioaz. (Tras gen.). Por la fuerza, la vehemencia de".

Tximur izan, Zuhur(kilo)a izan. Etxarri Aranatzen entzun daitezke biak oraindik. Zeken, zikoitz izan. Lehena, Zaraitzukoa, irudizkoa dugu, eskua luzatu ezin, maingua duena, eskuzabalaren kontrakoa; eta, besteak, Etxarri Aranazkoak.

I, ze tximurre den zuen aldemeneko amiñoi! (Hi, ze zekena dun zuen aldameneko amiña hori!) Bei, neskatua! Bei xurre/zurkillue dala! (Bai, neskatoa! Bai zuhurra/zuhurkiloa dela!) Gaztelaniaz "tacaño" erabiltzen da.

Etxeko frontala izan. Sakanako euskal hizkera gehienetan erabiltzen zen eta Etxarri Aranatzen entzun daiteke egun oraindik. Pertsonei egokitua erabiltzen da, norbait etxeko sostengua, euskarria dela adierazteko. Garai batean etxeko gizona esapidearen parekoa izanen genuke eta, hauxe, egokiagoa genero bereizketarik ez gertatzeko. Horrela dago definiturik «frontala» EHn: «iz. Eraik. Horma baten luzean, horizontalean jartzen den habea, solairuko soliboei eusten diena».Etxarri Aranazkoa dugu hurrengo esaldia: Anei zarrena il zaneti, etxeko frontali pe geldittu ttuk. (Anaia zaharrena hil zenetik, etxeko frontalik gabe gelditu dituk.).

Euliak besteren buztanarekin kendu. Aranatzen eta Arakil mendebaldean erabiltzen zen. Bizitza beste norbaiten arrimoan atera aurrera. Beste norbait baliatuz arazoak uxatuz. Besteen laguntzarik gabe ez izan gai eginbeharrak egiteko. Lizarragako hiztegian (2008, 145) honela dakar: «Bestien buztenaakin (buxtenaakin) auliyek jendu. Servirse de otros para resolver los propios problemas». Etxarri Aranazkoa dugu hurrengo esaldia: Errez asko biziek ori, auliyek beti besteen buztenaki jenduta! (Erraz asko bizi duk hori, euliak besteren buztanarekin kenduta!).

Eulitara egon. Etxarri Aranatzen behintzat erabiltzen da. Urduri egon. Norbait bere onetik aterata, edozerk asaldatzen duela, egon. Aztoraturik ibili. Euli bat ingurutik pasatu eta haserretzen dela egon. Ondorengoa Etxarri Aranazko esaldia dugu: Obe dek gaur ezee ez esatie Antxoni, aulita ziok ta! (Hobe duk gaur ezer ere ez esatea Antxoni, eulitara zagok eta!). Gaztelaniaz «estar mosqueado» erabiltzen da barra-barra.

Ez ahuntzetarako, ez ardietarako. Aranatzen erabilia izan da bereziki. Ez baterako, ez besterako. Ez atzera, ez aurrera. Gehienbat norbaiten gaitasunik eza adierazteko erabiltzen da, baina zenbaitetan zalantza edo ezin erabakia ere adierazten du. Lizarragako hiztegian honela jaso dute: «Ez arditaako (ta) ez auntzetaako (ez ioon), ez auntzetaako (ta) ez arditaako (ez ioon): ni para adelante ni para atrás, dubitativo, hesitante, indeciso, referido tanto a una persona como a una situación». Ondorengo esaldietan lehena, Etxarri Aranazkoa dugu eta bigarrena, Lizarragako hiztegikoa: Biyer semiatek futbola eta bestiek pillota zikobiek eta emen gaudek, ez auntzetako, ez arditako! (Bihar seme batek futbola eta besteak pilota zaukatek eta hemen gaudek, ez ahuntzetarako, ez ardietarako!). Ez gooi ez auntzetaako ta ez arditaako («No sabemos qué hacer»). (Ez gaude ez ahuntzetarako eta ez ardietarako.)

Ez da (bada) izanen! Ez esan! Sakanako euskal hizkeretan erabiltzen zen eta oraindik ere entzun daitezke. Sinisteko zaila edo gutxienez harrigarria iruditzen zaigula zerbait adierazteko erabiltzen dira esamolde hauek. Ez da posible, ezin liteke, adierazten du bigarrenak bereziki. Lizarragako hiztegian (277) honela jaso dute: "Ez ta ba izáanen? Izenko ez tá ba?, Izenko ez ta báa? ¡cómo no!" Hurrengo esaldiak Etxarri Aranazkoak ditugu: Afaye zuek paatuko dezubiela? Ez da izanen! (Afaria zuek pagatuko duzuela? Ez da izanen!) Ez zariela afaltzia etorko? Ez esan! (Ez zaretela afaltzera etorriko? Ez esan!) Gaztelaniaz "¡no digas!, ¡no es posible!, ¡no jodas!" adieraziko lirateke.

Ez izan eta bai uste. Etxarri Aranatzen eta Bakaikun izan dira erabiliak, Eta Larraunen ere bai. Ez izen da bei uste! Anttoni Mendiola etxarriarra zenak, horrela entzuten omen zion bere aitonari askotan. Handiusteari esaten zaio. Norberak, bere baitan, edozertarako gaitasuna duela pentsatzea, nahiz eta oso begibistakoa izan kontrakoa. Bei zia! Oik baakik zer dien? Ez izen da bei uste! (Bai zera! Horiek dadakik zer diren? Ez izan eta bai uste!). Ondarrak ere Bakaikun jaso zuen «presumido» adieraziz eta horrela gehitu zion: «Arrua danaz esaten dana». OEHn honelaxe dago jasoa Larraunen: "(Ez izan eta bai uste. Jactancioso. Cf. Inza NaEsZarr 404: Ez izan da bai uste, sasipeko masuste AN-larr)". Gaztelaniaz "creído, presumido" esanen litzateke.