Sakana osoko leku izenak mapetan

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Erdozia Mauleon 2025eko abenduaren 19a

Sakanako toponimia mapa. JOSE LUIS ERDOZIA

IDENA (Infraestructura de Datos Espaciales de Navarra) BALIATURIK

Hiru hamarkada luze pasatu dira dagoeneko Jimeno Juriok Sakanako toponimia jaso zuenetik bere lantaldearekin. Nafarroako Toponimia eta Mapagintza (NTM) bildumako bost liburu argitaratu zituen orduan Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentuak Sakanako toponimiari begira: NTM VIII-IX-X-XII-XIII, 1992 eta 1993 urteetan. Horietan, hurrenez hurren, Ergoienako, Burunda mendebaldeko, Burunda ekialdeko, Aranatz-Arakil mendebaldea-Aralarko eta Arakil ekialdeko toponimia dago jasoa.

Lan izugarria ordukoa, baina ikusita aipatu bilduman ez zirela adin handiko sakandarrek gogoratzen zituzten herrian herriko toponimo guztiak agertzen, badira dagoeneko bi hamarkada luze nik neronek horiek jasotzeari ekin niola. Ondoren, Sakanako herri ugaritan egin izan dira mapa toponimikoak. Horiek guztiak kontuan izan ditut eta tokian tokiko informatzaile egokiak aukeratu ere bai.

Dokumentazioari dagokionez, oso lagungarri izan dut Rafael Carasatorre Vidaurre etxarriarraren documentanavarra.blogspot.com. bloga.

Etxarri Aranazko toponimia eta Burundakoa bi liburutan jasota dauzkat dagoeneko: lehena Nafarroako Gobernuak 2019an argitaratutako Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo izenburuarekin; eta bigarrena, Nafarroako Gobernuaren Edizio laguntzak baliaturik 2024an, Burunda. Historia eta toponimia izenburuarekin.

Bukatu berri ditut dagoeneko Sakanako herri guztietako mapa toponimikoak. Etxarri Aranazkoa, Ergoienakoa, Arbizukoa eta Altsasukoa Etxarriko eta Altsasuko Ferietan plazaratu nituen eta Arbizukoa, aldiz, Txistorraren egunean. Ergoienakoa ere lehenago erakutsi nuen hiru kontzejuetako elkarteetan.

Hurrengo asmoa, Sakana osoko toponimia eguneratua zenbait liburutan jasotzea litzateke, Etxarri Aranazkoarekin eta Burundako sei herrietakoekin egin dudan moduan. Liburu horietako zenbait bereziki mardulak izanen dira, Burundakoa (688 orrialde) bezala eta horiek guztiak banan-banan irakurtzen pazientziarik nahikoa ez duenarendako, egungo mapa toponimikoak egin ditut, orduan.

Egungo mapa toponimikoak esaten dudanean, IDENA web plataformatik jaitsitako mapak direla esan nahi dut, hau da, herriguneak, basoak, mendiak eta soro eremuak aireko argazki baten moduan ikusten direla. Herri bakoitzeko toponimo guztiak begien bistan izatea da mapa hauen helburua eta orduan udal bakoitzeko mapaz gain, zonaldeetako mapak ere (Burunda, Aranatz, Lakuntza-Arruazu-Uharte-Irañeta, Arakil-Irurtzun) egin ditut. Burundako mapa toponimikoan, esate baterako, 1150 jatorrizko toponimo (Egubera) ageri dira eta baita 700dik gorako eratorri ere (Eguberako itzala). Beste hainbeste gertatzen da Aranazkoarekin, bertan hiru udaletako sei bizilekuetakoak (Etxarri Aranatz, Lizarragabengoa, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga) ageri baitira.

Guztira, gutxi gorabehera, 3900 toponimo jatorrizko daude jasoak aipatu mapetan eta jatorrizkotik eratorritakoak ez beste hainbeste seguruenik, baina 2000tik gora izanen dira. Denaz ere, ia 6000 toponimo edo leku-izen aurkituko dituzue Sakanako lau eremuetako mapa toponimiko horietan, honelaxe banaturik:

• ARAKIL EKIALDEAN (Arakilgo eta Irurtzungo udalak): 800en bat jatorrizko eta 400en bat eratorri.

• ARAKIL MENDEBALDEA (Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza): 700ren bat jatorrizko eta 300en bat eratorri.

• ARANATZ (Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz): 1250en bat jatorrizko eta 650en bat eratorri.

• BURUNDA: 1150en bat jatorrizko eta 650en bat eratorri.

Bestela ere, lau eremu hauek zehaztu eta biltzen duen Sakanako mapa egin dut eta honekin batera, ia-ia herriz herrikako bestelakoak (20):

• Burundako sei herrietakoak, banan-banan (6).

• Aranazko hiru udaletakoak, banan-banan (3).

• Arakil mendebaldeko lau udaletakoak, banan-banan (4).

• Arakil ekialdean, Irurtzun udaleko eta Arakilgo kontzejuetako tamainaren araberako ondorengoak: Ihabar-Murgindueta, Hiriberri, Egiarreta, Etxarren, Etxeberri-Irurtzun-Aizkorbe, Errotz-Izurdiaga-Urritzola, Ekai-Zuhatzu-Satrustegi (7).

Hogeitabost mapa baliatu ditut orduan Sakanako egungo toponimia osoa jasotzeko eta horietan guztietan, sei milatik gora leku-izen. Horietako asko, gainera, aspaldiko sakandarrek erabiltzen zuten hizkeraren erakusgarri: madura, oihan, gibel, alor, ardantze, legar, itsesi, arboton, erreten, uberka, malkor, arrubi, idoi, baltegi, kapana, aska, galar, barga, saroi, sarobe…

Azken sei-zazpi hamarkadetan asko aldatu da bizimodua gurean, beste tokietan bezala. Basoak eta soro eremuak ziren Sakanako biztanleen lantegi nagusia eta behar-beharrezkoa zen “lantegia” non zegoen jakitea. Horretarako izenak zizkieten aurrekoek jarriak lekuei eta horrelaxe iritsi zaizkigu guri. Ezin ditugu horiek guztiak ahazten utzi.

AURKEZPENA

Etxarri Aranazko Kultur Etxean

2025eko abenduaren 19an, ostiralarekin, 18:30ean