kolaborazioa

Sakanako lexia konposatuak (XIV)

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Erdozia Mauleon 2025eko urriaren 7a

Oporrak atzean utzita, ote gero (auskalo) zein tokitan ibili eta gero, gure aurrekoek kasu egindako eremu zoragarri honetara itzulitakoan, aspaldiko partez, beste lexia konposatu-andana bat doakizue. Horiek guztiak Sakanako hizkeraren batean erabiliak izan dira eta lehena bakarrik esan dezakegu berez ez dela lexia konposatua (hitz bakar batez baitago osatua), adizki bat esapide moduan erabilia baizik.

Gauden!
Etxarri Aranatzen behintzat erabiltzen da esapide hauxe. Egon aditzaren subjuntiboko forma dugu. Taldean egonik eztabaidan, esate baterako, zerbait okertzen ari dela esateko erabiltzen da, baina inor gaizki ez sentitzeko moduan, hau da, guztion ardura eskatuz, baita esaten duenarena berarena ere. Lasai gaitezen! esamoldearen parekoa izanen genuke. Gauden! Ola segitzen badiau ez tiau gauz onik atiako! 
(Gauden! Horrela segitzen badugu ez dugu gauza onik aterako!) Gaztelaniaz “¡Estémos tranquilos!, ¡Recapacitémos!”.

Gibela(k) eduki
Sakana gehienean erabilia izan da. Patxadatsua izan, ardurak ez hartu adierazten du..Gauzak patxada handiegiz hartu. Lasai-lasai bizi, inolako kezka edo ardurarik gabe. Gibel-handia izan. Azken hau jasoa dago EHn bigarren adieran: «2 iz. Ezerekin estutzen ez denaren jokabidea, patxada. Gibela behar du! Gibel handikoa da gure anaia Patxi. || pl. Horrek dizkik gibelak! Etxarri Aranazkoa dugu ondorengo esaldia: Ik dazkak, ik, gibelak! Nola bizi etteke ola, orren lasei? (Hik dauzkak, hik, gibelak! Nola bizi haiteke horrela, horren lasai?) Lizarragako hiztegian ageri dira hurrengoak: Gibela ioon, ‘tener flema, pachorra’. 
(Gibela eduki) Gibel bat baaka orrek! (Gibel bat badauka horrek!) Gaztelaniak “no asumir responsablidades, el que nunca se apura por nada, ser un huevazos”..

Gingirrinetan egon/jarri, Suak harturik egon/jarri/paratu
Aranatz osoan entzuten da aditz perifrasi hau. Erabat haserre egon edo jarri. Haserre bizian jarri edo paratu. Biak ala biak, pertsonaren berotze ekintza adierazten dute. Bigarrena Lizarragako hiztegian subek artuuk. Ez tikobe fundementuik! Lanien asten ttuk eta e ye gauz onik eitten. Gingirriñetan jartzen ziebe! 
(Ez zaukatek fundamenturik! Lanean hasten dituk eta ez diate gauza onik egiten. Gingirrinetan jartzen naitek!) Atzo aittan kotxie ezee esan bee artu niyan ta subek artuik yon emen auben ni etxia etorri artio! (Atzo aitaren kotxea ezer ere esan gabe hartu nian eta suak harturik egon omen zuan ni etxera etorri arte!) Ez takit zetako faten zaan tabernaa. Gio, aldiero, subek artuik etortzen zaa! (Ez dakit zertarako joaten zaren tabernara. Gero, aldiro, suak harturik etortzen zara!) Iri aittu orduko gingirriñetan jartzen dek! (Hiri aditu orduko gingirrinetan jartzen duk!). EHn, ‘suak hartu’ eta 
‘sutan’ dakar azpisarrera moduan eta honen bigarren adieran ageri zaigu ‘joan’ aditzarekin: «suak hartu. 2. Haserre bizian jarri. Suak harturik joan zen.» Eta aditzondo moduan: «2 adb. Haserre bizian. Sutan jarri zen gure gizona. Gogoratu hutsarekin sutan jartzen naiz. Gobernaria sutan zen eta errabiarik handienean». Gaztelaniaz “encolerizarse”.

Gizenak janik egon
Okelak ezin jasoz egon Aditz perifrasi hauetako lehena nahiko erabilera orokorrekoa dugu eta bigarrena, aldiz, Etxarri Aranatzen jaso nuen. Lizarragako hiztegian: “okel, gorduras de un animal, utilizado en plural”. Lodi-lodi egon, puzturik, erabat hazirik. Obesitate morbidoa adieraziko luke. Lehena mendebaldeko hizkeretan erabiltzen dute bereziki, baina baita beste eremuetan. Gizenak janik jarri zizkiegun txerriyek aurten! Ez tek iye etxeti atiatzen, okelak ezin jasos ziok ta! Obesitate kontzeptua adierazteko erabiltzen zen bigarren hauxe.

Gorriak eta beltzak pasatu/ikusi
Sakana osoko euskal hizkera gehienetan izan da erabilia. Gorriak ikusi. Indargarria da, gaizki pasatzea azpimarratzeko. Hona, Etxarri Aranazko hizkeran paratua hurrengo esaldia: Gorriyek eta beltzak pasatutakuek geittuk mendiyoiten gaztetan! (Gorriak eta beltzak pasatutakoak gaituk mendi hauetan gaztetan!). Gaztelaniara 
“pasarlas moradas, canutas” itzuliko genuke.

Gozoa (aditza), Gozoa(k) egon/ jarri (Aranatz, Arakil).
Aditz perifrasi honek, edozein ekintza ederki, ezinhobe, egiten dela esan nahi du Gozue jokatzen dik pilotan Ezkurdiak! Gozue kantatu ziyan atzo gaubien Andrexek tabernan! (Gozoa kantatu zian atzo gauean Andresek tabernan!) Bigarrenak, norbait oso haserre dagoela adierazteko ere erabiltzen da, era ironikoan. Gaztelaniako «bueno/a(s). Txerriye il eta ez tezubie presenteik yaman! Gozuek ziek guu etxien! 
(Txerria hil eta ez duzue presenterik eraman! Gozoak zaudek gure etxean!). Gozue jarri dek eyeizela etor ber aittu denien! (Gozoa jarri duk ez haizela etorri behar aditu duenean!). Gozo jarriaa neeki (Lizarragako hiztegia). Horrela jarri dute EGAren atariko probetako batean: Aurreko ebaluazioan lau gai utzi nituen gainditu gabe, eta oraingoan sei. Gozoak jarriko dira gurasoak!