Astekoa

Alde esan, kontra egin

Erabiltzailearen aurpegia Erkuden Aldasoro Errea 2025ko ots. 24a, 07:54

Influencer bat, planetaren egoera klimatikoaz kontzientzia pizteko edukien sortzaile, ikusleak gutxiago kontsumitzera animatzen, astero produktu berri bat saltzen duen bitartean.

Kirolari bat, kirolen osasungarritasuna aldarrikatzen duena, baina arduratzen ez dena nor duen babesle, eta zer eragin duen jendearengan, dela jokoan dela gerran. Inoiz kanpotar eta baztertu izan zen hori, orain hala diren horietaz kexu, berak bizitakoa ahaztu eta orain haren leku berean dagoen norbaiten kontrako bihurtzen. Bere burua arrazista edo matxistatzat ez duen hori, behin eta berriro kontrakoa adierazten duten moldeetan tinko. Antzezle ezkertiar bat, segurtasun indarrek mugimendu sozialetan egindako infiltrazioak zuritzen dituen film batean protagonista. Urtetan publikoki diskurtso nabarmenki feminista izan duen politikari bat, bitartean, intimitatean, hainbat emakume bortizkeriaz tratatzen.

Celebrity bat, nork bere gorputza onartu behar duelako diskurtsoa darabilena, kameren atzean ebakuntzen eta bestelako kirurgia estetikoen menpe bizitzen. Instituzio bat, armagintza industria ekonomikoki onuragarri gisa bultzatzen, bere burua bakezale eta bakearen gidaritzat etengabe aldarrikatzen duen bitartean. Irakurri zenuen aspaldi, "bost kontraesan baino gutxiago edukitzea dogmatismoa dela". Kontzientziak esaten dizu zentzuzkoa dela. Eta ikusten duzu ez dela zaila gaur egun edonon kontraesan horiek bilatu eta aurkitzea. Eta behin hasita, bost baino dezente gehiago konta daitezkeela pentsatzen hasi zara, zugan, besteengan, guztiongan.