Maiatzeko hamaika eguneko euskaraldia pasa da. Arrakastatsua omen, antolatzaileen lehen balorazioen arabera. Bai, pasa da esan dut, hasierako eta amaierako muga jarri baitiote. Aurreko euskaralditik bi urte eta erdi pasa dira. Lehenengoa (2018) hamaika egunekoa izan zen; bigarrena (2020) hamabostekoa; hirugarrena (2022) aurrekoa bezela hamabostekoa; eta azkena (2025) hamaikakoa atzera berriz.
Hirugarrena (2022) iragarri zutenean, prentsara bidalitako artikulu batean esaten nuen ez zitzaidala batere eraginkorra iruditzen lehen alditik bigarrenera gehitu zen lau eguneko kopurua, ezta aldi batetik besterako bi urteko tartea ere: "Lehengotik bigarrenera gehitutako egun kopuruari (lau) progresio aritmetikoa aplikatuz gero bi urtero, XXII. mendeko hondarreko urteetan iritsiko lirateke orduko hartako euskaldunak, urte osoan, belarriprest eta ahobizi rolekin jardutera." Orduko hartako euskaldunak gainera, ordurako euskaldunik geratuko balitz.
Eta jarraitzen nuen esaten lehen bi euskaraldien artean gehitutako egun kopuruari progresio geometrikoa aplikatuta, bi urtero antolaturik, gutxienez, hurrengo hamarkadaren lehen erdian (2034) iritsiko ginatekeela 365 eguneko Euskaraldira. Honetan ere atzera egin dugu, hamaika eguneko euskaraldira itzuli baikara atzera berriz. Baina aizue, hori guztia, jakinik euskaraz hitz egiteko gai gero eta jende gehiago dagoela!
Lehentxeago aipatzen nuen artikulu hartan, hauxe ondorioztatzen nuen: "Euskararen egoera diglosikoa mendeetakoa da gizartean, betikoa administrazioan eta hori gainditzeko ez dira ekitaldi testimonialak edo kontzientzia arintzekoak behar, errotiko apustuak baizik eta, oraingoak, erabileran du gakoa."
Emaitza oso kezkagarriak ematen dizkigu bost urtero Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabilerari buruz Euskal Herrian: 2001ean euskalerritarren %13,3k soilik erabili zuela ondorioztatu zuten; 2006an %13,7k, zertxobait igota; 2011n %13,2k; 2016an %12,6k; eta azkenik 2021ean %12,6k berriz ere. Eta nik neuk somatzen dudanagatik, ez dut uste gora eginen duenik euskararen erabilerak hurrengo urteko neurketan.
Ez da gainera neurketaren bost eremuetan salbuespenik, ez baita lurralde bat zeinetan gora egiten duen euskararen erabilerak, modu nabarmenean behinik behin, hurrengo taulan ikus daitekeen moduan (euskara erabiltzaileen kopurua ehunekoetan).
Eremu euskaldunenetan ere, hau da, bertan euskaldunak %75-100 direnetan, gauza bera antzeman daiteke: 2006an %67,8; 2011n %66,5; 2016an %65,1; eta 2021ean %61,9.
Bestela ere, haurrak (14 urte arte) dira gehien erabiltzen dutenak; eta adinekoak (65 urtetik gorakoak), aldiz, gutxien erabiltzen dutenak. Ezin hobea jubilazioak eskaintzen duen denbora aurretik ezin izan duenarendako, bere herriaren nortasun agiria jasotzeko. Euskara, orduan, ezin da gure territorio libre izan, territorio horretan euskal hiztunik ez badago.
Hizkuntza bat "gutxi, gutxirekin, gutxitan" erabiltzeagatik galtzen da!
Honetaz guztiaz kezkatuta agertu da Euskararen Kontseilua ere, nahiz eta onartu azken hamarkadetan ukaezinak direla euskara pizteko emandako aurrerapausoak. Eta euskararen ezagutzan, hala da. Begibistakoa da gero eta euskalerritar gehiagok dakiela. Hala ere, Kontseiluak dioen bezala, berreskuratze-ziklo hori agortzen ari delako zantzuak nabarmenak dira datu soziolinguistikoetan eta azken urteotan erakundeen eta gizartearen esparruan egin diren diagnostikoetan.
Kontseiluak, euskal komunitatea hizkuntza-larrialdian dagoela ikusten du eta horrexegatik euskarak behar-beharrezkoa duen beste bultzada ematera deitu du, Bilbon hurrengo abenduaren 27an antolatuko duen ekitaldia horretara bideraturik.
Ea asmatzen den, baina bitartean, dakigunok behintzat, egunerokoa egin behar dugu euskaraldia, abenduko 27koaren zain gelditu gabe.