- Hamaika -t(z)eko jaio izan Erabilera orokorrekoa da aditz perifrasi hau. Gehienbat zentzumenekin zerikusia duten aditzekin erabiltzen da, harridura adieraziz. Ameika ikusteko jeyuek gettun! (Hamaika ikusteko jaioak gaituk!). OEHn ere honela dakar: "Amaika ikusteko jaio giñan!" "Elexp Berg."
- Hara esan nik! Etxarri Aranazkoa gutxienez bada esapide hau. Kontuz gero! Kasu egin, bestela… Hitz egin duenak azken hitza esana duela eta ez duela onartuko ezezkorik adierazteko erabiltzen da. Esan beharrekoa esanda dago. Gaztelaniako ¡No se hable más! ordezkatzen du. Ara esan nik! Biyer denok lania eta kitto! (Hara esan nik! Bihar denok lanera eta kito!).
- Harrapa ezak/ezan/ezazu orain, Kanta ezak/ezan/ezazu orain Sakana osoan erabiliak izan dira esapide hauek. Eztabaida edo ez adostasuneko egoera baten aurrean, parte hartzen ari direnetako batek bestea aho bete hortz, erantzunik gabe, uzten duenean erabiltzen du hirugarren batek. Harridura eta ustekabea adierazten ditu. To!, da hauen parekoa. Frantxiko analfabetue zala, izketan de iye ez zakiyela ta… leittu dek gaurko egunkariyen idatzi deena? Arrapa zak guai! (Frantxiko analfabetoa zela, hizketan ere ia ez zekiela eta… leitu duk gaurko egunkarian idatzi duena? Harrapa ezak orain!) Eyauben esaten, ba, Zubietak ezakiyela jokatzen? Atzo txapela iraz ziyaan! Kanta zak guai! (Ez huen esaten, bada, Zubietak ez zekiela jokatzen? Atzo txapela irabazi zian! Kanta ezak orain!) Beti esaten ez jokatzeko kinieletaa ta guai tokatu ein zikiyok, to! (Beti esaten ez jokatzeko kinieletara eta orain tokatu egin zaiok, to!) Gaztelaniaz ¡échale guindas!, ¡toma del frasco!.
- Harrika bota, Harrika/aurrez/airean/aizkan bidali Hauek ere Sakana osokoak izan dira. Lehenak gauzaren bat gure ondotik desagertaraztea adierazten du, balio ez digulako edo izorratu delako. Bigarrenak, aldiz, pertsona edo animalia bat ondotik bidali. Ordenadoriau arriken bota biyet! Dauneko ez tik ezertaako baliyo! (Ordenagailu hau harrika bota behar diat! Dagoeneko ez dik ezertarako balio!) Dena barkatzeko prest zoola? Etxien agertu ta arriken bieldu zittuben! (Dena barkatzeko prest zegoela? Etxean agertu eta harrika bidali zituen!) Aurres bieldu zittunet aur guziek guu ezkatzati! (Aurrez bidali ditinat haur guztiak gure ezkaratzatik!) Aidien bieldu no. (Airean bidali nau). Andres Iñigok (2005, 268. or.) horrela jaso zion Satrustegiri: "harrikan (Sak) adond. 'ziztu bizian'. Baten ator puska, bestearen xapela; ardi larru eta elorriak, han joaiten dira harrikan. Erdi buluzirik uzten dituzte biak (Inauteak Naparroan, 1967). Eta lan bereko hiztegian (2005, 258. or.): «aizkan (Urd) adond. 'harrika': Beti aizkan eta elur pilotaka". Kandido Izagirrek (1967, 49. or.) honela jaso zuen Altsasun: "aizkan dailtzá 'andan a pedradas'". Gaztelaniaz con viento fresco, deshacerse de algo.
- Hartzekoak eduki, Hartzekoekin etorri, Hautsak errauts egin, Haize izan Modu ezberdinetan, baina Gerendiainen eta Erronkaribarren ere erabiltzen dira aditz perifrasi hauek. Erabat harroturik, dagozkionak eta ez dagozkionak eskatuz dabilenari esaten zaio. Azken aurrekoa da Gerendiaingoa eta tener muchos garbos esanahi duela dio Ibarrak (1995, 727). Azkena, berriz, Erronkaribarkoa da eta gauza bera adierazten du. Oik ttuk, oik, artzekuek dazkakenak! Guk de zerbaitt esan berko yau ortas, ez? (Horiek dituk, horiek, hartzekoak dauzkaanak! Guk ere zerbait esan beharko diagu hortaz, ez?) Ez ayela beixe artzekueki etorri, geñakuen ez tubet kasoik eiñen! (Ez hadi berriz ere hartzekoekin etorri, gainerakoan ez diat kasurik eginen!) Horrek itten ttu autsek arrauts. (Horrek egiten ditu hautsak errauts) Zer aize du korrek! Karek badu bai aize! (Zer harropuzkeria du horrek!, Hark badu bai harropuzkeria!). Gaztelaniaz venir con pretensiones, tener muchos humos.
- Haserre bizian jarri/egon, Haserre gorrian paratu/egon Erabilera orokorrekoa bereziki lehen aditz perifrasia eta bigarrena Mezkiritzen izan da erabilia. Erabat haserre jarri edo egon. Autzi yok bakien, asarre biziyen ziok ta! (Utz iezaiok bakean, haserre bizian zagok eta!) Bigarrena, Perpetua Saraguetaren eskuizkribuetan agertzen da: Azkenean asarre gorrian paratu nitze. (Azkenean haserre gorrian paratu nintzen). Gaztelaniaz enfadarse mucho.
- Hatsari emanik egon Arbizukoa dugu aditz perifrasi hau. Hatsanditurik egon. Hurrengoa Arbizuko adibidea da: Gui mutikua eztuk fanen gaur lania, atsai emanik oon duk gau osuan da! (Gure mutikoa ez duk joanen gaur lanera, hatsari emanik egon duk gau osoan eta!) Gaztelaniaz estar jadeante.
- Hats egin, Hats hartzen egon Lehena Etxalekun eta bigarrena, aldiz, Burundan. Atseden hartu, deskantsatu. Lehen adibidea ikusita, pentsa daiteke hats + -txo (atzizki txikigarria) izan daitezkeela bere osagaiak: Atxo in zazu pixkoat! (Hats-txo egin ezazu pixka bat!) Kandido Izagirrek (1967, 53. or.) honela jaso zuen Altsasun: Atsantzen doo lurra (Está descansando la tierra). (Hats hartzen dago lurra). Gaztelaniaz descansar.
- Hausnarrean egon Erabilera orokorrekoa eta oso zabaldua dagoeneko Euskal Herri osoan. Hausnartu. Sakanan, hauxe bereziki ganaduarekin erabiltzen da. Berrezarpen lexikala burutu da gizakiaren buru eginkizuna adierazteko. Bei guziek etzinda ziek ausnerrien. (Behi guztiak etzanda zaudek hausnarrean). Gaubeko ordu txikitaño yondu non ausnerrien! (Gaueko ordu txikietaraino egon naun hausnarrean!) Gaztelaniaz rumiar, reflexionar.