kolaborazioa

Sakanako euskal lexia konposatuak (XVI)

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Erdozia Mauleon 2026ko urtarrilaren 19a

Harraldi bat(ek) jo/eman, Harraldia jo/sartu/jarri, Harraldiak eman
Harraldi bat(ek) jo/eman, Harraldia jo/sartu/jarri, Harraldiak eman Ergoienakoak ditugu aditz perifrasi hauek guztiak. Burugogorkeria izan, tenkor, temati jarri. Gurari, apeta edo irrika ere adieraz dezake. Ondorengo esaldiak dakar Lizarragako hiztegiak: Ze arraldiye sartu aakizu! Ze arraldiye jarri aakizu! (¡Qué terco te has puesto!) (Ze harraldia sartu zaizu! Ze harraldia jarri zaizu!) Ez takit ze arraldiyek jo doon! (¡No sé qué venada le ha dado!) (Ez dakit ze harraldiak jo dion!) Arraldiye eman duut etxen gelditzeko. (Me ha dado por quedarme en casa.) (Harraldia eman dit etxean gelditzeko). Gaztelaniaz: «dar la venada», «darle a uno/a por…».

Hau da (duk/dun), hau!, Hau marka! 
Gertakari, egintza edo entzundako zerbaiten aurrean harridura adierazteko erabiltzen diren esapideak ditugu hauexek eta oso zabalduak daude Euskal Herrian barna. Au den, au! Nok esan ber ziegunan orren txukun etorko itzenik? (Hau dun, hau! Nork esan behar zigunan horren txukun etorriko hintzenik?) Gezurre esan bierra uraittu ñet, au marka! (Gezurra esan beharra eduki dinat, hau marka!) OEHn ere: “Hau da hau (En exclamaciones); hau marka”. Gaztelaniaz: «¡Vaya hombre!, ¡Desde luego...!».

Hauek komediak!
Aurrekoak bezala esapide hau ere oso erabilia izan da. Gertaera harrigarriak, arazoak edo oztopoak, suertatzen direnean erabiltzen da. Fan zan astien abiona artu giñuban Parise fateko ta aeropuertuen oik komeyek!  (Joan zen astean abioia hartu genian Parisa joateko eta aireportuan hauek komeriak!). Gaztelaniaz: «¡Qué problemas!».

Hauek kuntzak!, A, zer kuntzak! 
Norbaiten edo zerbaiten egoera nahasi eta korapilatsua adierazteko erabiltzen dira. Toki bateko anabasa ere adierazten du. EHn: «kuntza. iz. g.er. itxura, eitea». A, zer kuntzek! Biyerko ez padek gela txukuntzen, eyeiz partidue jokatzia fanen! (A, zer kuntzak! Biharko ez baduk gela txukuntzen, ez haiz partida jokatzera joanen!). Oik kuntzek, zuen elkartiontan! 
(Hauek kuntzak, zuen elkarte honetan!). Gaztelaniaz: «aspecto desagradable de algo o alguien, desastrado».

Hauxe duk/dun, hauxe!
Oso erabilia izan da esapide hau ere Euskal Herrian barna. Harridura agertzeko erabiltzen da, espero ez dugun zerbait gertatzen denean.  Ondorengoa Etxarri Aranazko esaldia dugu: Auxeen, auxe! Mixeye, gertatu dakiyobiena! (Hauxe dun, hauxe! Miseria, gertatu zaiena!) Auxen bizi goorra! (¡Qué vida más dura!, Lizarraga) (Hauxe dun bizi gogorra!)  Gaztelaniaz 
«expresión de queja por algo inesperado».

Hezurrak mami egin arte jo/eman, Astindu ederra eman
Lehena Aranatzen erabilia izan da eta bigarrena nahiko orokorra dugu. Jipoi handia eman edo hartu. Lehena, jipoiarekin baino ez da erabiltzen eta, bigarrena, aldiz, kiroletako emaitzekin ere erabiltzen da. Ataungo festetan ezurrak mami eiñ artio eman ziobabien ta ala ziok ordus kios, elbarrittuik! (Ataungo festetan hezurrak mami egin arte eman ziotean eta hala zagok orduz gero, elbarriturik!). Astinddu ederra eman ziok Ezkurdiak Altunai gaur lau terdiyen! (Astindu ederra eman ziok gaur Ezkurdiak Altunari lau eta erdian!) Bigarrenaren kasuan, EHn, bigarren adierako adibideetan dakar: «astindu» iz. Astinaldia. Gaurko guraso askok ere merezi dute astindu ederra. Gizatxar hark besotik heldu eta astindu bat eman zion. Astindu batzuk hartu. Astindu galanta, gogorra, zakarra». Gaztelaniara “dar una soberana paliza” itzuliko genuke.

Hitz eta putz, Hitz eta mintz 
Lehena Sakana erdialde osoan izan da erabilia eta bigarrena Lizarragakoan. Hitz eta pitz, hizketan etengabe aritu, gustura eta lasai, denbora pasa. Lizarragako hiztegian honela dator: “itze ta mintze, itze ta putze, itza ta putza, itz da putz: (hablando) sin parar, (hablando) sin ton ni son, itze ta putze daalle izketan: está hablando sin ton ni son». EHn eta OEHn «hitz eta pitz». Hurrengo biak, Etxarri Aranazko esaldiak ditugu: Geixkixe zaudie suban onduen, itz eta putz! (Gaizkixe zaudete suaren ondoan, hitz eta putz!) Emen gailtzen, lasei-lasei, itz eta putz! (Hemen gabiltzan, lasai-lasai, hitz eta putz!)

Hitze(t)an egon/izan, -ren hitzean egon, Hitz berean egon 
Erabilera nahiko orokorrekoak ditugu hauek. Esandakoa bete, hitza bete. Aurretik esandakoa mantendu, aldatu gabe. Lizarragako hiztegian: itz berien ioon, (bee) itzien ioon (seittu), lengo itzien ioon (seeittu), lengo itzetan ioon (seeittu), esanikeko itzetan ioon (seeittu), (bee) itzai seeittu, (bee) itzai auskin. OEHn ondorengo esaldia dakar: «Hitzetan egon. Mantenerse en lo dicho. Orai zuk zer diozu Mariana? Zeure hitzetan zaude? … Hori beti bere hitzean da». 

Hizgura egon 
Etxarri Aranatzen jasoa da perifrasi hau. Hitz egiteko gogoz egon, ondokoek txanda ezin harrapatuz utzi. Etenik hartu gabe hizketan aritu. Mutikua! Bei izgure agola gaurkuen! 
(Mutikoa! Bai hizgura hagoela gaurkoan!) Ori, bakarrik yaten deenien yoten dek izgure! (Hori, bakarrik edaten duenean egoten duk hizgura!). “Estar con ganas de hablar”.