Haga betean egon Etxarri Aranatzen erabili izan da aditz perifrasi hauxe. Estu egon, era desegokian, deseroso sentitu. Hagetara botarik baino zertxobait egokiago. Egunoiten aga betien ziok, ez tek ezertaako gauze! (Egun hauetan haga betean zagok, ez duk ezertarako gauza!). Gaztelaniako ordaina “estar indispuesto” izanen litzateke.
Hagetara botarik egon Etxarri Aranatzen, Lizarragabengoan eta Lizarragan gutxienez erabiltzen da aditz perifrasi hau. Erabat etsirik egon, itxaropenik gabe, gaisotasun batengatik, esate baterako. Depresioan murgildurik dagoenarengatik ere esaten da. Aurrekoa baino maila bat larriago. Etxarri Aranazkoa lehena eta Lizarragabengokoa bigarrena, ditugu ondorengo esaldi hauek: Ez tik aspaldiyontan buruik jaso, ageta botaik ziok ta! (Ez dik aspaldi honetan bururik jaso, hagetara botarik zagok eta!). Etzazula zizoi jan, agetaa fan bee! (Ez ezazu ziza hori jan, hagetara joan gabe!). Lizarragako hiztegian (37 or.) horrela dakar: «Agetaa bota, angeta bota; a) decaer físicamente, enfermar, etc. b) llevar a la ruina».
Hala ez da (baietz/ezetz)? Sakanako esapidea dugu hauxe. Ez da hala, perpausaren amaieran, galdera gisa, esaten dena nolabait baieztatzeko eskatuz-edo. Ingeleseko «Isn’t it?»-en antzekoa genuke. Sakana osoan erabiltzen da barra-barra, esandakoa norbaitek berrestea nahi dugunean. Atzoko afayen gustua yondu giñen, alezta beyetz? (Atzoko afarian gustura egon ginen, hala ez da baietz?) Ik ez ten olakoik esan, alezta (ezetz)? (Hik ez dun horrelakorik esan, hala ez da (ezetz)?). Gaztelaniaz “¿no (es así)?, ¿verdad?”.
Hala-halakoa Sakanako euskal hizkera gehienetan da ezaguna esapide hau. Erdipurdikoa, hala-holakoa, ez onegia, ez oso fidagarria. Ala-alakue da ekar debien meiku berriye! (Hala-halakoa da ekarri duten mediku berria!) Orotariko Euskal Hiztegian ere ageri da jasota: “hala-holako adj. Ez onegia, ez oso fidagarria, erdipurdikoa”. Gaztelaniaz “mediocre”.
Hanka azpian ibili, Hanka azpiz, Hanka azpitik pasatu Lehena eta hirugarrena aditz perifrasiak ditugu eta bigarrena esapidea. Aise, erraztasunez. Urdiainen erabiltzen dituzte lehen biak: ankazpien ibili, esate baterako, mendean hartu adieraziz. Hirugarrena Lizarragan eta Etxarri Aranatzen bereziki. Menderatu, irabazi edozein joko edo zereginetan erraztasunez. Lizarragan kasurik ez egitea zerbaiti, «hacer caso omiso, pasarselo por el forro»: Ori ankazpiti pasatzen dot: «eso me lo paso por la entrepierna». (Hori hankazpitik pasatzen dut!). Orotariko Euskal Hiztegian, zentzu literalean baino ez da ageri: “Hanka-azpian hartu. Pisar”. Gaztelaniaz «dominar, ganar con claridad».
Hankak arin!, Hanka hemendik!, Ospa (hemendik)! Hirurak ala hirurak esapideak ditugu, baina jatorrian aditz perifrasiak seguru asko. Alde hemendik! Hanka egin. Hiruretan ere, aditza elipsian suma daiteke, nahiz eta Lizarragakoan «presaka» edo «lasterka» zentzuarekin erabili duten aditza eta guzti. Altsasun, bestalde, urteak dira Ospa eguna ospatzen dutela, guardia zibilak herritik joateko eskatuz. Ankak arin nittuela fan nitzen «me fui a todo meter» (Lizarraga)
(Hankak arin nituela joan nintzen!) I, nola nei dek esatie? Anka emendi! Ankak arin! Ospa! (Etxarri Aranatz) (Hi, nola nahi duk esatea? Hanka hemendik! Hankak arin! Ospa!). Orotariko Euskal Hiztegian beste behin zentzu literalean: “Hankak arindu. Aligerar el paso, darse prisa”. Gaztelaniaz “¡Fuera de aquí” itzuliko litzateke.
Harra barnean eduki Erabilera nahiko orokorrekoa dugu aditz perifrasi hau. Zaletasun handia, mendekotasunera iritsi daitekeena. Itxuraz arazorik ez bazaio antzematen ere, edozein momentutan azal dakioke hura. Joera edo irrika adierazten ditu gehienetan eta, batzuetan, gauza txarretarakoa gainera. Aspaldiyontan neiko lasei baldin badaille dee, alkolan arra barnen zikok guaño. (Aspaldi honetan nahiko lasai baldin badabil ere, alkoholaren harra barnean zaukak oraino.) Azken urtioiten ez jokatubaatis, barnen ongi sartuta daka futbolaan arra. (Azken urteotan ez jokatuagatik, barnean ongi sartuta dauka futbolaren harra). Gaztelaniaz «ser dependiente».
Harrak jo, Harjoa eduki Lehen aditz perifrasia nahiko orokorra dela esan daiteke eta bigarrena Etxarri Aranatzen erabiltzen zen. Harjo. Janariekin erabiltzen da gehienbat, usteldurik edo bere onenean ez, behintzat, daudela adierazteko. Lizarragan lehena erabiltzen dute eta ez soilik janariarekin, pertsonekin ere bai burugogorkeriarekin lotua. Harrak jotako gazta bat saldu ziguten. Bañan arrak joa zagoken zugaitza. Aragiye arrak jo do, ‘la carne se ha agusanado’. (Lizarraga) Gizon ooi arrak jota daau, ‘ese hombre está con una cabezonada, con una venada’. Arjue zikok urrek! (Harjoa zaukak urrak!). EHn sarreretan ‘harjo’ eta azpisarreretan ‘harrak joa’ eta ‘har’ sarrerako adibideetan Harrak jotako sagarra, eta bestela ere harjo bi esanahirekin. Gaztelanaiz «estar agusanado un alimento».