- Joare hotsak aditu (Etxarri Aranatz) aditz perifrasia. Zerbaiten berri izan, baina zehaztasun handirik gabe. Zurrumurruak entzun. Besterik gabe, norbaiten aztarna sumatu. Gaztelaniako oir campanas. Nabai dakik fale otsak aittu ttukela, beye ez takik egiyes ze gertatu dan! (Nabari zaik joare hotsak aditu dituala, baina ez dakik egiaz zer gertatu den!).
- Kaka hiretako! (Sakana) esapidea. Kaka hiretzat! Kakitzat! Entzun dugunarekin edo egin digutenarekin ez adostasuna adierazteko erabiltzen da. Aunbeste laundu ondoren e yeiz ezertaa gonbietzeko gauze izen. Kak(a)iteko! (Hainbeste lagundu ondoren ez haiz ezertara gonbidatzeko gauza izan. Kaka hiretako!). Honelaxe dago jasoa OEHn: "Kaka hiretako, kaka dela hiretako, kaka zuretzat."
- Kakagurak/pixagurak (lehertzen) egon Kakagorriak/pixagorriak (lehertzen) egon Kakagaleak/pixagaleak hantua izan (Sakana, Luzaide) aditz perifrasiak. Kakagurak/txizagurak akabatzen egon. Lehen biak Sakana aldean entzun daitezke barra-barra, eta, hirugarrena, aldiz, Luzaiden. Pixekurriek lertzen niok (Pixagurak lehertzen nagok!). Kakagorriyek nion! (Kakagurak nagon!). Pizíljak hántja núxu tá banjáxu komitatéira. (Pixagaleak hantua nauzu eta banoakizu komunera).
- Kaka nahastu (orokorra) Aditz perifrasia. Erdi baztertua edo, besterik gabe, erabaki gabe dagoen gai korapilatsu baten inguruan, zuzenean aritu beharrean zeharka ibili beste norbaitek hura konpontzeko edo erabakitzeko ardura har dezan. Baakik ez gaala konponduko, beye alee or aalle kaka nastutzen! (Badakik ez garela konponduko, baina hala ere hor habil kaka nahasten!). EHn izen moduan dago jasoa: "kaka nahaste, kaka-nahaste Beh. Kontu edo arazo nahasi eta itsusia. Beka horien banaketa dela eta, sekulako kaka-nahastea izan da." OEHn ere izen moduan jasoa dago: "kakanahaste. Kaka-nastia, enredo turbio e inmoral. An agertu zan kaka-nastiak ez eukan akaburik."
- Kaka printzak zintzilik eduki (Etxarri Aranatz) aditz perifrasia. Oso urduri edo beldurturik egon, emaitza baten zain, esate baterako. An gaudebaan kirofanuen atayen, kaka printzek txintxiliken giñuzkiyela! (Han geundean kirofanoaren atarian, kaka printzak zintzilik genituela!).
- (kolore, eguraldi)-kara (orokorra) esapidea. Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota daude horrelako hitz konposatuak, baina ez guztiak. Esate baterako, koloreen kasuan belzkara, urdinkara, baina ez txurikara, gorrikara… Erantsita duen kolorearen itxurakoa adierazten du, orduan. Gauza bera esan daiteke meteorologiaren alorrean, ezen EHn eurikara ageri baita, baina ez elurkara. Hurrengoak Erronkarikoa eta Etxarri Aranazko adibideak ditugu: Elurkara dago. (está con trazas de nevar. Erronkari), Gorrikera den yos denen kotxe berriye, ezta? (Gorrikara dun erosi dunan kotxe berria, ezta?).
- Katebetean ari izan/ibili (Etxarri Aranatz) aditz perifrasia. Estu eta larri ari edo ibili zerbait ezin burutuz edo nekez aurrera ateratzen duela egitekoa. Gaztelaniako estar agobiado ordezkatzen du. Txakurre il dakiyoneti katebetien ziillek arsaldue ezin gobernatus! (Txakurra hil zaionetik katebetean zabilek ardi saldoa ezin gobernatuz!). OEHn perifrasia honen kidekoa izan daitekeen ondorengoa dator: "Lor betean (Estar, etc.) agobiado. Seiak jo arte ezin erten / aspertzen naiz, lor betean / büro zikintsu batean. Mde Po 41."
- Kate motzean/motzarekin lotu (Sakana) aditz perifrasia. Norbait edo zerbait estu hartu, oso hurbiletik zaindu, arazorik sor ez dezan. Athletickek irazi nei bau, kate motzaki lotu berko dik Messi. (Athletickek irabazi nahi badu, kate motzarekin lotu beharko dik Messi). EHn, 'kate' sarreraren hirugarren adierako adibideen artean, ondorengoa daor: "Gure erantzukizuna baitzen kate motzean loturik edukitzea gazte zoro hori." Nafarkaria aldizkarian (2001-04-06) "Iruñerriko euskara?" izenburupekoan ondorengo testua dator: "(…) duten autoen segimendua egiteko soilik kontratatu gintuzten". Ramon Dornier enpresarekin ere haserre dago, langileak kate motzean loturik dauzkatelako. "Egunero ikuskatzaileen bisita jasotzen dugu, lana behar bezala betetzen ari ote garen ikusteko (…)"
- Kia! (Sakana) esapidea. Ezeztapena adierazten du. Ados ez gaudelako edo, besterik gabe, gure erantzuna ezezkoa dela esateko. Nire ustean gaztelaniako ¡Qué va! esamoldetik dator: queva > kea (bokal arteko kontsonantearen erortzea) > kia (diptongazioa). Hala izatekotan, beti zentzu negatiboa du eta harridura moduan agertzen denean ere, kutsu negatiboa dauka, "Ez da posible!". -Gustetzen zikiyok ii aneyai turrona? -Kia! Ez tek sekule jaten ikusko! (-Gustatzen zaiok hire anaiari turroia? -Kia! Ez duk sekula jaten ikusiko!). Horrela dator OEH-n: "1 kia (AN-araq ap. Satr VocP). Interjección. Puede tener sentido negativo: ¡ni hablar!, o puede ser admirativa: ¡es posible! Satr VocP. Dirua egiteko burutsua izan bear dala? Kia! Ez nago orretan. Bilbao IpuiB 99 (v. tbn. 106 y 115). Kia, kia! Olan ezin leitekean bizi! Ib. 208. Bai seguru. Kia, kia! Ib. 117."