Kolaborazioa

Sakanako lexia konposatuak (XX)

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Erdozia Mauleon 2026ko ekainaren 8a

Hautsetan eduki Sakana osoan erabilitako aditz perifrasia dugu hauxe. Onespen edo estimu gutxitan eduki adierazten du. Gizajuorrek autsetan zikok bee buube! (Gizagaiso horrek hautsetan zaukak bere burua!). OEHn 'gelditu' aditzarekin dakar jasorik: "Hautsetan gelditu. Quedar en nada. "Desvanecerse, keetan, autsetan gelditu" Izt." Gaztelaniako "autoestima" adierazteko balio du.

Hazgalemihi hutsa izan Etxarri Aranatzen erabiltzen zen aditz perifrasi hau. Kexati, beti kexuka dabilenari egokitzen zaio. Ago ixilik! Nola eiñen dubau kasoik, axkalemi utse yeiz ta! (Hago isilik! Nola eginen diagu kasorik, hazgalemihi hutsa haiz eta!). Gaztelaniako "llorón" edo "quejica" adierazteko erabil daiteke.

Herenegun atzetik Sakanako esapidea dugu hauxe. Herenegun baino egun bat lehenago, duela hiru egun. Horrela jaso nuen SHDn (2004, 300 or.): Nafarroako lexia konposatuak "Yaniauntzitti (Etx) adond. Herenegun aurreko eguna. Unanun yaniaun aurrekua eta Irañetan erenio atzeti. (Izag. 51, arainaun-etziti). Bakaikun eta Urdiainen yainunatzeti. 'El día anterior a anteayer'." Yaniauntzitti bete nittuben urtiek. (Herenegun atzetik bete nituen urteak).

Hala-halakoa Hauxe ere Sakana osoan erabilitako esapidea izan da. Erdipurdikoa, hala-holakoa, ez onegia, ez oso fidagarria. Gaztelaniako "mediocre" adierazten du. Ala-alakue da ekar debien meiku berriye! (Hala-halakoa da ekarri duten mediku berria!). Honela dator jasota EHn: "hala-holako adj. Ez onegia, ez oso fidagarria, erdipurdikoa. Ik. nola-halako. Hoberenak, onak, artekoak, eta hala-holakoak…".

Honelakoren/halakoren bat Sakanan erabilia da esapide hau. Norbait, zerbait. Honelako zerbait gutxi gorabehera. Basurdie? Alakon bat izenen yauben batzie izurretu duuguna! (Basurdea? Halakoren bat izanen zuan baratza izorratu diguna!). Nafarroako lexia konposatuak OEHn honelaxe dakar: "Halakoren bat. Algo así. Neskatxu onen basetxia eun kana edo alakon bat beratsuago dago. Kk Ab II 86.".

Horretarako adina, Horretarako hainbat Sakanen eta Baztanen erabilitako esapideak ditugu. Hori gutxienez, esate baterako, esateko moduan, aipatzeko moduan. Gaztelaniako "tanto como para eso" adierazten du. Eztut sobera zautzen Frankfurt, baño egona naiz an, bai, ortako adine. (Ez dut sobera ezagutzen Frankfurt, baina egona naiz han, bai horretarako adina). Emen ee bazen ba, jendia, ortako ainbet. (Hemen ere bazen bai, jendea, horretako hainbat). Ez gettun denetas goguatuko, i, beye ortako aiñe bagettun, e? (Ez gaitun denetaz gogoratuko, hi, baina horretarako adina bagaitun, e?). Gu dee, ortako ainbet bagaa! (Gu ere, horretarako hainbat bagara!).

Hotsa zabaldu/barratu/ibili Erabilera orokorreko aditz perifrasia. Zerbaiten zurrumurrua jendearen artera zabaldu. Gaztelaniako "cuando el rio suena, agua lleva" esamoldearen parekoa izanen genuke. Auskalo egiye o gezurre izanen dan, beye otsa zabaltzen danien…, baakik! (Auskalo egia ala gezurra izanen den, baina hotsa zabaltzen denean…, badakik!).

Hurren-hurren hartu Hau ere erabilera orokorreko aditz perifrasia da. Hurrenez hurren. Baten ondotik hurrengoa doala. Bata bestearen atzetik, aukeratu gabe hartu edo aukeratu. Gaztelaniako "tal como viene, como toca" adierazten du. Pastak nunbeitt atiatzen baduzkibiek, ez ayela ibilli aukeratzen, urren-urren ar zazkik! (Pastak nonbait ateratzen badizkiate, ez hadi ibili aukeratzen, hurren-hurren har itzak!).

Infernuko demonio/etsaia piztu Etxarri Aranatzen eta Altsasun gutxienez erabilia izan da Pandoraren kutxa ireki. Edonolako kalte edo arazoak sortzeko eragin. Gaztelaniako "abrir la caja de Pandora" edo "jugar con fuego" esamoldeak adierazteko erabiltzen da. Oik, azkeniako, infernuko demonio/etseye piztu biiñe! (Horiek, azkenerako, infernuko demonio/etsaia piztu behar dinate!) Izagirrek (1967, 67 or.) honela jaso zuen Altsasun: "ifernuko etsaiyá 'la persona muy mala'." OEHn honelaxe jaso zuten: "Infernuko etsai. Demonio. Saindu ifernuko etsaiak ez enganatua".

Ipurdia eman, Bizkarra eman Erabilera orokorreko aditz perifrasia da. Atzea eman. Gaztelaniako "darse la vuelta" edo "dar la espalda" odezkatzen dituzte esamolde hauek. OEHk horrela dakar: "Ipurdia eman. Dar la espalda. Berak eperdija emon orduko, asi ziran iru mutillak dantzan. Kk Ab II 147. Koiñatak, zeruan ere alkarri ipurdia emanda. EZBB II 36. Aiñar-mordo banaren gaiñean eserita, Salontzori ipurdia eman da Larteri begira. JAzpiroz 206."

Ipurdia lumera egin Etxarri Aranatz erabiltzen zen aditz perifrasi hau. Gaztelaniako "con el rabo entre las piernas" adierazten du. Lumera kriseiluak pizteko olio moduko arrain gantza zen, baleena normalean. Ipurdiye lumea einda alde ein dik! (Ipurdia lumera eginda alde egin dik!).

Ipurdi serbitzari izan/bihurtu, Ipurdia garbitzen ibili, Koipea eman Lehena Etxarri Aranatzen eta beste biak erabilera orokorrekoak dira. Lehenak, besteen esanetara egon edo horrelakoa bihurtu adierazten du. Ganorazko lanak egiteko gai ez denari egokitzen zaio. Besteendako lanetan ibili, morroitako baino ez balio. Etxarri Aranatzen jasoa da ondorengo esaldia, Mikaela Mauleon gure ama zenari. Ez padek guai, gaztetan, aprobetxatzen denbora, gio denen ipurserbitzai ibil berkueiz! (Ez baduk orain, gaztetan, aprobetxatzen denbora, gero denen ipurdi zerbitzari ibili beharko haiz!). Emen segitzen beek, osaban ipurserbitzai ibillen yeiz beti! (Hemen segitzen baduk, osabaren ipurdi serbitzari ibiliko haiz beti!). OEHn adjektiboa aldaturik ageri da: "Ipurdi-milikatzaile. Servil. Estimu guti dutela herritarren artean; "saldu" eta "traidore" eta "ipurdi milikatzale" deitzen dituzte." Beste biak, aurrekoaren antzekoak dira eta askoz ere zabalduago daude. Hori beti dabil nagusiaren atzetik, ipurdia garbitzen/koipea ematen.