Kolaborazioa

Sakanako lexia konposatuak (XIII)

Título 1569222
  • Galdor-festa egin/eman, Galdor-afari egin/eman Eraikuntza berri batean, teilatua emandakoan egiten den ospakizuna, bazkaria edo afaria Sakanan. Aezkoako Garraldan Bukataro egin/eman. Baztanen Bizkar besta egin. Lehen esaldia, Sakanakoa dugu eta bigarrena Baztangoa: Elduen ostielien kaldor-festa izenen yau elkartien. (Heldu den ostiralean galdor-festa izanen diagu elkartean.) Bier dugu bizker-besta. Bizker-besta ederra. (Bihar dugu bizkar-besta. Bizkar-besta ederra.). OEHn honelaxe dataor jasorik: "Kaldor pesta (AN-araq), fiesta por el final de una obra o de un trabajo. Satr VocP". (…) Bukataro. Final. Gure bizitzaren postrea, bukateroa ta akabanza." Azken hau Aezkoakoa da.
  • Galdugorde (ez) izan, Galdugordegabekoa izan Aranatzen egun oraindik eta Arakilen erabilia izan da aditz perifrasi hau. Ganora, fundamentua (ez) izan. Bigarrena sinple, ganoragabea denari egokitzen zaio. Eztikobiek oik batee galdubordeik! (Etxarri Aranatz) (Ez zaukatek horiek batere galdugorderik!) Aldein zan nee ondoti, galdugordeibeiko txarroi! (Lakuntza) (Alde egin ezan nire ondotik, galdugordegabeko txar hori!) Gaztelaniaz "tener/no tener fundamento" adieraziko litzateke. OEHn jasoa dago, baina perifrasiaren jatorriko esanahiarekin: "Eztu galdu-gorde andirik (G-goi), no tiene mucho que perder o ganar" A. 'Galdu gorde aundik ez du, no tiene mucha diferencia. Ez dauke galdu gorde aundirik, no tiene mucho que ganar ni perder' (…) Galdu-gorde aundirik ez du jokatuko. (AN-larr). Inza NaEsZarr 412 (jokatzeko deus gutxi duela esateko).
  • Ganbela azpikoa Esapide hau, gutxienez etxarriarrek erabilia izan da. Sasikoa. Ezkontzatik kanpoko seme edo alaba. Ganbelaren azpian sortu-takoa. Garai bateko ikuiluetan zurezkoak izaten ziren eta bertatik jaten zuten abereek pentsua eta gainerakoak. Hurrengo esaldi hau Etxarri Aranazkoa da: Garai betien, ganbelazpiko aurrek, morroi o neskixetako artzen zittubabien. (Garai batean, ganbelazpiko haurrak, morroi edo neskametako hartzen zitiztean.) Bada OEHn (VIII, 317) antzeko konotaziorik duen esaldia: "Seaskarik ez zuelako ganbela batean ipiñi zuen. Lard 367. Ganbela siaskatako (Zugarramurdi, 1875) (…)" Gaztelaniaz "hijo/a ilegítimo/a".
  • Gezurra egiaren kolorean bota, Gezurra zutik bota Oso modu nabarmenean gezurra esan. Bi aditz perifrasi hauek etxarrieran ditut jasoak, baina Sakanako euskal hizkeretan dira ezagunak. Orrek uste dik gu inoxentiek gaala, gezurre egiyan kolorien botatzen zieguk! (Horrek uste dik gu inuzenteak garela, gezurra egiaren kolorean botatzen ziguk!), Iguel dek iyorezek ez baziok siñisten dee, biak gezurre zuti botako dik! (Igual duk inork ere ez baziok sinisten ere, berak gezurra zutik botako dik!). Gaztelaniako ordaina "mentir descaradamente" izanen litzateke.
  • Gezurra gezurraren gainean Esapide hau Sakana gehienean da ezaguna eta aurrekoaren oso antzekoa dugu. Honek gezurraren maiztasuna azpimarratzen du. Gezurrak bata bestearen atzetik botatzea adierazten du. Pertsona oso gezurtia dela adierazteko erabiltzen da. Ez tikok lotsaik batee, gezurre gezurran geñen botatzen dik atertu be! (Ez zaukak lotsarik, gezurra gezurraren gainean botatzen dik atertu gabe!). Gaztelaniaz, "mentir compulsivamente" esanen genuke.
  • Gogotik ari izan/eman/ekin, Jo gogotik! Sakana erdialdeko euskal hizkeretan erabiltzen ziren gehien. Erruz, ugari, asko. Eta esamolde bihurturik ere erabiltzen zen, bat soroko lanetan ari zela, ondotik norbait pasatzerakoan horrelaxe esanez: Jo gooti! (Jo gogotik!). Eman gogor! Lan asko egin! Auriye gooti aittu dek aste guzien! (Euria gogotik aritu duk aste guztian!) Gooti eman berko ziok Irujok Aimar mendiatu nei badik. (Gogotik eman beharko ziok Irujok Aimar menderatu nahi badik). Baztanen ere erabilitzen da: Gootik gaten dire eskolara (Gogotik joaten dira eskolara). OEHn (Orotariko Euskal Hiztegia) honelaxe dator jasorik: "Gogotik, Verdaderamente, con ímpetu; de buena gana".
  • Goikopekoak ari izan/bota Etxarri Aranatzen jasoa da aditz perifrasi hau. Aurrekoaren antzeko esanahia du, baina kasu honetan eguraldiarekin lotuta agertzen da beti, euria, kazkabarra edo elurrarekin hain zuzen. Goikoak eta behekoak, guztiak, bota izana adierazten du. Bart goikopekuek bota zittuk! (Bart goikopekoak bota ditik!). Gaztelaniaz gauza bera adieraztekotan, ("llover torrencialmente" erabiliko litzateke.
  • Goitik buruok! Penagarria bada ere, ezezaguna suertatzen zaio egungo euskal hiztunei dagoeneko esapide hau. Etxarrieran entzun daiteke oraindik adin handiko zenbaitek erabilita. Animo! Altxa burua! Eutsi goiari! Okerren bat gertatutakoan erabiltzen da gehienbat, animoak apal dituenari aurrera egiteko adieraziz. Kirolariari bultzada emateko ere bai. Bazikiyau momentu txarrak pasatzen ai zariela, beye… goitti burubok! (Bazakiguk momentu txarrak pasatzen ari zaretela, baina… goitik buruok!) Gaztelaniara "¡ánimo!, ¡que no cunda el pánico!" itzuliko genuke.
  • Goitik zerua eta behetik lurra (gelditu) Erabilera orokorrekoa dugu esapide hau euskal hizkeretan. Ezer gabe, arruinaturik, behea jota gelditu edo egon. Jende guziei launtzen segitzen badezu, goitti zerube ta beti lurre geldittuko zaa! (Jende guztiari laguntzen segitzen baduzu, goitik zerua eta behetik lurra geldituko zara!). Gaztelaniako ordaina, "quedarse sin nada" izanen genuke.
  • Gora-gora (ari izan) Esapide hau ere euskal hizkera gehienetan da ezaguna. Hizketan edo kantaz boz goraz aritu. Hurrengo adibidea Etxarri Aranazkoa da. Tabernan gora-gora aittu ttuk kantas gau guzien! (Tabernan gora-gora kantaz aritu dituk gau guztian!) OEHn honelaxe dator jasota: "gora-gora En voz muy alta". Gaztelaniaz "a voz en grito, muy alto".
  • Goseak/egarriak garbitzen egon, Goseak/egarriak hilik egon/izan, Goseak/ egarriak amorraturik egon Oso hedatuak dira lehen bi aditz perifrasiak Nafarroako euskal hizkeretan eta hirugarrena, aldiz, Luzaidekoa dugu. Gose edo egarri (hotza ere bai Sakana erdialdean) handia dela adierazteko erabiltzen dira. Ondorengoa Etxarri Aranazko esaldia dugu: Goiz guzie niok gosiek garbitzen, bazkal garaiye noiz allaatuko! (Goiz guztia nagok goseak garbitzen, bazkal garaia noiz ailegatuko!). Mezkirizko Perpetua Saraguetaren eskuidatzietan horrela dator jasoa ondorengo esaldia: Egarriak egon, Goseak, egarriak, buluxiak daudenendako? (…biluzik daudenendako!). Eta azken hauxe, Luzaideko hiztegiak dakar. Égun gúzjan lánjan aizána núxu éta wái gósjak amarrátja núxu. (Egun guztian lanean ari izana nauzu eta orain goseak amorratua nauzu.). OEHn ere horrela: (Goseak hil (V, L, AN-5vill, BN, S) (…) Morirse de hambre, tener mucha hambre, desfallecer. (…)