…, ez mundu! Etxarri Aranatzen barra-barra entzun zitekeen duela gutxi arte. Ez ezer, ez inor. Zerrenda baten bukaeran, hura erabat itxirik uzteko erabiltzen da. Gaur bazkaltzen ez da yon ez aitte, ez ama, ez aneye, ez mundu! (Gaur bazkaltzen ez da egon ez aita, ez ama, ez anaia, ez mundu!) Etxarri Aranatz: beste 700 baietz! bertso antzerkian, horrela ageri da: Ze gobernadore ta gobernadore ondoko! Emen ez yau bier ez errege, ez gobernadore, ez mundu! (Zer gobernadore eta gobernadore ondoko! Hemen ez diagu behar ez errege, ez gobernadore, ez mundu!) Iruña-Veleia aferaz ez da inor kezkatzen, ez PNV, ez Bildu, ez mundu! Gaztelaniaz erabiltzekotan "ni nada/nadie" edo "¡ni ostias!" erabiliko litzateke.
Ez naiz banaiz ari izan/ibili, Nahitxu-nahitxu ari izan/ibili. Aranatzen eta Arakilen izan dira erabiliak. Ahuleziak jota ari izan eginkizunen batean. Ozta-ozta, juxtu-juxtu ari izan zerbaitean. Zenbait gauzekin ere erabiltzen da. -Jo gooti, Frantxiko! -Ez tet uste, gaurkuen bintzet. Eneiz baneiz naille bierko ta, eztule ta mukiye daayotela! (-Jo gogotik, Frantxiko! -Ez dut uste, gaurkoan behintzat. Ez naiz banaiz nabil beharko eta, eztula eta mukia daridala!) Sube eneiz baneiz daallenien, ezpal batzuk bota, tirue zabaldu eta ikuskuek nola artuko deen! (Sua ez naiz banaiz dabilenean, ezpal batzuk bota, tiroa zabaldu eta ikusiko duk nola hartuko duen!) Emen ai neiz neixu-neixu, erabat aulduik noo ta! (Hemen ari naiz nahitxu-nahitxu, erabat ahuldurik nago eta!) Azken hau ere erabiltzen zen zerbait lasai-lasai eta gehiegi sakondu gabe egin edo esateko. Gaztelaniaz "superficialmente, lo más fácilmente posible" adieraziko litzateke.
Egarriak jo/eman. Sakana guztian zegoen zabaldua. Egarriak akabatzen egon, egarri izan. Lizarragako hiztegian (160) honela dakarte: «Egarriye sartu, egarriyek jo, egarriyek eman. Entrar sed. (…) Egarriyek eman duut. Me ha entrado la sed» Egarriyek jota allatu duk eta itturriya sekatu dik iya-iya! (Egarriak jota ailegatu duk eta iturria sikatu dik ia-ia).
Eta ez + aditz laguntzailea, + bada, + aditza,Sakana osoko euskal hizkeretan erabilia. Ustekabean, harridura sortuz, gertatzen den zerbait adierazteko. Ezezko aditzondoak ez du ezetza adierazten, alderantziz, ekintza gertatu izana azpimarratu baizik. Eta etziyan, baa, ostutzen arrapatu eta an bertan tirokatu! (Eta ez zuen, bada, lapurtzen harrapatu eta han bertan tirokatu!). Zu, ez zeen, baa, ezee esan bee ataye txiki-txiki ein eta aldein! (Zu, ez zuen, bada, atea txiki-txiki egin eta alde egin!) Gaztelaniaz ere entzun izan dugu euskaratik zuzenean itzulia: "¡Oye, y no va y…!"
Egoki ailegatu. Aranatzen, behintzat, erabilia izan da. Momentu edo modu onean gertatu. Hurrengo esaldiak Etxarri Aranazkoak ditugu; bigarrena SHDtik (95) hartua: Ezin egokiyoo allatu zikiek oporraldiye, erabat lur jota niok ta! (Ezin egokiago ailegatu zaidak oporraldia, erabat lur jota nagok eta!) Egoki asko allaatu zikiyok aneye! (Momentu onean ailegatu zaiok anaia!) Gaztelaniaz "venir de perlas, a mano" erabiliko litzateke. Lizarraga Ergoieneko euskara liburuan ere horrelaxe dator 'egoki' aditzondoa: "Lanien oso egoki daki: sabe trabajar bien".
Ekotx egin,Kinkifut egin. Etxarri Aranatzen, behintzat, erabiliak izan dira. Asko jan eta erabat beteta gelditu. Badirudi bigarrenaren osagaiak ingeleseko kinky eta food izan daitezkeela. Lehenak «era edo tamaina ez egokikoa» adieraziko luke eta bigarrenak «janaria». Era ez egokian, gehiegikeria, jan eta edateari egiten dio erreferentzia; ingeleseko lehen osagaiak, aldiz, sexuarekin du harremana. Baztanen Zipot egin erabiltzen dute gauza bera adierazteko. Gaur eguerdiyen ekotx eiñ artio jan yau! (Gaur eguerdian ekotx egin arte jan diagu!) Bazikonet gogue saardoteire fateko, asierakuek praatu besteik ez eta, ondorien, txuleta kinkifut eiñ artio jan biiñet! (Bazeukanat gogoa sagardotegira joateko, hasierakoak probate besterik ez eta, ondoren, txuleta kinkifut egin arte jan behar dinat!) Atzo kinto egune urai ta, azkenien, kinkifut ein giñuban: gosayaki asi, gio baz-kaldu ta, atzenien, afaye ta guzie! (Atzo kinto eguna eduki eta, azkenerako, kinkifut egin genian: gosariarekin hasi, gero bazkaldu eta, azkenean, afaria eta guzti!) "Comer en exceso, hasta reventar" erabiliko litzateke gaztelaniaz.
Elizakoak hartu/eman Erabilera orokorrekoak ditugu hauek. Oliodura hartu. Hilzorian dagoen fededunak jasotzen duen azken bedein-kazioa. Lizarragako hiztegian (166) ere: «Elizekuek artu, elizekuek eman 'tomar/ dar la extremaunción'.» Eta Izagirrek (59) Altsasun ere bai, bigarren adibidean ikus daitekeen moduan. Horrela dago jasoa EHn adibideetan, baina ez azpisarrera moduan: "Ez dira elizakoak hartu gabe hilko. Apaiza non bizi zen galdegin zuen, aita txarki zuela eta, elizakoak emateko" Elizakuk eman, dar el viático. (Elizakoak eman.). Gaztelaniaz "dar la extremaunción".
Elkarren modukoak izan. Hau ere erabilera orokorrekoa da. Berdintsuak izan, izaera berekoak izan. Bata bestearendako berdinak izan. Abil kontus oin tartien sartu beño len, alkarren moukuek ttun eta! (Habil kontuz horien tartean sartu baino lehen, elkarren modukoak ditun eta!) Gaztelaniak "ser tal para cual" erabiltzen du.
Eloa egin.Etxarri Aranatzen erabiltzen da egun oraindik. Gustua egin. Oso gustuko dugun zerbait gutxienik dastatu, probatu. Nahia adina ez bada ere, gustuko dugun zerbait gutxienik probatu edo gozatu. Aurten zize gutxi artu zittubau, beye gutxines elue ein yau! (Aurten ziza gutxi hartu ditiagu, baina gutxienez eloa egin diagu!) Elue eitteko sikia opatuko bagiñittu onttuatzuk! (Eloa egiteko sikira opatuko bagenitu onddo batzuk!) Gaztelaniaz "hacer el capricho, probar algo al menos".
Eltzeak egitera joan. Aranatzen eta Burundan erabilia izan da. Hil. Bizitzaren amaiera adierazten du. Horrela dakar Nafarroako Euskaldunen Mintzoak (1990) lanean Urdiainen jasotako grabaketan eta transkribaturik ere ageri da Euskalki literarioak liburuan (1992, 122): Ya guk hobena botatu ugu. Gurekin probetxu gutxi do; ya… leno esaten zaiena, denboa gutxiko laister eltzik itea, kanposantue eltzik itea, esaten zabien lenokok, eta gu re laister martxa hortan. (Dagoeneko guk hoberena bota dugu. Gurekin probetxu gutxi dago; dagoeneko… lehenago esaten zutena, denbora gutxiko laster eltzeak egitera, kanposantura eltzeak egitera, esaten zuten lehenagokoek, eta gu ere laster martxa horretan.) Hurrengo esaldia Etxarri Aranazko hizkeran: Jendiek ez padau kuidedo geyo uraitzen, laster fanen geittuk denok eltziek eittia! (Jendeak ez badu kuidado gehiago edukitzen, laster joanen gaituk denok eltzeak egitera!)