Sakanako esapideei, esamoldeei eta aditz perifrasiei, hau da, lexia konposatu guztiei edo beste modu batean esanda, hitz bakar batez baino gehiagoz Sakanako euskal hizkeretan gure aurrekoek barra-barra erabiltzen zituzten lexikoaren arloko burutzapen hauei, hilabeteko atsedena emanen diegu eta gaurkoan natura edo izadia izanen dugu hizpide. Orduan, lexia konposatuak abaroan utzi eta izadia, bere indarra, zehatzago izatekotan, izanen dugu hizpide, Etxarri Aranatzen berak emana duen erakustaldia plazaratuta.
Hemen daukazuen platanondo osasuntsua, herriko Kale Nagusian dago, aipatu kalearen hasieran hegoaldetik iparralderako norabidean, ezkerraldeko espaloian eta "aspaldiko gazteen elkartea"-ren atariaren ondo-ondoan.
Ez da espaloi zabal horretako platanondo bakarra, baina argazkian ikus dezakezuen moduan, itxura berezia dauka. Itxura, izaera edo nortasuna? Hirurak batean, esanen nuke nik.
Orain arte, ezaguna genuen izaki bizidun askok bizkarroi edo parasitoak izaten dituztela. Zuhaitz batzuek ere bai. Hortxe izanen genuke mihura landarea, esate baterako. Beste landare batzuen kontura bizi da, haien izerdia zurrupatuz.
Baina platanondo honen kasuan ez dirudi bizkarroiena edo parasitoena dela egoera. Gehiago ematen du mutualismoa, hau da, espezie desberdinetako banakoen arteko elkarrekintza biologikoa, non biek onura ateratzen duten eta gaitasun biologikoa hobetu ere bai. Espezie bereko kideen artean gertatzen diren antzeko ekintzei lankidetza esaten zaie.
Bistan da lankidetza kontua izan dela platanondoaren eta metalezko tutuaren artekoa, naiz eta garbi izan ez direla espezie berekoak.
Seguruenik, landatutakoan probestu nahi izan zuten burdinezko tutua platanondoa zuzen hazi zedin bere ondoan eta horixe egin du, zuzen hazi eta, gainera, bere gida eta euskarri izandakoa besarkatu eta geldi-geldi irensten joan, platanondoaren bizkarrezurra bihurturik.
Bestalde, ez balute tutua erabili platanondoaren gida zuzena izateko, tutua bertatik kendu eta txatarreriaren batean amaituko zuen.
Gauza da bertan zela aipatu metalezko tutua, XX. mendeko zazpigarren hamarkadatik aurrera, orduko Etxarriko gasolindegiko lurrazpiko erregai biltegiak arnasa hartzeko behar zuena. Gasolina emateko makinaren ondoan zegoen orduan metalezko tutua. Eta gasolindegia itxi zutenean, hantxe utzi zuten beste zeregin bat erantsirik berari.
Belaunaldi batzuk badira dagoeneko herrigunean gasolindegia ezagutu ez zutenak osatzen dituztenak Etxarri Aranatzen eta hortxe gelditu da herriaren memoriaren lekuko, platanondoaren eta metalezko tutuaren lankidetza istorioa.
"Aspaldiko gazteen elkartea"-ren aurreko espaloi zabalean, gainera, lau platanondo daude eta hauxe, metalezko tutuarekin lankidetzan dagoen bakarra, lauetan sendoena da eta seguru nago, platanoak ematen dituen platanondo mota izanen balitz, potasioa ez ezik, burdina ere izanen zutela bere fruituek.
Ez da hauxe lehenengo kasua, zeinetan zuhaitz baten eta metalezko tresna baten arteko lankidetza istorioa errepikatzen den. Duela 50 urte baino gehiago (1954 urte aldera) galdutako bizikleta bat, Vashon uharteko (Estatu Batuak) naturaren obra harrigarri baten zati bihurtu zen: zuhaitz batek ia erabat irentsi eta lurretik metro eta erdi baino gehiago altxatu zuen.
Haren jabeak, Helen Punz izeneko 99 urteko emakume batek, jakin zuen bizikleta aurkitu zutela bertako egunkari batek zuhaitz arraroaren argazkia argitaratu ondoren.
Helenek, zortzi urteko Don semeari eman zion ordukoan, baina honek ez zuen gustuko nonbait emakume bizikleta. Orduan, Donek bizikleta basoan "galdu" eta zuhaitz batek oso gustura "hartu" zuen.