Ipurdi batetik kaka egin, Ipurzulo beretik kaka egin Hauexek Nafarroako euskal hizkeretako aditz perifrasiak ditugu. Erabat ados egotea gauza guztietan adierazten dute. Pertsonei egokitzen zaie oso ongi konpontzen direla esateko, bai iritzietan, bai harremanetan. Malamente abil Pello konbenzittu neyen, biak eta Joxek ipurzulo beretik eitten ye kaka! (Alferrik habil Pello konbentzitu nahian, berak eta Joxek ipurzulo beretik egiten diate kaka!). OEHn horrela dakar: "Ipurdi batetik kaka eginez dabiltza (AN-gip)" [= 'están de acuerdo'] Gte Erd 201. "Ipurdi beretik kaka egiten dute (BN-arb)" Ib. 223."
Ito ez ito Aranatzen eta Arakilen erabili izan da esapide hau. Itotzeko zorian. Gaztelaniako "a punto de ahogarse" adierazten du. A, ze sustue artu deen goizien, or yondu dek ibeyen itto ez itto! (A, zer sustoa hartu duen goizean, hor egon duk ibaian ito ez ito!). Honela dakar OEHk: "Ito ez ito (AN-larr). "Galdu ez galdu, itto ez itto egona naiz" Inza NaEsZarr 229."
Itogarrian ibili/egon Etxarri Aranatzen jasoa da aditz perifrasi hauxe. Estu-estu ibili/egon, gehienetan lanaren inguruan. Ittokarrien niok aspaldiyontan! (Itogarrian nagok aspaldi honetan!). Honelaxe dator OEHn: "Itogarrian. Intentando asfixiar. Frantzi ta España zizini txarrez / itogarrian dabiltza, / nai ta nai ezko zerrailla imini, / erdera aoko giltza. Ayesta 91."
Ibili ta buelta Erabilera orokorreko esapidea dugu hauxe. Azkenean, azken batean. Dena dela. Zubietak, ibilli ta buelta, atzia beix iraazi dik! (Zubietak, ibili eta buelta, atzera berriz irabazi dik!). OEHn antzekoa dago jasorik Bergara aldean: "Jira eta buelta. (V-gip ap. Elexp Berg). a) De una forma u otra, al final. "Badakitt ze pasau bia daben; jira ta buelta, azkenian neuk ein biakoittut lan guztiak" Elexp Berg. Eztabaida guztietan, jira ta buelta, aberatsak beriari eutsitzen zetsan. SM Zirik 9."
Ijili-ajala ibili, Ihihi eta ahaha Sakanan eta Luzaiden entzun zitezkeen esapide hauek. Lehena Sakanan eta bigarrena Luzaiden. Ganorarik gabe, ardurarik gabe ibili. Lehena, Sakana aldean entzun daiteke eta bigarrena, aldiz, Luzaiden. Barrearen onomatopeiak dira biak ala biak. Ude osue daamak ijili-ajala. (Uda osoa daramak ijili-ajala). Andres Iñigok (2005, 270 or.) Satrustegiren idatzi batean honela dakar: "ijili-ajala (Sak) adond. 'ondorioak kontuan izan gabe aritu': Eta zertatik jan? Denak fabrikara! Denak ijili-ajala! (Urdiain 1969)".
Ikurka-makurka egin/ibili, Zeharka-meharka ibili, Ttilin-bulun Etxarri Aranatzen, Arbizun eta Ultzaman entzun zitezkeen esapideak ditugu. Sigi-saga egin. Lehena Etxarri Aranatzen eta bigarrena Arbizun (zierka-mierka) erabiltzen dira. Azkena, gehienbat, pertsonaren egoerari lotzen zaio. Kulunka, balantzaka, edatearen ondorioz bereziki. Ultzaman ikur-makurka gaztelaniako "torcido" adieraziz erabiltzen dela dio Ibarrak (1995, 671), gero esaldian bestela idazten badu ere. Beriaiñe itzotzeko bidie ez ten zuzen-zuzena, ikurke-makurke eitten din! (Beriainera igotzeko bidea ez dun zuzen-zuzena, ikurka-makurka egiten din.
Inbusiturik egon Zaraitzun eta Etxarri Aranatzen entzun zitekeen aditz perifrasia da. Erabat beteta egon, ezer gehiago kabitzen ez dela. Saturatu, puztu, gainezka egin. Agitu biar zuena, erriko alor eta baratze guziak satorrez inbusitrik zaudela. (Gertatu behar zuena, herriko alor eta baratze guztiak satorrez beterik zeudea). Tokia bordaz beterik, irurriz inbusitrik. (Tokia bordaz beterik, iturriz beterik). Aurten obe San Adriñe ez fatie, jendes inpusittuik yonkuek eta! (Aurten hobe San Adrinera ez joatea, jendez beterik egongo duk eta!). Honela dakar OEHk, Zaraitzuko adibidea bera erabiliz eta Garraldakoa dela gaineratzen du: "(...) inbusitu. (Estar)lleno, plagado. Agitu biar zuena: erriko alor eta baratze guziak satorrez inbusitrik zeudela. Garral EEs 1917, 88. (...)"
Iragoturik egon Etxarri Aranazkoa dugu aditz perifrasi hau. Zaharkiturik erabat egon. Gai bati buruz erabiltzen zen, normalean egurra, sutarako ere ez duela balio esateko Gaztelaniako "obsoleto" kontzeptua azaltzeko balio dezake. Andrex Garmendia Iza etxarriarrak bere ama zen Isidorari hartu zion horrela: Iguel dek egurroi ez padok botatzen subai, irautuik ziok ta! (Berdin duk egur hori ez badiok botatzen suari, iragoturik zagok eta). Eibarren altzairuarekin ere erabili izan da: "iragotu. Revenir el acero después del temple, hasta irisarlo. Iragotizu apur bat geixago gubill-zabal au Etxba Eib. Tenplautako erremintxiak iragotzia biar izten dau ez deiñ ausi Ib. (s.v. iragotzia).