kolaborazioa

Izadiaren ikuskizuna

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Erdozia Mauleon 2025eko irailaren 8a

Haritza eta pagoa elkarren ondoan. ERDOZIA

Lehengo batean Izadiaren indarra izenburuarekin plazaratu nuen, Guaixeri esker, lurrazpiko gasolina biltegi baten airea hartzeko tutu metalikoaren kasua Etxarri Aranatzen. Artikulu horretan erakutsitako argazkian ikus zitekeen aipatu tutu metalikoa erabat irentsita zuela platonondo batek. Ordukoan indarra eta oraingoan, aldiz, ikaskizuna da izadiak beste behin ematen diguna. 

Lehen platanondoa eta orain beste zuhaitz batzuk dira berri honen subjektu nagusi, haritza eta pagoa. Eta biak ala biak, atzera berriz, Etxarri Aranazko eremuan, elkarren ondoan. Hala ere ziur naiz asko eta asko izanen direla horrelakoak Sakanako gainerako herrietan ere.

Argazkian ikus daitezkeen bi zuhaitzak, haritza eta pagoa, pagoa eta haritza, Etxarri Aranazko Beheko Basoko San Adrian baselizara daraman bidearen ertzean daude, aipatu bidearen eguzkialdeko ezpondan bertan, honen gainean.

Beheko Basoko Basopokale (baso + bokale; sarrera) toponimoko mugarriaren aurrean kokaturik, Baxate (baso + ate), Altzibe (haltz + ibar) eta Epele (epel) aldera daraman bidea mendebaldetik utzi, Altzarten (haltz + arte) sartu, hauxe trunkatu eta kanpin aldera joko dugu. Kanpina ezkerraldetik eta Artxan (hartz + haran) aldera doan bidea eskubitik utzita, Danbolintxulora (danbolin + zulo) jaitsi, Epeyeko errekako (eper + -di + -a?) zubia pasatu, Biortazabal (behor + -eta + zabal) eta Bordazelei (borda + zelai) aldera (haritz zaharren ibilbidea) daraman  bidea beste behin eskubi aldean utzi eta Leñubetik (laino + behe)  barna (Leñubeko usbiyurre  <ur + bihur + -a; ‘meandro’> dugu erdiparean ikusgarri) beste bidegurutze batekin eginen dugu topo, Santateite (santa + -tegi +-eta) edo Santatritei  (santa + trinitate + -tegi) izenekin ezagutzen dugun eremuan. Iraigorri (ira + -di + gorri) eta Otxenta (otso + benta) aldera doana dugu eskubi aldekoa eta guk bestea hartuko dugu aipatu dudan izadiaren ikaskizuna ikusi eta ikasi nahi badugu.

Azken bidegurutze honetatik ehunen bat metrora baino ez daude, San Adrianera daraman bide nagusiaren eguzkialdeko ertzean, Urbijotzendenzui (ur + bi + jotzen + duen + zubi) eremutik oso gertu. 

Eta hantxe daude sustraietatik loturik, pagoarenak seguruenik haritzaren erro sendoak uzten dituzten tarteetan euskarriturik. Haritzak enborra lodi hasieran eta ondoren erdibiturik, pagoak enborra lirain eta zuzen gorantz. Haritzak azala latz-latza, pagoak, berriz, leun-leuna. Haritza marroikera, ilunagoa; pagoa grisantza, argiagoa. Biak horren ezberdin eta biak espezie ezberdinen arteko elkarbizitza aldarrikatuko balute bezala, etxarriarrek gehien erabiltzen duten basoko bidearen ertzean ikusgai.

Itxura guztien arabera, botanika kontuetan eskarmentu eskasekoa izanik ere, ausartuko naiz esatera bi zuhaitzen artean haritza dela lehen sortutakoa eta ondoren pagoa sortuko zela, bertako haritzaren itzalpean. Itzalpean esaten dut, bere zentzurik positiboenean, haritz lekua baita inguru horretako gehiena.

Nolako sustoa hartu nuen, pagoaren azalean 62 zenbakia gorriz ikusi nuenean, egur loteak (epaitz Arakilen) eman baitituzte aurtengoan San Adriango bidearen ertzetan. Akabo izadiak begien aurrean jarri digun arrazakeriaren aurkako oroitarri (oroitegur, zehatzago izatekotan) naturala, pentsatu nuen. Baina ez! Berehala jakin izan nuen aipatu margo gorriak ez zuela ikustekorik egur loteak markatzeko egiten dituzten kolore berekoekin. A, eta hamarren bat metrora eguzkialderago, gizakiak egindako oroitarria (harriz egindakoa kasu honetan), Berrenoako galtzada, bere aztarna batzuk baino ez badira ere.